Alderdi Eguna 2019

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/09/06

Xabier Balerdik Udalean lan egin ahal izateko utzi duela Osakidetzako kargua argitu du Tolosako EAJ-PNVREN Udal taldeak

Irailaren 2an hasi zen udaletxean lanean Antolakuntza lan-eremuko koordinatzaile gisa, Udalak ezarritako kode etiko eta deontologiko guztiak beteaz. Izan ere legez, bi postuak ez dira bateragarriak eta beraz, udalean bere lana gauzatu ahal izateko utzi dio Osakidetzan lan egiteari hortaz, kargu-uzteak ez du Osakidetzako OPEaren gaiarekin zerikusirik.
Xabier Balerdik Udalean lan egin ahal izateko utzi duela Osakidetzako kargua argitu du Tolosako EAJ-PNVREN Udal taldeak

Keztatuta eta minduta azaldu da Tolosako EAJ-PNVren udal taldea azken aste honetan hedabide ezberdinetan argitaratu diren albiste eta informazio ezberdinak direla eta. Horren harira, udal taldeak zenbait argibide eman nahi izan ditu, gaiak espero ez bezalako zalaparta sortzeaz gain komunikabideek emandako trataera eta ikuskera erabat okerra izan delako eta udal taldeko kide den Xabier Balerdi zinegotziaren jardun profesionala zalantzan jartzeko bidea eman duelako, inozentzia presuntzioa zapuztuz, hau pertsona ororen eskubidea izanik.

Udal taldeak argi utzi nahi izan du Xabier Balerdik Osakidetzako kargua utzi behar izan duela Tolosako Udalean lanean hasi ahal izateko, bi postuak legez ez direlako bateragarriak. Halaber, argitu dute Xabier Balerdi, orain arte, ez dela Osakidetzako “goi kargua” izan, funtzionarioa baizik.

Uztailaren 19an ospatutako Osoko Bilkuran onartu ziren alkateak zein berak izendatutako zinegotzi delegatuen dedikazio eta ardurak, baita dekretua irailaren 1ean indarrean sartzea ere. Hortaz, Xabier Balerdi Antolakuntza lan-eremuko koordinatzaile modura irailaren 2an hasi zen udaletxeanlanean, beste alderdi batzuetako liberatu gehienak bezalaxe. Gainera, ez da aurreko eginbideak utzi behar izan dituen zinegotzi bakarra izan.

Edonola ere, EAJ-PNV udal taldeak argi utzi nahi izan du Xabier Balerdik aurretik zuen lana utzi izanak ez duela zerikusirik Osakidetzako OPEaren gaiarekin. Are gehiago, bere karguan izandako erantzukizunak txukun eta profesionaltasun osoz bete ditu. Xabier Balerdik, beraz, Osakidetzako postua udalean lanean aritzeko utzi du eta esan bezala, ez du zerikusirik  OPEaren gaiarekin.

“Albistea ematerako orduan ez da informaziorik kontrastatu eta ondorioz, informazioaren trataera ez da zuzena izan, gertaerak ez dira behar bezala kontatu eta horrek epaiketa mediatikoa ekarri du eta hori agerian utzi nahi dugu gaur, aipatu guztiak pertsonarengan eta bere senideengan sortzen duen sufrimenduari inork ez diolako erreparatu” adierazi dute udal taldetik. “Gure ustez, informazioak beti izan behar du zuzena eta gardena gizarte demokratiko batean; are gehiago komunikabideen kasuan, zuzenean eragiten dutelako iritzi publikoan eta beraz, erantzukizun eta ardura handia dute” gehitu dute. Hori dela eta, jeltzaleek komunikabideei eskatu diete zintzotasunez eta profesionaltasunez jokatzeko eta albisteak argitaratu aurretik, informazioa kontrastatzeko.

Amaitzeko, EAJ-PNVren udal taldeak Xabier Balerdik emandako pausoa eskertu du baita herriarekin eta herritarrekin herrigintzan aritzeko hartutako konpromisoa ere. “Taldean bera bezalako pertsona bat izatea aberasgarria da oso guretzat, eskarmentu eta esperientzia handiko pertsona baita eta ziur gaude ekarpen handia egingo diola, taldeari eta baita herriari ere, eta ziur gaude bere ibilbide profesionalagatik lan bikaina egingo duela udaletxean datozen lau urteetan” amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube