Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/12/10

Abenduaren 10a Nazioarteko Giza Eskubideen eguna

Tolosako Udaleko adierazpena. Gaur goizean Tolosako udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek egin duten adierazpen bateratua
Abenduaren 10a Nazioarteko Giza Eskubideen eguna

Gaurko eguna, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izanik, Tolosako Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien adostasunarekin, egun hau baliatu nahi du: alde batetik Giza eskubide ororekiko konpromiso irmoa adierazteko eta bestaldetik, Eusko Legebiltzarrak onarturiko uztailak 28ko, 12/2016 Legearen babesean giza eskubide urraketa larriak pairatu eta oraindik biktima izaera aitortua ikusi ez duten herritarrei euren eskaerak bideratzeko aukeraren berri emateko.

1948ko abenduaren 10ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren Ituna onartu zuen. Egun hau oroitzeko, landu nahi dugun bizikidetzarekin lotura estua duen Itunaren lehenengo artikulua ekarri nahi dugu gurera: 

“Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.”

70 urtetik gora pasa badira ere, Giza eskubideen aldarrikapena egunero egitea beharrezko izaten jarraitzen du, munduan zehar, zoritxarrez, gertatzen diren eskubideen zapalketek eta bortxaketek lorpen hau zaintzen jarraitu behar dugula gogorazten diguten neurrian.

Tolosako Udala eredu izan nahi du giza eskubideak babesten. Bakearen alde, bizitzaren alde, biktimen alde, justiziaren alde, asilo eskubidearen alde, eskubide sozialen alde, aniztasunaren alde, berdintasunaren alde, bizikidetzaren alde, egunero, herritarrekin batera, lana egiteko konpromisoa hartuz.

Pertsona guztien giza eskubideak errespetatuak izan daitezen egingo dugu lan eta bereziki, indarkeria, gerra, pobrezia, arrazakeria, bazterkeria, bidegabekeria jasan dituztenak babestuz. Errefuxiatuak, baztertuak, jatorri edo erlijio ezberdinekoak, presoak, txiroak, biktimak baitira gure jendarteko pertsona zaurgarrienak.

Udaletxeak beste erakunde asko bezala, giza eskubideen kultura garatu eta sakontzeko konpromiso irmoa  du. Bide horretan, urte luzeetan gure gizartean pairaturiko eta pairatzen diren giza eskubideen urraketei erreparatzea ezinbestekoa da. Indarkeriak eragindako kalte lazgarriak errepara ezinak badira ere, guri erakunde bezala biktima guztiei dagozkien egia, justizia eta aitortza eskubideak bermatuak izan daitezen, gure esku dagoen guztia egitea dagokigu. Biktima guztiei gure babesa adieraziz eta ahal den neurrian jasandako mina arintzen laguntzeko asmoz. 

Biktimei dagozkien egia eskubidea bermatze aldera, Udalak dagoeneko bide bat ireki izan du, zehazki Aranzadirekin egindako hitzarmenaren ondorioz, dagoeneko bi lan argitaratu dira, “Memoriaren izenak. Errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian (1936-1945)” eta “Tolosa 1945-1975. Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean”. Bide honetan hurrengo urratsa, dagoeneko martxan den eta Gertuko memoria bilduko duen azken lana dugu.

Horrez gain, Udaletik ere,  izandako giza eskubideen urraketen biktima guztien aitortza eta erreparazioa ahalbidetze aldera beste erakundeek irekitako bideen berri eman nahi dugu. Ezaguna den bezala, Eusko Legebiltzarrak uztailak 28ko, 12/2016 Legea edo hedabideetan “Polizia abusuen biktimei buruzko legea” bezala ezagutzera eman den legea onartu zuen. Urte honetan egindako azken zuzenketen ondoren, lege honen babesean biktimak aitortzeko eskaerak aurkezteko epea ireki da. Bi dira eskaerak aurkezteko irekitako epeak urraketak pairaturiko garaien arabera:

  • 1979-1999 urteen artean gertatutako kasuetarako bi urtetako epea ireki da.
  • 1960-1978 urteen artean gertatutako kasuetarako epe gehigarria ireki da. Epe hau 107/2012 Dekretuan ezarritako betekizun guztiak bete arren aitortza eta erreparazioa eskatu ez edo epez kanpo eskatu zituzten pertsonei zuzenduta. Kasu honetan eskaerak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 16an bukatuko da.

Gaurtik aurrera, bere eskaera bideratu nahi duten herritarrek Tolosako Udaleko webgunean honako hau aurkituko dute: legearen edukiak, legearen hartzaileak nortzuk direnen inguruko zehaztasun guztiak bai eta eskaerak bideratzeko moduak.

Bukatzeko eta azaldutakoa kontuan hartuta, Tolosako Bozeramaile taldeak, aho batez honako adierazpena onartu du:

1.- Tolosako Udalak eredu izan nahi du giza eskubideak babesten eta konpromiso irmoa  azaltzen du, giza eskubideen defentsa aktiboa egiteko, bai eta bakearen kultura eta balioen hezkuntza sustatzeko. Horrez gain,  indarkeriaren biktima guztiei dagozkien egia, justizia eta erreparazioa eskubideak bermatze aldera bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa azaltzen du.

2.- Tolosako Udala, Giza eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, solidaritatea erakutsi nahi die indarkeria eta edozein giza eskubideen urraketa jasan eta jasaten dituzten biktima guztiei.

3-. Erakunde guztioi dagokigu etorkizun justu, aske eta itxaropentsuaren alde egitea. Horregatik, Tolosako Udalak berretsi nahi du pertsona guztiontzako giza eskubideak babesteko konpromisoa. Ozen esan nahi dugu, Giza eskubideekiko konpromisoak Tolosar guztiok batzen gaituela.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube