Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/06/11

EAJk Javier Zubizarreta izendatu du 2015eko udal hauteskundeetara hautagai independente bezala aurkezteko

Javier Zubizarreta aurkeztuko da alkategai moduan EAJ/PNVk osatzen dituen zerrendetan 2015eko udal hauteskundeetarako. Zubizarreta hautagai independentea izango da.

“Axkoitti axkoittiarrentzat” lelopean, Javier Zubizarretak bere herriaren alde lanean jarraitzeko erabakia hartu du, Azkoitiaren alde. Bizkargiko etxe zaharra izan zen bere jaiotzaren lekuko. Azkoitian igaro zuen haurtzaroa, gaztaroa geroago, eta orain heldutasuna.
EAJk Javier Zubizarreta izendatu du 2015eko udal hauteskundeetara hautagai independente bezala aurkezteko

Ezkondua, bi seme-alaben aita, askorentzat Anaitasunan azken urteotan egindako lanagatik da ezaguna. Klubaren presidentea izan da azken bost urteotan, aurretik beste hainbeste eman ostean idazkari eta diruzain karguan (1980-1985). Ez du elastiko gorria izerditu baina oso barruan darama. Futbola, parrokiako abesbatza eta enpresa dira Zubizarretaren jarduna eta denbora mugatzen dutenak. “Lehenengo biak -dio- borondatezkoak eta hirugarrena, ogia irabazteko”.

Unibertsitatea utzi zuenetik, enpresa munduan erabat murgilduta bizi izan da. Besteren kontura egin zuen lan zenbait urtetan, beste bi bazkiderekin, enpresa propioa sortu zuen arte. Zorrotza, tematia nahi duenerako, arrazoiarekin irabazi du kudeatzaile onaren eta hitzeko gizonaren izena. Ez alferrik, 40 urte daramatza gestioan, “egokitu edo desagertu beste aukerarik ematen ez duen mundu honetan”.

Etorkizuna hobea izango denaren konbentzimendu osoa du. “Edo gutxienez, ez dut hobea izateko saiakera egin gabe geratu nahi. Herri batean, beti dago ezkutuko sufrimendu asko eta are gehiago, krisi garaietan. Bizitza samurra ez da baina eramangarriagoa egin dezakegu. Lorpen handiak pausoz pauso lortzen dira, ukitu txikiekin”.

Garbi hitz egiten du. Hauteskunde programan islatuko diren proposamen, ideia eta ekimen ugari ditu buruan bueltaka. “Baina oraindik ideiak sakondu egin behar ditugu. Ez dut nahi egingo ez dudana eta beteko ez dudana agintzea. Lantalde bat gaude lehenengo zirriborro bat jorratzen, ikusten zeintzuk diren benetan azkoitiarren arazoak, zer behar duen jendeak, zer egin herria hobetzeko… ekarpenak jaso eta batik bat, entzuten ikasten, ea zer esaten diguten azkoitiarrek. Bigarren fase batean, proposamenak gutxitu eta gauzatu ditzakegun haiekin geratuko gara; utopia darienak baztertu eta errealitatera jaitsi beharko dugu. Agindutakoa egingo dut. Eta azkoitiarrekin. Bulegoetan politika asko egin da eta aldaketa bat eman behar da”.

“Ni ez nago trintxera politika egiteko. Denontzako dago tokia. Indarkeria atzean uzten goazen heinean -utzitako arrastoa borra-ezina den arren- uda politikaren ariketa gauzak txukun egitean datza eta benetan azkoitiarrei hobeto bizitzen lagunduko dien proiektuak gauzatzean. Mende bat baino gehiago duen alderdi baten siglen ordezkaritza hartuko dut, baina independente modura. Hain justu, siglez haratago, herrigintzan, auzolanean sinesten dudalako”.

“Nire erronka ekarpen bat egitea da Azkoitia ahalik eta herririk hoberena izan dadin azkoitiarrentzat. Zerbitzuekin eta bitartekoekin, enplegua, hezkuntza eta etxebizitzarekin, adin guztientzat aisia guneekin, patera pisurik gabe, komunikazio hobeekin… Hasita gaude lanean baina dena ondo aztertu behar dugu. Utopian erori gabe eta beteko ez diren promesik gabe”.

Orain bere lanaren abiapuntua da irekita egotea berarekin harremanetan jarri nahi duten pertsona, elkarte edo erakundeekiko. Entzun, informazioa jaso eta horren arabera erabakiak hartu ahal izateko. Gertu egon eta konfiantza eman, hain zuzen. “Axkoitti axkoittiarrentzat lelopean, Zubizarreta zelaia utzi eta kalean murgilduko da, kaleko lanari ekinez. “Aldatuko ez dudana herria da. Beti Axkoitti”, dio

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...