• 27 ABE 18

    Gure zuzenketek hirian ezinbesteko diren proiektuei mesede egiten diete eta egun bizi dugun egoera ere hobetzen laguntzen dute

    EAJ-PNVk gobernuak aurkeztutako Aurrekontu proiektua osatzeko eta bideratzeko hainbat proposamen erregistratu ditu

    Xabier Iridoyk, EAJ-PNVko bozeramaileak, bere udal taldeak egungo gobernu sozialistak datorren 2019ra begira aurkeztutako Aurrekontu proiektuari egindako zuzenketak aurkeztu ditu gaurkoan. "Udal Aurrekontuak adosteko, Santanoren gobernu sozialistarekin eta beste udal taldeekin hitz egiteko aurretiko jarrera eta erabakitasun irmoa izan dugulehen momentutik, eta hala adierazi dugu hamaika aldiz" hasi da esaten Iridoy, "udal aurrekontuak nahi ditugu, badakigu eta hiriak aurrera egiteko hauek duten garrantzia nabarmena dela".

    Halaber, bozeramaile jeltzaleak behin azterketa ariketa sakon bat egin ondoren, EAJ-PNVk aurkeztutako proiektuan hiriak eta hiritarrek dituzten hainbat funtsezko beharren falta identifikatu du. "Egun hiriak eta bertako pertsonek bizi duten egoeraren inguruan galdetu, aztertu eta berraztertu dugu, hauei gure proposamenen bitartez erantzun egoki bat eman ahal izateko. Gure proposamenen bitartez gainera, gobernu sozialistak aurkeztu duen proiektu osatugabea eta gabeziaduna osatu eta egoki bideratzea da gure helburua. Hegoaldeko Ingurabidearen bigarren fasea, Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdaketa Txenpereneara, Bizigune programaren bultzada eta gobernu programan erdietsitako konpromisoak jasotzen ez dituen aurrekontu proposamena ez da aproposa" aditzera eman du Xabier Iridoy.    

    Horregatik, Iridoyk, orain astebete publikoki aurreratu bezala, beste alderdi politiko desberdinei beraiek dituzten ezinbesteko premisak helarazi ondoren, EAJ-PNVk guztira 16 zuzenketa aurkeztu dituela jakitera eman du. "Urteetan geldirik egon diren proiektuen berraktibatzea bermatzen duen proposamenak egin ditugu, esan bezala, Udalaren aurrekontuak osatu eta Irun hiri erreferente eta lehiakor bihurtu ahal izateko" adierazi du Iridoyk.

    Eransketa zuzenketen inguruan mintzatu baino lehen, EAJ-PNVtik aurkeztu duten ezabapen zuzenketetako baten zergatia arrazoitu nahi izan dute; San Juan plazan, Udaletxean alde batean, udal eraikin berri bat eraikitzera bideratutako 8.000.000 euroko zenbait urteetarako diru laguntza, non 2019ko aurrekontu hauetan 1.270.000 euro eraikin horri igorri beharko liratekeen. "Aurrekontu hau, udal eraikin berri bat eraikitzera bideratu beharrean, hiritarrek dituzten beharrei eta ardurei erantzuna ematera bideratu beharko litzakeela uste dugu; trafikoa, etxebizitzak, hirigintzaren birsorkuntza edo gauzatu gabeko konpromiso historikoak, besteak beste. Ondorioz, gobernu sozialistak udal eraikin berria eraikitzeko proposatzen duen diru kopurua bitan banatu eta batetik, Irungo sarbide eta irteera egoera hobetzen lagunduko duen Hegoaldeko Ingurabideari (1.000.000 euro) igortzea proposatzen dugu, eta bestetik 270.000 euro Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzeari. Era berean, Bizigune programa sustatzea ere proposatzen dugu, hirian ditugun etxebizitza hutsak alokairura zuzendu ahal izateko" azaldu du Iridoyk, Irungo EAJ-PNVko bozeramaile eta alkategaiak. 

    Azkenik, Iridoyk EAJ-PNVk aurkeztutako beste hainbat zuzenketa ere aipatu ditu, horietako batzuk elkarte sareen beharrak betetzera bideratutakoak eta beste batzuk, gobernu programan dauden eta oraindik gauzatu ez diren proiektuak garatzera zuzendutakoak, "zuzenketa hauen bitartez gobernu sozialistak bere aurrekontu proposamena aldatzea eta egokitzea presatu nahi dugu, hala hiriak aurrera jarraitu dezan" argitu du Iridoyk.