Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Txingudi badiako oinezkoentzako eta bizikletentzako lotura: EAJ-PNVren hauteskunde programako apustu sendoa
Ibaiertzetik igarotzen den ibilbidearen aldeko apustua egiten dute jeltzaleek eta beste administrazioekin elkarlanean, datorren agintaldian Udaletxetik proiektuari bultzada emateko konpromisoa azaldu dute. Proiektuaren potentzial turistikoa eta eskualdeko zein hiriko mugikortasunean, auzo desberdinen arteko lotura erraztuz, ekarriko duen hobekuntza nabarmendu ditu Xabier Iridoyk.
Xabier Iridoy EAJ-PNV Udal Taldeko bozeramaile eta Irungo alkatetzarako hautagaiak jeltzaleek beren hauteskunde programan eramango duten proiektu nagusietako bat aurkeztu du gaur goizean eskaini duen prentsaurrekoan. Miren Guezuraga bere hautagaitzako kidearekin batera, Txingudi badiako hiru udalerrien bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbidezko loturaren alde EAJ-PNVk egiten duen apustua berretsi du Iridoyk, eta datorren agintaldian, beste administrazioekin elkarlanean, Udaletxetik proiektuari bultzada ematen jarraitzeko konpromisoa azaldu du.
Hautagai abertzaleak gogora ekarri du EAJ-PNV 2013ko apirilean hasi zela planteamendu hori lantzen Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta urte hauetan irmo mantendu du bere apustua administrazio guztien inplikazioa lortzeko helburuarekin. «Irunerako eta eskualderako proiektu oso garrantzitsu eta estrategikoa da, eta horregatik lortu nahi izan dugu eskumena duten erakunde guztien babesa» adierazi du Iridoyk. Halaber, hilabete hauetan, Plan Zuzentzailea lantzearekin, Txingudi eremuan urrats garrantzitsuak eman direla azaldu du, plan horrek, besteak beste, Hendaia, Irun eta Hondarribiaren loturarako alternatiba desberdinak zehazten dituelarik.
Alternatiba horien artean, Plaiaundi Institututik, Pierre Lotti eta ibaiertzetik barrena, nazioarteko zubietara doan ibilbidearen aldeko apustua egiten du EAJ-PNVk. Lotura ikusteko, bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea irudikatzen duten bideoa eta irudi birtualak aurkeztu dituzte jeltzaleek. Modu honetara, bidegorriaren ibilbideko puntu esanguratsuenak erakutsi dituzte.
Plaiaundi Institutuko atzeko aldea, egun utzikeria egoeran aurkitzen dena, leheneratutako eremuan bilakatuko da, eta bertatik igarotzeko aukera izango dute oinezkoek zein txirrindek. Bideak Pierre Lotti-tik jarraituko du Bidasoa ibaiertzera iritsi arte, «gaur egun ezezaguna eta iristeko zaila den puntua da eta badiara eskaintzen dituen bista ederrengatik berreskuratu beharreko gunea» baietsi du Iridoyk. Hortik Santiago zubirako igarobidea Adif-eko trenbide azpiko pasabidearekin eta, tren geltokiaren parean, Euskotren-eko trenbide azpiko pasabidearekin konponduko litzateke. Ondoren, dagoen kota desberdintasunari Santiagoko Interpretazio Zentrorainoko arrapala bikoitzarekin emango zaio irtenbidea.
Ibilbide horren erakargarritasuna eta proiektuaren alderdi turistikoa balorean jarri nahi izan ditu Xabier Iridoyk, gure hiriko eremu natural pribilegiatu baten erabilera eta gozamena ahalbidetuko baitu, ingurumenarekiko eta Plaiaundiko parke ekologikoan dagoen fauna eta florarekiko errespetua nagusituz. Horren harira, hautagai jeltzaleak adierazi du eremu horietan ezinbestekoa dela «aisialdiaren eta ingurunearen kontserbazioaren arteko kontziliazioa». Era berean, bide berri horrek eskualdeko zein gure hiriko mugikortasunean ekarriko duen aurrerapausoa nabarmendu du, Anzaran eta El Pinar auzoak Santiago, Dunboa eta Palmera-Monterorekin lotuko baititu.
Azkenik, proiektua bide onetik aurrera dihoala baietsi du Xabier Iridoyk, eta bere poza adierazi du Eusko Jaurlaritzak berriki aurreproiektua esleitu duelako. «Gainera, gure udal taldearen ekimenez, 2015eko aurrekontuak 100.000 euroko partida jasotzen du Txingudi badiako hiru udalerrien loturan pausuak ematen jarraitzeko» amaitu du.
Nabarmenak...
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


