Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/07/19

EAJ-PNVK Agustina Otaola omenduko du Madalenetako X. Haurren Krosean

Ohitura osasungarriak sustatzea eta kirola eginez haurrek ondo pasatzea helburu duen lasterketan parte hartzera animatu dituzte jeltzaleek errenteriako neska-mutikoak. Aurtengo omenaldiak helburu bikoitza betetzen du, Agustina Otaolaren kirol ibilbidea aintzatestea eta emakumezkoen kirola bistaratzea.
Errenteria

Errenteriako EAJ-PNVk prentsaurreko bidez aurkeztu du gaur urtero antolatzen duen Madalenetako Haurren Krosaren  X. edizioa eta aurtengo omenduaren izena ezagutzera eman du.

Urtero bezala, Errenteriako EAJ-PNVk antolatutako haur krosa ospatuko da Madalenetan, uztailaren 24ean. Elixabete Murua, Errenteriako EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren lehendakariak azaldu duenez, lasterketa 3 mailatan banatuko da: txikienak (2008-2009 artean jaiotakoak), kimuak  (2006-2007) eta haurren mailakoak (2004-2005). Txikienek  850 m. egingo dituzte, kimu edo alebinek 1000 m eta azkenik, haurren mailakoak 1500 metrotan arituko dira lasterketan hiri erdigunetik.  “Batzoki paretik irtengo dira, Koldo Mitxelena plazan, 12:00etan eta beste urteetan bezala, aldagelak ezarriko dira Batzokian parte hartzaileentzat” jakinarazi dute. Lasterketa antolatzaileek sariak banatuko dizkiete garaileei eta sari banaketarekin batera Agustina Otaolari omenaldia egingo zaio.

Errenteriako EAJ-PNVk urteak daramatza kirolaren aldeko autua eginez herriko kirol talde eta kirolariak omentzen, helburu hartuta haien lana eta ibilbidea balioan jartzea eta Errenteriako kirolaren alde egiten duten ahalegina aitortzea.  Aurten jeltzaleek Agustina Otaola omenduko dute, ez bakarrik bere kirol ibilbideagatik, emakumezko kirolarien erreferente gisa ere bai, gaur egun, oraindik, emakumezkoen kirola gizonezkoenaren aldean ezkutuan geratzen baita.

“Agustina Otaola Errenterian jaio zen 1931an eta txikitatik bere anaia Victorianorekin pilotan aritzen zen, lehenik familiaren negozia zegoen eraikinaren paretan eta aurrerago Errenteriako Batzoki zaharreko frontoian. Oso gazte joan zen Madrilera, 14 urte besterik ez zituela, han raketan aritzen ziren 4 izeba baitzituen eta 15 urterekin raketista profesional bezala debutatu ondoren, arrakastaz beteriko kirol ibilbidea izan zuen 41 urterekin erretiratu zen arte. Agustinak Madrilen jokatu zuen batez ere, baina baita Bartzelonan eta Habanan ere. Frontoi gehiagotan jolasteko eskaintzak izan zituen, tartean Mexikon, azkenean han jokatzeari uko egin bazion ere. Karakter gogorreko emakumea, lankideren batekiko justua ez zen jarreraren bat sumatzen bazuen, dudarik gabe egiten zuen bere alde. 2015eko madalenetan, Udalaren aldetik merezitako omenaldia jaso zuen eta omenaldi horrekin bat egiten dugu guk ere alderdi bezala. Geroztik, Errenteriako frontoiak bere izena darama, honetan ere aitzindari bihurtuz, bere izena daraman frontoia duen lehen emakumea izan baita. Frontoi horretan jokatzen du, gainera, Batzokiko Kirol Taldeak, gure pilota taldeak” azaldu du Elixabete Muruak.

Jeltzaleek adierazi dute Errenteriako EAJ-PNVk urtero antolatzen duen lasterketak helburu bikoitza duela aurtengoan, haurren artean ohitura osasungarriak sustatzea eta kirola praktikatuz, jaien baitan, haurrek ondo pasatzea eta gainera, Agustina omenduz emakumezkoen kirola bistaratzea eta kirola praktikatzen duten neskatoentzat erreferente bat erakustea.

Jeltzaleek, Errenteriako neska-mutiko guztiak lasterketan parte hartzera animatu dituzte. Lasterketaren amaieran, indarrak berreskuratzeko, “luntxean” jaki goxoak ere izango dituztela jakinarazi dute. Parte-hartzaileek, egun berean, 10:00etatik aurrera izena eman ahal izango dute Batzokian eta bertan lasterketarako kamisetak banatuko zaizkie.

Azkenik, EAJ-PNVk, eskerrak eman nahi izan dizkie laguntza eman duten erakunde eta komertzio guztiei:  Ayestaran bitxitegia, Iparbus, Super BM, Frutas Rosarito, Bar Juli, Irrintzi taberna, Batzokia jatetxea, Errenteriako Udala eta bereziki, antolakuntzan asko laguntzen gaituzten Club Atlético  Renteria-ri.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube