Alderdi Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/07/17

Aitor Estebanek Pedro Sánchezi eskatu dio eskua luza dezala egunotan Eusko Legebiltzarrean aztertzen ari diren estatus berriaren testuaren inguruko akordioa lortzera begira

Bozeramaile jeltzaleak Gobernuko Presidentea animatu du “mugitzera eta espetxe legeria betetzera”. Halaber, Oroimen Historikoaren Legearen kudeaketa aktiboa eskatzeaz gain proposatu dio Sekretu Ofizialen Legea norabide zuzenean desblokeatzea

Aitor Estebanek, EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeko bozeramaileak, Espainiako Presidentearekin bat egin du gaur eta adierazi du beharrezko gertatzen dela denok “eskua luzatzea” eta legealdiari aurre egitea, baina Pedro Sánchezi eskatu dio euskal autogobernuari dagokionez, egunotan, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren gaiaren inguruan “berdin egin dezatela, `ezetzean tematuta´ jarraitzen badute oso zail gertatzen delako akordioetara iristea. Gu akordioetara iristeko prest gaude baina horretarako behar da parte biek nahi izatea eta PSOEk argi eta garbi esan behar du zertarako prest ote dagoen”. Sánchezek bere Gobernu egitasmoa azaltzeko agerraldiaren kariaz, Estebanek esan du Presidenteak “erronka garrantzitsuari” ekin behar diola, hau da, Estatu egituraren inguruan dagoen polemikari, Katalunia eta Euskadi oinarrizko elementu gisa, eta “aurre egitea” eskatu dio “erronka bada ere, aukeratzat har daitekeelako”. Zentzu berean baieztatu du gaur egungo egoera “hobea” dela elkarrizketari ekiteko orduan eta gaineratu duenez “ez luke akordiotxo puntualekin konformatu behar, eta adoretsu eta ausarta izan behar luke denboran iraungo duten akordioak lortuko badira”.

Beste alde batetik, Aitor Estebanek Pedro Sánchez animatu du “mugitzera eta espetxe legeria betetzera; azken finean, urratsak ematera, garrantzitsua izango delako Euskadin elkarbizitza hobetzera begira, biktimei eta beren kolektiboei behar duten arreta emanez, errespetuz eta lehen lerroan jarriz”. Estebanek tribunatik esan duenez “ez dago Gobernurik presoekin hitz egin ez duenik” eta Espainiako gobernuko presidenteari eskatu dio “konplexurik” ez izatea eta “urratsak ematea”, “Euskadiren elkarbizitza hobetzeko pausuak emateko ordua delako”.

Oroimen Historikoari eta Rodríguez Zapatero presidentea zelarik azken Gobernu sozialistak onartu zuen Legeari dagokionez, jeltzaleen bozeramaileak esan du “aukera handiak eskaintzen dituela” eta “ez da gehiegi erreformatu behar, behar dena delako Gobernuaren kudeaketa aktiboa, gai konkretuak bultzatuz”. Edozein kasutan, Estebanek baieztatu du hainbat ekimen legegile daudela Oroimen Historikoarekin “oso lotuta“ daudenak, besteak beste Sekretu Ofizialen Legearen erreforma, Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak bultzatu duena eta Estebanek salatu bezala PSOE alderdiaren aldetik ere “luzaro blokeatuta egon dena”. Orain Taldeek aurkeztu dituzten zuzenketak ezagututa “kezka” eragiten dutela azaldu du. “Biziki kezkatzen naute sozialistek Lege Proiektu honi aurkeztu dizkioten zuzenketak” tamaldu da Esteban. “Zuek ez zaudete 2030 urtera arte ezer desklasifikatzeko prest. Eta agiriak horren orokorki klasifikatzea ez da herrialde demokratiko batean egin beharko litzatekeen zerbait”, salatu du. Horregatik, PSOEri eskatu dio urratsak ematea “Batzordearen baitan eta norabide onean”.

Zentzu berean, Estebanek beste ekimen legegile batzuk aipatu ditu Ganberan “izoztuta” daudenak, besteak beste PPren gehiengo absolutuarekin Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoari egin zitzaizkion azken erreforma biak lehengoratzeko Euzko Abertzaleak taldeak aurkeztu duen proposamena edo `Mozal Legea´ izenez ezagutzen dena. Euzko Abertzaleak taldeak azken hori erreformatzea eskatu du eta Estebanek espero du zentzu horretan “urratsak ematea”.

Beste gai batzuei dagokienez, Aitor Estebanek baieztatu du EAJ-PNVk pentsioen inguruan lortutako akordio “onuragarriaz” aparte, zeinen bidez pentsioak %1,6ra igotzea, alargunen pentsioaren oinarria igotzea eta Iraunkortasun Faktorearen atzerapena lortu den, “jokoan dagoena da Pentsio Sistema bera etorkizunera begira bideragarri izatea”. Ildo beretik Pedro Sánchezi eskatu dio Sistema “premia osoz eta atzerapenik gabe” ziurtatzea. Aldi berean, lan esparruan, Estebanek “ultraaktibitatea berreskuratzeko” prest agertu da “Auzitegi Gorenak 2014 urtean eman zuen epaian ezarrikotik harago” eta gogora ekarri du Euzko Abertzaleak taldeak Zapateroren gobernuarekin akordio bat adostu zuela baina bete gabe geratu zela hauteskundeak aurreratu zirelako. Orduan esaten zena gogoratu du Estebanek, hau da, autonomiako negoziaketa esparrua nagusituko zela sindikatu ezberdinak zeudelako eta berauek estatu mailakoek baino ordezkaritza handiagoa zutelako.

Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak ontzat jo du Gobernuko presidenteak defizit muga malgutzeko iragarri duen erabakia, EAJ-PNVk luzaro eskatu duen zerbait, baina era berean eskatu du gastu muga ere malgutzea “aldatu ezik ezin delako gastua igon diru-bilketak gora egin arren; egin behar dena da muga hori berrebaluatu eta birformulatu”.

Zerga politikari dagokionez, Estebanek Sánchezi ohartarazi dio Euskadiren kasuan zergen aldarazpenak “zehaztu beharra” dagoela eta esan du zerga batzuk ez direla “kalterik gabeak”. Horregatik eskatu dio “aldez aurretik neurri horien inguruan hitz egitea”.

Bozeramaile jeltzaleak Euzko Abertzalearen kezka azaldu du Europan Estatuen azpiko esparruetan kokatuta dauden errealitateen presentzia “oso portzentaje altuan” mugatzea erabaki dela ikusirik “errealitate horiek oso garrantzitsuak dira erregio mailan eta Autonomi Erkidegoei dagokienez” Europako hurrengo hauteskundeei begira. “Ez da ona hori gertatzea Europak ahotsen aberastasuna galduko duelako eta ahots horiek, gainera, europazaleak dira”, kritikatu du. Zentzu berean, Estebanek deitoratu du Espainiak barruti bakarra duela Frantziak eta Erresuma Batuak, besteak beste, halakorik ez duten bitartean. Europako Kontseiluak inmigrazioaren esparruan hartutako azken akordioei dagokienez, Aitor Estebanek salatu du ez dela politika integralik egingo eta “erabaki indibidualak” baino ez direla hartu “etorkinen kokapen eta mugimenduari dagokionez Europak bere arau propioak ezarri beharko lituzkeen arren”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...