Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
                                2008/01/31
                                ASTETIK ASTERA
                                                            
                        ASTETIK ASTERA
Kronika politikoa
                                                             
                        
                        Asteak eman duenari lerro burua aurkitu beharko bagenio honela beharko genuke egin: "justizia politikagintzan" edo "politika epai ebazpenetan". Azken egunotako berriak justiziaren euskal politikarenganako gehiegikeriekin dute zer ikusia. Botereen arteko banaketa ameskeria huts egin dute epaile zenbaitzuen azken epaiek, aipatu erabakiak nabarmen baitira politikak kutsatuak. Unitatea eredu duen estatuaren bila dabiltza eta batasun horri kalte egin diezaioketela uste dezaketen oro ezabatu egiten dute; edonola, eta epaileenganaino jo behar bada, hala dute egiten. Badugu zenbait adibide.
Esandakoaren adibideetariko da, joan den asteko gure kronikaren irekiera berria; Euskal Herriko Justizia Epaitegi Gorenak zigorra ezarri die legebiltzarreko mahaiko presidente eta kide, Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knorri desobedientzia delitua egotzita, Legebiltzarreko talde Sozialista Abertzaleak ez desegiteagatik. Eta honi erantzuna segituan zitzaion etorri, Eusko Jaurlaritzak bere ezinegona baitzuen adierazi. Lehendakariak, gobernukide guztiak lagun zituela, komunikabideen aurrean egin zuen agerraldia eta bertan adierazi "Atutxa, Knorr eta Bilbao zigortuak dituztela, geure Legebiltzarraren autonomia defendatu izanagatik eta aukeratuak izan zireneko zeregin hura duintasunez betetzeagatik". Argi utzi nahi izan zuen "ulertu ez dugula egiten, ezta onartzen ere, Juan Mari Atutxak, Kontxi Bilbaok eta Gorka Knorrek inolako deliturik egin dutenik" ; epai mahaiaren erabakia "larri bezain kezkagarritzat" jo zuen Lehendakariak eta gaineratu "estatu espainiarra, bere instituzioez baliatuz, etengabe ari dela trantsizio garaian lortutako elkarbizitzarako hitzarmena hausten" eta "herriari hitza emanen zitzaiola" esanez amaitu zuen "zentzugabekeria honi guztiari erantzun demokratikoa emateko bide izanen zaion partaidetza".
Eta espero bezala PP eta PSOE alderdiek ez zuten Lehendakariak esandakoarekin bat egin. PPren hitzetan epaitegi gorenaren epaiak "oreka du berrosatu; estatuak bere funtzionamendurako behar duen oreka". PSE-EE alderdiaren exekutiba batzordearen erantzun apalak, soilik tamalgarritzat zuen jotzen epaitegi gorenak fiskaltzaren irizpidea ontzat hartu ez izana eta Legebiltzarreko presidente Juan Mari Atutxa zigortu izana Manos Limpias sindikatuaren esanei bide emanda.
Eta hirukoaren erantzuna, joan den larunbateko manifestaziorako deialdia, Bilbon, "gure erakundeen alde" lelopean, jaurlaritza -bere osotasunean- bertan zela, epaituekin batera. Oposizioak honi ere bere kritika dio egina. PPk "PNV Batasunatuta dagoela" dio eta "jarrera ere arroa duela erakutsi". Ezker Abertzaleak bestalde, larunbateko deialdiari ezezkoa zion eman "adar jotze hutsa besterik ez zelakoan, egungo erakunde politiko esparrua mantenu besterik ez baitute egingo".
Eta hau guztia gutxi balitz, epaileen gobernuak bere batzordera eramatea du erabaki, manifestazioa eta bertan esandakoen gainean egina zaion proposamen bati ebazpena egiteko eskaria. Antza denez, epaileek herri honetako politikaren egunorokoan ba omen dute zer esanik, herritarrok pentsatzen duguna adierazteko eskubiderik izan gabe.
Legebiltzarreko mahaiaren kide ohien zigorra guztiz larria izateaz gain, bada gehiagorik. Ez ote da egiten ari diren hau guztia, Lehendakariari egin nahi diotenaren bezpera? Ez ote da bidetik kendu eta bere egitasmo politikoa bertan behera uzteko modu erraza, Joseba Egibarrek Euskadi Irratiari eskaini dion elkarrizketan esan berri bezala? Emanak diren pausoak ez doaz bide zuzenetik, hori bai daitekeela esan. Atutxa, Knorr eta Kontxi Bilbaori gaitasuna ukatu diete epaileek. Euskal Herriko justizia epaitegi gorenak baztertu du gupida errekurtsoa, Lehendakariaren defentsa abokatuek eskatu bide dutena, Lehendakaria epaituren duten epai mahaia osatzen dutenen aurka egina. Lehendakaria akusatu eserlekuan ikusiko duguna, argi dago. Noraino heltzeko gai izango zaizkiguna, ikusteko.
Baina dagoeneko egi bilaka daitekeena EHAK eta EAEren legez kanporatzeak dira. Gaur bertan, EHAKren ilegalizazioa eskatu dio Auzitegi Gorenari Fiskaltzak. Batasunak erakunde hauek biak politikoki eta ekonomikoki erabili dituela argudiatzen du Fiskaltzak eta Alderdi hauek "bere laguntza osoa" eskaintzen diela egozten die. Gainera, Ministerio Publikoak zera eskatu du; legez kanporatzea tramitatu bitartean, Auzitegi Gorenak EHAKren datozen Hauteskunde Orokorretarako hautesle-zerrendak debekatzea, beren egoitzak ixtea eta kontu korronte guztiak bahitzea.
Eta bien bitartean hor dihardu alderdi handien arteko hauteskunde liskarrak; Zapatero eta Rajoy hasiak baitira, nork eskaintza gozoagoa botako, norgehiagoka. Batak 400€ duela murriztuko pertsonen gaineko zerga aitorpena; 2.2 miloi lanpostu dituela sortuko dio besteak. Euskal gatazkaren gainekoetan -boto iturri aparta- bota dituzte epelak. PSOEk bere hauteskunde programari omen baitio erantsiko, ETArekin elkarrizketarik hasiko ez duela; PPk berriz, PNVrekin hitzarmenik itxiko ez duela... . Baina, aldiz, Arabako Biltzar Nagusietan biak ados jartzen dira Lehendakariaren aurkako kausaren artxibatzea eskatzen duen Mozioa arbuiatzerako Orduña Bietatik, nork handiagoa botako?
Nabarmenak...
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


 Harremanetarako
 Harremanetarako WWW.EAJ-PNV.EUS
 WWW.EAJ-PNV.EUS
 
             
             
             
             
             
             
             
             
             
             
             
             
            

