Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/07/02

EH Bildu eta Errenteria Irabazizek udal kudeaketaren erabilera politikoa egiten dutela salatu du Errenteriako EAJk

Udazkenean, gainerako tasen aldaketarekin batera aztertu ordez, ekaineko osoko bilkuran, udal gobernu taldeak zaborren tasa igotzea erabaki du. “Lotsagarria iruditzen zaigu udal kudeaketari eragiten dioten erabakiak garai politiko eta udalaz haratagoko kontuen arabera hartzea”
Errenteriako udal taldeak Markel Olanori bere egit

Ekaineko Ogasun Batzordean, EH Bildu eta Errenteria Irabaziz taldeez osatutako gobernuak, zaborren tasa igotzea proposatu zuen, 2017an aplikatzeko. Momentuan bertan, EAJ-PNVren eta PSE-EEren udal taldeek beren desadostasuna adierazi zieten gaia ez zelako aurretik ingurumen batzordean jorratu eta kontuan izanik asmoa 2017an ezartzea zenez, ez zegoela inolako presarik.

“Tasen aldaketa Ogasun Batzordera eraman izanak, aurretik Ingurumen Batzordetik pasa gabe, zalantzak sortu zizkigun, hare gehiago presarik ez zegoelako” azaldu dute jeltzaleek. “Ez da harritzekoa tarteka tasetan aldaketak egotea, tasa guztien berrikuspen eta azterketa orokorretik kanpo, baina betiere aldaketa arrazoitua badago; adibidez, euskaltegiko eta musika eskolako tasak ikasturte amaiera aurretik aldatu behar dira hurrengo ikasturtean aplikatuak izan daitezen. Halere, ohikoa izaten da horiek, lehendabizi, bakoitzari dagokion batzordetik pasatzea” jarraitu dute EAJ-PNVren udal taldekideek, “kasu honetan, arraroa dena da,  bistako arrazoirik gabe  horrelako erabakiak hartzea, gaia dagokion Ingurumen Batzordean jorratu gabe. Zilegi bada ere, ez da ohikoa” gaineratu dute jeltzaleek.

Tasen igoera aipatu batzordean diktaminatu zen, udal gobernu taldearen aldeko eta oposizioaren aurkako bozkekin. Gauzak horrela, gaia joan den astearteko osoko bilkurara eraman zen eta bertan argitu zituzten tasa igotzeko eta gainerakoetatik aparte, eta ez guztiak batera,  moldatzeko arrazoiak. Alkateak berak onartu zuen nahita egin dituztela gauzak horrela, herriak igoeraren zergatiak jakin behar omen dituelako. Udal gobernuaren arabera, zabor tasa igo egingo da aurreko urteko abenduan GHK Gipuzkoa Hondakin Kontsortzioak zaborren kudeaketagatik udalek ordaintzen duten tasa igo zuelako. EH Bilduren iritziz, igoera hau erraustegia eraikitzeko da “eta hau erabat faltsua da” baieztatu dute jeltzaleek, “igoera beste arrazoi batzuengatik da, hala nola, GHK-ko administrazio kontseiluan Bildu egon zen bitartean ez zutela aurrekonturik onartu, horregatik, orain, administrazio kontseilu berriak kontuak eguneratu behar izan ditu, 3 urteko atzerapena zutelako. Gainera, jakina da, zaborren gaiari dagokionean, Aldundian EH Bilduren kudeaketak arazo larria sortu duela, aurreikusiak zeuden azpiegiturak bertan behera utzi eta irtenbiderik bilatu ez zutelako. Ondorioz, orain, Kantabriara eraman behar ditugu gure zaborrak, horrek dakarren kostuarekin” adierazi du EAJ-PNVren udal taldeak.

Horiek horrela, udal kudeaketa, etengabe manipulatzen ari diren balorazio energetikoaren plantaren inguruko eztabaida pizteko erabiltzea deitoratu du EAJ-PNVk. “Adostasun handi batekin erabaki zen instalazio hau eraikitzea, egun EH Bilduren parte den EAk ere aldeko jarrera erakutsi zuelarik, baina EH Bilduk guztia paralizatzea erabaki zuen”. “Badirudi EH Bildu noraezean dabilela proiektu propiorik gabe eta herritarren artean, oinarririk gabeko beldurrak sustatzea besterik geratzen ez zaiola dirudi”.

“Beraz, gezurrak esanez errealitatea manipulatu eta eztabaida sustatu nahi badute ere, herritarrei kobratuko dieten tasa da, beraiek hala erabakita igo dutena eta udal diru-kutxetara joango dena” esan dute jeltzaleek, “espero dugu, behintzat, baliabide horiek behar bezala kudeatzea, udaletik haratago dauden eztabaidak sustatzen eta manipulatzen ibili ordez” amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube