Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/10

Lehendakariak babesa eman die Goiari eta Olanori Donostian eta Gipuzkoan herritarrek eskatzen duen aldaketa positiboa gidatzeko

Ezker abertzalearen inposiziotik urrun, herritarrak entzun eta errespetatzeko konpromisoa hartu dute bi hautagai jeltzaleek
Lehendakariak babesa eman die Goiari eta Olanori Donostian eta Gipuzkoan herritarrek eskatzen duen aldaketa positiboa gidatzeko

Iñigo Urkullu Lehendakaria Donostian izan da, gaur, babesa emateko Gipuzkoako Aldundirako eta Donostiako Alkatetzarako hautagaiei, Markel Olanori eta Eneko Goiari. “Herritarren benetako beharrak entzun eta programa sendo bat prestatu duzue Donostia eta Gipuzkoa hobe bat eraikitzeko. EAJ-PNVk aldaketa positiboa ekarriko du Donostia eta Gipuzkoarentzat, garapena, hazkundea, enplegua eta ongizatea oinarri hartuta”, ziurtatu du.

Lehendakariak esan duenez, EAJ-PNVk proiektu bat eskaintzen du, apaltasun osoz, Donostia eta Gipuzkoa “ireki, berpiztu eta aurrera ateratzeko”. Hori lortzeko, adierazi du “akordioan eta zorroztasunean” oinarritutako eredua aplikatuko dutela, pertsonak lehentasun guztien gainetik jarriko dituena.

Jeltzaleek Donostia eta Gipuzkoarentzako “etorkizun hobea” nahi dutela adierazi du. Eta, horretarako, proposamen zehatzak dituztela, guztiak konpromisoan, lankidetzan, kooperazioan eta akordioan oinarritzen direnak. Izan ere, argudiatu du ezinbestekoa dela “elkarrekin planifikatu, jorratu eta lortzea”, uste baitu “denon laguntza beharrezkoa dela aurrera ateratzeko”.

Donostiako Alkatetzarako hautagaia, Eneko Goia, “donostiarrek beti erakutsi duten batzeko ahalmenari” buruz mintzatu da, ezaugarri horri esker gainditu dituztelako arazoak eta egin dutelako beti aurrera. “Batzen garenean gauza handiak egiten ditugu. Duela 200 urte egin genuen geure hiria berriro eraikitzeko, eta ziur naiz orain ere hala egingo dugula azken lau urteetako egoera gainditu eta etorkizun hobea bermatzeko”, adierazi du.

Goiak ziurtatu du hiritarren batasuna “inoiz baino beharrezkoa” dela hiriak behar duen aldaketa lortzeko.Ildo horretan, aurreratu du berak gidatuko duena espartinaren kanpaina izango dela, jendearekin egon eta EAJ-PNVren proiektua ilusioarekin ezagutarazteko kanpaina, alegia. “Beste batzuk gurekin polemika antzuak bilatu nahian dabiltza, baina gu gurera joango gara, sinesten dugun Donostiaren alde daukagun onena emateko”, ondorioztatu du.

Jarraian, Aldundirako hautagaiak, Markel Olanok, lurraldeko enpresen indarra nabarmendu du, eta egitura hori erakundeetatik sendotzeko beharra berretsi du. Zentzu horretan, gogoratu du EAJ-PNVk lau konpromiso zehatz hartu dituela enpresei laguntzeko, langileen parte hartzea bermatzeko, enpresen aldeko zerga-tratamendua bultzatzeko eta zientzia eta teknologia transferentzia bermatzeko.

“Hori da gure argazkia eta irudia. Eta zein da Bildurena?”, galdetu du, ezker abertzaleak sustapen ekonomikorako partida ekonomikoa hirutik batera murriztu duela salatzeko. “Zein izan da Gipuzkoako langileentzat Bilduk egin duen ekarpena? Zero. Enpresengandik urrun egon dira, mesfidati”, salatu du.

Ondorioztatu du arlo ekonomikoan ere “talka garbia” dagoela EAJ-PNV eta Bilduren ereduen artean. Eta amaitu du esanez “Gipuzkoan aldaketa ezinbestekoa dela, eta aldaketa hori EAJ-PNVren eskutik bakarrik etorriko dela”.

Zentzu berean hitz egin du Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek. Ziurtatu du jeltzaleak Donostian eta Gipuzkoan gobernatzeko prest daudela, azken lau urteetan oposizio eraikitzaile eta alternatiboa egin ondoren etxeko lanak eginak dituztelako. Gaineratu du EAJ-PNVren aldeko beste arrazoi historiko bat dagoela: Alderdiak beti errespetatu izan dituela pertsona guztien giza eskubideak, 1948. urtean Giza Eskubideen Aldarrikapena onartu zenetik.

Halaber, esan du EAJ-PNVk Euskadiren hazkunde ekonomikoa bultzatu duela justizia soziala oinarri hartuta. “Batzuk, 40 urte berandu ailegatu ondoren, diote ez dutela atsegin eredu hori, eta gizartea indargabetzen saiatzen ari dira herritarrak kontrolatzeko. Hori da ezker abertzalearen identitatearen ezaugarria, lehen beste batzuk, beste modu batera kontrolatu eta baldintzatzen zutelako politika”, salatu du.

Egibarrek ziurtatu du Gipuzkoa ez dagoela lokartuta, indarra eta kemena daukatela gipuzkoarrek, eta erakundeek ezin dutela gizartea ordezkatu. “Blokeo eta paralisitik atera behar gara. Ezker abertzaleak ez du estrategian asmatu, eta Herri honetako ehunka familia irteerarik gabeko kalezulora eraman ditu. Indarkeria hori izan da: irteerarik gabeko kalezuloa. Eta gizarte osoa geldiarazi nahi dute. Guk hazi arazi eta beraiek geldi arazi. Gu aurrera, eta haiek atzera”, adierazi du.

“Konpromiso etiko, politiko eta demokratikoaren aldeko apustuarekin jarraituko dugu. Herri bat gara. Nazio bat gara. Eta pausoak eraginkorrak izan behar dira. Gizarte osoarekin. Akordioaren bila, betorik onartu gabe. Nazio bat garelako eta gure etorkizuna erabaki nahi dugulako”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...