Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/06/09

Xabier Txurruka izango da EAJren Zarauzko alkategai berria

Xabier Txurruka Fernandez izango da EAJren hautagaia Zarauzko alkatetzarako 2015eko maiatzerako aurreikusten diren udal hauteskundeetan. 41 urte ditu, zarauztarra da, eta arkitektoa lanbidez. Azken bi hilabeteetan egindako batzarretan aukeratu dute EAJko afiliatuek. Jeltzaleek Txurrukari eman diote konfiantza zarauztar guztientzat “proiektu ilusionagarria” abaiaraztea helburu izango duen lan taldearen buru izateko: “Gure asmoa da oinarriak jartzea ideia berriak eta kudeatzeko gaitasuna izango duen gobernu eraginkorra osatu ahal izateko, kapaza izango dena Zarautzek dituen behar nagusiei erantzuna eman eta etorkizunerako estrategikoak diren proiektuen garapenean aurre egiteko”.
Xabier Txurruka izango da EAJren Zarauzko alkategai berria

EAJk nabarmendu duenez, “berrikuntzaren” eta “lanerako gaitasunaren” aldeko apustua islatzen du Txurrukak. “Uste dugu Udalak behar duen bultzada berria gorpuzteko hautagairik egokiena dela. Gainera, gure alderdiak berezkoak dituen nortasun zeinuekin bat dator ere: seriotasuna, zorroztasuna eta etika. Geruko pertsona da, umila, baina aldi berean oso ondo prestatutakoa, proiektuen kudeaketan eskarmentu handikoa, eta erabakiak hartzera eta talde lanean aritzera ohituta dagoena”. Hirigintzan prestatutako arkitektoa da Txurruka, 15 urteko ibilbide profesionalean duena, eta neurri handi batean babes ofizialeko etxebizitza promozioen diseinu eta garapenean aritutakoa, bai Zarautzen, non 2008an Salberdingo Planaren erredakziorako lehiaketa irabazi zuen, eta baita Oñati, Eskoriatza, Elgoibar edo Lezon, besteak beste.

EAJren esanetan, ibilbide horri esker, oso ondo ezagutzen ditu Udalaren barne funtzionamendua eta funtzionamendu horri dagozkion tramite eta kudeaketa mekanismoak. 2007Az geroztik da afiliatu jeltzalea, eta azken urtean Zarauzko Uri Buru Batzarreko lehendakari izan da. Euskalduna da, ingelesa ere menderatzen du, eta frantsesa irakurri.

Bere zaletasunen artean, zarauztar kultura eta kirolari lotutakoak nagusitzen dira. Gaztetatik ohiko partehartzailea zen haur eta gaztetxoentzako literatura lehiaketetan, hala nola Salbatore Mitxelena edo Urruzunon; marrazkikoetan, pinturakoetan, edota hondarrezko eskulturekoetan Zarauzko eta Donostiako hondartzetan. Eskulanak ere gogoko diu. Koadrilen eguneko lehen edizioetan paseatu eta erretzen zen maskota egiten zuen, eta urte askoan zehar euskal jaiko karrozak egiten laguntzen zuen Artezaleakekin, eta baita Bizar Zuri eta Erregeen Kabalgatakoak ere, Schola Cantorumekin. Iaz, hain justu, Zarauzko Udalak berak egindako kartel bateko irudia aukeratu zuen Euskal Jaiak iragartzen zituen esku-programa ilustratzeko. Teknologia berriak jarraitzea ere gustuko du, eta sare sozial desberdinetan parte hartzen du.

Herriko kirol bizitzan izan duen jarduera eta inplikazioa ere nabarmendu behar dira, parte hartu baitzuen hainbat ekitaldi herrikoiren antolaketan: Zarauzko San Silbestre lasterketako lehen edizioetako bultzatzaileetako bat izan zen eta eskola mailako atletismo probetan ere lagundu zuen, Antoniano Kirol Elkartearekin: “Herrigintza eta elkartegintzari irmo atxikitako pertsona da, eta horrek balio gehigarria ematen dio gure ustez gure hautagaiari”, azaldu du EAJk.

Txurrukak Imanol Lasaren lekukoa hartuko du. Lasa izen zen jeltzaleen zerrendaburua azken bi Udal hauteskundeetan, eta haren papera goraipatu eta eskertu du EAJk. “Lan eskerga egin du, oso une zailetan alderdia finkatuz eta duen babesa nabarmen handituz, zarauztarrontzat gobernu aukerarik sendoena bihurtzeraino. Bere inplikazioa erabatekoa izan da. Inguruan izan dituen zinegotziekin taldea osatzeko gai izan da, eta ordezkari publiko gisa oso gertukoa izan da herritarrekiko. Beti egon da prest hitz egin eta entzuteko”.

Zarautz Prest

Hemendik aurrera, Xabier Txurrukaren ardura nagusia izango da, EAJk Zarauzko Gobernurako izango duen “bide orria” egiteko, lan taldea osatu eta proposamen inportanteenak biltzea. Helburu horrekin, irakarri dute “Zarautz Prest” izeneko dinamika jarriko dutela martxan. Zarautz Prest-en barruan sei lan talde osatuko dira, honako alorren inguruko neurri eta proiektuak landuko dituztenak: “Ongizatea, Ekonomia, Gobernu Ona, Etxebizitza, Hirigintza eta Azpiegiturak, eta Herrigintza”.

Herritarrei irekitako talde hauek ideia, iradokizun eta proposamen berriak jasoko dituzte, orain arte EAJk pilatutakoei gehituko zaizkienak. Izan ere, legealdi honetan jeltzaleek hainbat bilera eta harreman izan dituzte elkarte, norbanako, eta kirol, kultura, ekonomia edo gizarte arloko eragileeekin. “Zarautz Prest ekimeneko bigarren zatian, gure egitasmoa partekatu eta kontrastatuko dugu haiekin guztiekin”.

Jeltzaleen arabera, “herritar eta eragileekin egindako elkarlanari esker, gure herriak dituen behar, erronka eta lehentasunak nahiko ondo islatzen dituen argazkia lortu dugu. Orain da unea, denon artean, nolako herri eredua nahi dugun, eta eredu horretara nola irist gaitezkeen erabakitzeko”, azpimarratu dute. Halaber, EAJk sumatutakoaren arabera, zarauztar askok “gobernatzeko beste era bat” ari dira eskatzen: “Beharrezkotzat jotzen dugu herria bultzatuko duen lidergo berri bat eratzea, ideia berriak eta kudeatzeko gaitasuna edukiko dituena, inposaketa alde batera utziko duena, eta benetan gai izango dena modu irekian gobernatzeko, herritarren partaidetzan oinarritzeko, eta sentsibilitate ezberdinak batu eta akordioak lortzeko”.

EAJk uste du Txurruka pertsona egokia dela behar horri erantzuteko. Gogorarazi du Zarautz Prest “prozesu irekia” dela, eta gonbita luzatu die ideiak eta proposamenak helarazi nahi duten guztiei, eaj-pnv@zarautz.org helbidea erabil dezaten. Jeltzaleak dira hautagaia izendatu eta programa osatzeko prozesua aurkezten duten lehen indar politikoa Zarautzen, hauteskundeetarako urtebete inguru falta denean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube