Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Tolosa paralisira ez eramateko, erabakiak hartzeko gaitasun gehiago eskatzen diogu Udal Gobernuari
Urtebete pasa da jada Udal Gobernu aldaketa izan genuela, eta azterketa integralak enkargatzeaz gain, oraindik ez dakigu zer egin nahi duen EH Bilduk orain urtebete pil-pilean egon ziren gai askorekinUrtebete betetzen da 2023ko ekainaren 17an EH Bilduk Tolosako Alkatetzaren ardura hartu zuela. 12 hilabete jada Tolosako Udalaren gidaritza eskuratu zutela, eta beraz, arrazoizko denbora gure ustetan Udal Gobernu honen jardunaren inguruan lehen balorazio bat egiteko.
10 gai aukeratu ditugu, adierazgarrienak direnak gure ikuspuntutik, Udal Gobernu honen jardueraren inguruan gure iritzia emateko.
1. ALDE ZAHARRAREN EGOERAREN INGURUAN HAUSNARKETA PARE BAT
Denok gogoan dugu iaz Alde Zaharrean piztu zen haserrea, “trapu gorrien” mugimendua deitu genezakeena. Zumardi Txikiarentzat landu zen proiektuak harrotu zituen hautsak, baina batipat, proiektu haren gauzatzeak suposatzen zuen aparkaleku galerak. Gaur, Zumardi Txikiaren gaia ez dago Udal Gobernuaren agendan eta ziur gaude, legealdia amaitzean, kotxeek Zumardi Txikian jarraituko dutela, espazio publiko hori berroneratzeko eta herri osoarentzat berreskuratzeko alderdi guztien arteko kontsensua erabatekoa zen arren. Diagnostiko integralak eta epe-luzerako begirada ponpoxoak lantzea ondo dago, baina paralisira eraman gaitzaketen analisi amaigabeetan nahastea ez zaigu komeni; egungo egoera iraultzeko epe-motzean ere erabakiak behar ditugu.
2. “ZUBI BERRIA” ORDEZKATZEKO PROIEKTUAREN INGURUKO GORABEHERAK
Badirudi Tolosako EH Bilduk erreferentziazko adituak aldatu dituela gai honetarako Udal Hauteskundeak irabazi ostean. Orain urtebete zalantzak eta kezkak astintzen Jaurlaritzatik zetorkigun proiektuaren inguruan. Badirudi Tolosako uholdegarritasuna aldatu egin dela urtebeteren buruan. Eusko Jaurlaritzako URA Agentziako arduradunek argi eta garbi esplikatu zieten tolosarrei 2023. urteko udaberrian zehar zubi honen ordezkatzeak herriari suposatuko liokeen onura (eta batipat Alde Zaharrari). Ez da ezertxo ere aldatu. EH Bilduren taktizismoak baldintzatu zuen orduan proiektuarekiko haien jarrera. Ez gatoz bat, inolaz ere, unean-uneko politika egiteko estilo honekin.
3. APARKALEKU BEHARRAREN ARAZOARENTZAT PROPOSAMENIK EZ
Aparkalekuen gaia, soluzioak eta alternatibak behar dituen gai bat da Tolosan. Urtebete ondoren, ez dago ezer mahai gainean. Beste azterketa integral bat gauzatzen ari omen da Udal Gobernua. Bitartean, geroz eta zailagoa da herriko auzo batzuetan aparkatzeko tokia topatzea, eta era berean, aurreko Udal Gobernuak herriak dituen aparkaleku azpiegiturak hobeto ustiatzeko zituen proposamenak kaxoi batean gorde ditu Udal Gobernu honek (batez ere, Alde Zaharreko bizilagunei zuzenduta zeudenak).
