Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/05/29

Ezker Abertzaleak EAJren testu bat erabili du autodeterminaziorako eskubidea 24 urteko atzerapenarekin defendatzeko

Joseba Egibarrek “ausardia falta” egotzi dio Sorturi, EAren atzean ezkutatzen delako bere iraganari ez aurre egiteko.

Eusko Legebiltzarrak Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea berretsi eta aldarrikatu duen legez besteko proposamena onartu du EH Bildu eta EAJren babesarekin. Talde honen bozeramaileak, Joseba Egibarrek, ongietorria eman dio ezker abertzaleari eztabaida politikoarekin bat egiteagatik. Izan ere, gogoratu du ezker abertzaleak ETAren esku utzi duela hamarkadetan autodeterminazioa eta beste hainbat gaiei buruz Estatuarekin mantendu den negoziazioa. Eta ondorioz, “zailtasunak izan ditu iritzi politikoak erakunde ezberdinetan defendatzeko, batez ere Eusko Legebiltzarrean”.
Ezker Abertzaleak EAJren testu bat erabili du autodeterminaziorako eskubidea 24 urteko atzerapenarekin defendatzeko

Egibarrek gogoratu duen bezala, gaur eztabaidatu den ekimena 1990. urtean onartu zen Eusko Legebiltzarrean eta bozka emateko garaian ezker abertzalea kanpoan gelditu zen, “arazoa konpontzeko beste bide batzuk” zeudela argudiatuz. “Orain, ETA gabe, iluntasunean gelditu dira eta ezer gertatu ez balitz bezala jardun nahi dute, duela bi hamarkada eztabaidatu genituen gaiak mahai gaineratuz. Ongietorriak dira eztabaida politiko eta demokratikora; ongietorriak politikara”, azaldu du.

Gaur onartu den ekimena EAJk, Euskadiko Ezkerrak eta Eusko Alkartasunak duela 24 urte onartutakoaren kopia dela esan du Egibarrek. Testuak berretsi eta aldarrikatzen du Euskal Herriak bere autodeterminaziorako eskubidea duela eta eskubide hau bertako biztanleek beren estatus politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duen ahalmenean datzala, bai bere buruari berezko politika-esparrua nahiz bere burujabetasun, bere osoan nahiz bere batean, beste herriekin baterakoa izanez. Bozeramaile jeltzaleak zehaztu du 1900. urtean onartutako ekimenak ez zuela Herri Batasunaren oniritzia izan, ”alderdi honek Ganbera utzi eta eztabaidatzeari uko egin ziolako”.

Ñabardura hau argitu ostean, Egibarrek autodeterminazioaren aldeko ekimenaren ”aitatasuna” EAJrena dela ziurtatu du, 1990. urtean ez ezik, 2004 eta 2011urtetan ere mahai gaineratu zuen ekimen antzerakoa. Lehenen saiakera Ibarretxe Lehendakariak bultzatutako Estatus Berriaren eztabaidan izan zen, ”baina, orduan ere, ezker abertzaleak ez zion gaiari eutsi eta aldeko hiru boto eta kontrako hiru eman zituen, emaitza, beraz, zero izan zen”. Zazpi urte beranduago, 2011. urtean, EAJk autonomiaren aldeko testua errekuperatu zuen, PSOEk eta PPk defizitaren muga aldatzeko helburuarekin Konstituzioa aldatzea proposatu zutenean.

Oposiziotik iraganera gehiegi begiratzen duela entzun ondoren, Egibarrek alde bakoitzak bere iragana aztertzearen beharra nabarmendu du, bestela oso zaila izango baita etorkizuna eraikitzea. ”Zergatik uste duzue EAko Urizar jauna ari dela gaurko ekimena defendatzen? Oso erraza da: ezker abertzalea ez dagoelako bere iragana aztertzeko prest, ETAk horrenbesteko protagonismoa zeukan iragana, alegia. Ezker abertzalea Bilduren baitan ezkutatzen da eta ez da tribunara jaisten ez duelako bere iragana aztertu nahi”, salatu du.

Autodeterminazioaren ekimenaren aurka egin duten alderdi konstituzionalistei ere zuzendu dizkie hitz gogorrak Egibarrek. ”Ez da posible euskal herritarron %73aren nahia mugatua egotea PSOEk eta PPk pentsatzen dutenarengatik. Hori betoa da”, kritikatu du bi alderdi hauei ”eztabaidatzera eta legalitatea herritarren gehiengoak aske eta demokratikoki adierazitakoaren alde aldatzea” egiteko gonbitea luzatzeko.

Xehetasun guztiak emanda, bozeramaile jeltzaleak esan du bere alderdiak ”logika hutsarengatik” eman diola baiezkoa EH Bilduren autodeterminazioaren ekimenari: ”EAJk, herri honek bezala, erabakitzeko eskubidearen aldeko hautua egin du ahal izan duen guztietan”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube