Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/11/11

3 milioi euro galdu ditu Eibarko Udalak bi epaiketatan

Udalak martxoan izan zuen sententzien berri, baina PSOEk azarora arte ezkutatu die gainontzeko udal taldeei
3 milioi euro galdu ditu Eibarko Udalak bi epaiketatan

Eibarko Udalak hiru milioi euro inguru ordaindu beharko ditu, hirigintza alorrari lotutako bi operaziotan aurkako epaia jaso ondoren. Batetik, Hiri Antolamendurako Plan Nagusiak Isasi kaleko lurzoru batean ez duelako eraikitzen uzten eta, bestetik, Sakun parkeko desjabetze prozesuko desadostasunengatik.

Martxoan jakinarazi zitzaizkion bi epaiak Eibarko Udalari. PSOEk bakarrik gobernatzen du bertan, eta  informazio hau ezkutuan mantendu du joan den asteartera arte, Eibarko EAJ-PNVk salatu duenez.

Josu Mendicute udal bozeramaile jeltzaleak salatu duenez, “epaiketen funtsaz haratago, ez da onargarria informazio hau ezkutatu izana. Eta argi dago zergatik ezkutatu zuten: udal hauteskundeen bezperetan iritsi zelako".

Mendicutek gaineratu duenez “informazio honen berri ez digute orain arte eman. Eta hala moduz eman digute, gainera, bost minutuan. Bi orduko batzorde batean, gai arruntek hartu zuten denbora gehiena: taberna batean terraza jartzeko eta etxe batean igogailua jartzeko baimenaz luze aritu ondoren, ‘jo ta pasa’ batean eman zuten honen berri, zortzi hileko atzerapenaz”.

“Honi deitzen al diote gardentasuna?”, galdetu du. “Informazioa interes politikoak baldintzatzen duenean, hori ez da gardentasuna. Zuriketarako propaganda da, gobernu txarraren praxia zuritzeko propaganda”, esan du.

Sententziek ez dute zehazten ordaindu beharreko diru kopurua, baina bai kalkulurako irizpideak. Horien arabera, betiere udal teknikarien kalkuluak aintzat hartuz, diru publikoaren galerak hiru milioi euro ingurukoak izango dira. “PSOEk martxoan bazuen honen berri, eta sententzia momifikatuta izan du orain arte”.

Horregatik guztiagatik, Eibarko oposizioko liderrak exijitu du “informazioa Udalbatza osoari ezagutaraztea, ez bakarrik kasu honi buruzkoa, baizik eta Udalak dituen epaiketa guztiena. Gure eskubidea eta betebeharra da horien berri izatea”. Hori dela eta, Eibarko EAJ-PNV udal taldeak exijitu du udal erakundearen epaiketa guztien berri izatea.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube