• 21 ABE 16

    PSOEk ez du erakutsi Eibarrek epe ertain eta luzera dituen erronkei eusteko borondaterik

    Ageriko desberdintasunak daude gobernu-lanak egiteko moduetan eta Eibarrentzat EAJk eta PSOEk dituzten lehentasunetan. Sozialistek publikoki egindako eskaintzari ezezkoa eman eta akordioetara iristeko borondatea erakutsi dio EAJk

    EAJ-PNVk ez du Eibarko udal gobernuan parte hartuko. Hala jakinarazi diete Eduardo Zubiaurre Uri Buru Batzarreko presidenteak eta Josu Mendicute udal taldeko bozeramaileak Eneko Andueza Eibarko PSOEren idazkariari eta Miguel de los Toyos alkate sozialistari, eurek agintaldia hasi eta urtebete t´erdi beranduago egin duten eskaintzari. Jeltzaleen ustez, “Eibarrek bizi duen egoera larriaren aurrean epe ertain eta luzeko erronkei heltzeko premia dago, bereziki etorkizuneko jarduera ekonomikoa sustatzea eta hirigintza birgaitze proaktiboa”, eta ez dute horri ekiteko borondaterik ikusten PSOEk gidatutako udal gobernuan.

    Jeltzaleek baieztatu dutenez, koalizio gobernua egiteko eskaintza ez dator bat udal jardunean izaten ari diren “sintonia falta nabarmenarekin”, eta bi alderdien arteko desberdintasunak “agerikoak dira”. Proposamena egiteko interes seriorik ere ez dute ikusi jeltzaleek. Mendicute eta Zubiaurre prest agertu da “Eibarren beharrei aurre egiteko” zein “horretarako adostasunetara heltzeko”, nahiz eta PSOEk gidatutako gobernuan parte ez hartu. Esan dute hori dela jeltzaleen jardun politikoaren borondatea, baina gobernu-ardura PSOEri dagokiola 2015eko maiatzaren 25eko hauteskunde-emaitzak ikusita eta ordutik hona pasatako denbora pasata.

    Eibarko EAJ-PNVk eskertu egin du PSOEk egindako eskaintza, eta era berean, bere aldeko jarrera erakutsi du adostasunetara heltzeko: “Batetik, bi alderdion arteko Akordioaren markoan, baina batez ere, Eibarko hiriak dauzkan erronkei erantzuteko asmo irmoari eutsita.”

    Zubiaurrek eta Mendicutek PSOEk erabilitako bide beretik igorri dute erantzuna: gutun zertifikatuz eta gutuna herriko hedabideetara igorrita.