Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk oñatiarren iritzia jasotzeko parte hartze ekimen berria jarri du martxan
Esku-orriak bidaliko eta zuzeneko parte hartze bideak jarriko dituzte herritarren eskura oñatiarrek beren ekarpen eta proposamenak egin ditzaten. Ekimenak helburu du datozen udal hauteskundeetarako programa herritarren ekarpenekin aberastea eta beraiekin elkarlanean osatzea, horregatik, Elgarrestak oñatiarrak parte hartzera animatu ditu
Oñatiko EAJ-PNVko alkategai Miren Elgarrestak prentsaurreko bidez ezagutzera eman du EAJ-PNVk oñatiarren iritziak jasotzeko helburuz martxan jarri duen parte hartze ekimen berria. “Nire asmoa gaur, ekimen honen xehetasunak azaltzea da, jarraitu du Elgarrestak, oñatiarren kezkak eta beharrak ezagutu eta proposamenak jasotzeko esku-orria bidaliko dugu etxeetara eta bestelako zuzeneko parte hartze bideak ere jarri ditugu herritarren eskura beren ekarpenak egin ditzaten; beraz, aurrera eraman nahi dugun ekintza hau oñatiar guztiei zuzendua dago eta datozen hauteskundeei begira prestatu nahi dugun programarekin zerikusi zuzena du”. Horiek horrela, ekimenak helburu du oñatiarrekin elkarlanean Oñatirako proiektua lantzea eta herritarren ekarpenekin udal hauteskundeetarako programa osatu eta aberastea.
Elgarrestak azaldu duenez, Oñatiko EAJ-PNV dagoeneko hasia da udalerriko eragile desberdinekin biltzen, bai gizarte eragileekin, zein eragile ekonomiko eta kultura eta kirol eragileekin ere. Positibotzat jo ditu alkategaiak aipatu bilerak eta aberasgarriak izaten ari direla ere adierazi du, “baina beharrezkoa da urrats bat gehiago ematea eta herritar norbanakoen iritzi, behar eta proposamenak entzun eta jasotzea” gehitu du. “Jakin badakigu hauteskunde programak ez direla eta ezin direla bulego itxi batean asmatu edota garatu ere; EAJ-PNVn argi dugu, nahitaez, herritarrekin elkarlanean erabaki behar dugula datozen lau urteetan garatu nahi izango dugun programaren edukia” adierazi du. “Dudarik gabe eguneroko bizitzak eskaintzen dizkigun esperientziatik jakiten dira, zuzen zuzenean, zeintzuk diren gure premiazko beharrak” esan du Miren Elgarrestak. Era berean, herritarrek etorkizunera begira amesten dituzten edota gauzatu nahiko lituzketen eta egingarriak liratekeen proiektu txiki zein asmo handikoak ere jaso nahi dituzte jeltzaleek.
Alkategaiak azaldu du oñatiarrek beren ekarpenak helarazteko egin behar dutena dela, iritzi-papera bete, gutunazalean sartu eta postontzian utzi, gutunazalak ez baitu zigilurik behar. “Modu berean, zuzeneko komunikazio bideak ere dituzue zuen eskura, esan du, hala nola, eajonati@gmail.com helbide elektronikoa; facebook.com/eajpnvonati orrialdea; @eajpnvonati Twitter kanala eta eajpnvonati.wordpress.com bloga.
Amaitzeko, Elgarrestak oñatiarrak ekimenean parte hartzera animatu ditu eta hitz eman du jasotako ekarpen oro aztertuko duela bere lan taldearekin, jakinik guzti-guztiak ezingo direla gauzatu, epe motzera bereziki, “baina oñatiar guztiei adierazi nahi diegu guztiak kontutan izango ditugula eta ideia guztiak aztertuko ditugula, ahal den neurrian, gehienak aurrera eramateko; gure asmoa baita, jasotako ideiak errealitate bihurtzea” amaitu du.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/02/03
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