4. UDAL ETXEBIZITZA POLITIKAREN KUDEAKETAN BADAGO ZER HOBETUA
Udal Gobernua, Tolosa “gune tenkatu” izendatua izan dadin pausoak ematen dabil, denok jakitun garen arren, horrek ez diola soluzio magikorik eskainiko etxebizitzaren gaiari. Aldiz, Udal Gobernu honen eskuetan %100ean dauden erabaki gauzagarriak badaude, eta premiazko arreta eskatzen diogu Gobernuari haientzat: gazteei zuzendutako Euskal Herri plazako etxebizitza erdiek baino gehiagok hutsik jarraitzen dute eta Udal Etxebizitza Azpisailean egiturazko arazoak onartu ditu publikoki Udal Gobernuak (ulertzekoa, aurreko Udal Gobernuak ipini zuen “Etxebizitza Bulegoa” desegin baita, Azpisailari giza baliabiderik gehitu gabe). Etxebizitza eskubidea bermatzen saiatzeko Udalak dituen dirulaguntza lerroei dagokienean, berritasunik ez; aurreko Udal Gobernuak martxan ipinitako lerroei kontinuismoa aplikatzen.
5. USABAL POLIKIROLDEGIKO GATAZKAREN INGURUKO KEZKAK
Berriki jakin dugu baliogabetuak izan direla Tolosako kirol instalazioak kudeatzeko EH Bilduk iazko azaroan onartu zituen lizitazio berriaren oinarriak eta berriz ere zerotik ekin behar izango zaiola prozesuari. Beraz, puntu berean gaude, baina 6 hilabete beranduago. Bien bitartean, udal kirol instalazioetan premiazkioak diren inbertsioak gauzatu gabe (konprometituak dauden arren): Berazubiko tenis pisten, Usabal futbol zelaiko itxitura sareen edota Berazubi eta Usabal polikiroldegiko gimnasioetako makina askoren egoera premia horren erakusle argiak dira. Langileei dagokien atalean, 2020ko lan-baldintza berdinak oraindik indarrean; eta asteak dira gerenterik gabe dagoela polikiroldegia.
6. ESKUALDEKO OSPITALE PUBLIKOAREN GAIAN JARRERA KOLABORATIBO BATEN BEHARRA
Eskumen arrazoiengatik, erabaki batzuk ez daude Udalaren eskuetan, ez gaur eta ez lehen. Denok ulertzen dugu Eskualdeko Ospitale Publikoaren gaia Eusko Jaurlaritzaren eskumen bat dela, Osasun Sailarena zehazki. Badago, aldiz, %100ean Udal ardurakoa den gai bat, orubearen katalogazio urbanistikoari dagokiona, hori egikaritzea bai baita Udalaren ardura bete-betean. Urtebete igaro da eta oraindik ez da gauzatu. Lehentasuna eman beharko lioke Udal Gobernu honek izapidetze urbanistiko horri. Zera eskatzen diogu Udal Gobernu honi: izan dezala jarrera leial eta eraikitzaile bat hurrengo Jaurlaritzarekiko, unean-uneko politika alboratuz, Eskualdeko Ospitale Publikoa ahal bezain lasterren errealitate izan dadin.
7. TOKIKO MERKATARITZA: PROPOSAMENIK EZ MAHAI GAINEAN
Hiri-ekonomiari lotutako erronkak ez dira nolanahikoak. Tokiko komertzioa sufritzen ari da, jakitun gara. Arrazoiak asko dira, konplexua da gaia. Ezin zaio Udal Gobernu bati egotzi egoeraren ardura osoa (ez honi, ez eta aurrekoari ere), joera orokorra baita. Baina, galdera da: zein da EH Bilduko Udal Gobernu honek egin duen ekarpena gai honetan? Zein dira martxan ipini dituen berrikuntzak, programak, ekimen berriak edota dirulaguntza lerroak urtebete luze honetan gai honi erantzun bat ematen saiatzeko? Labur esanda, ezertxo ere ez.
8. LARUNBATETAKO ZERKAUSIKO AZOKA SUFRITZEN
Larunbatetako azokari dagokionean, 4 postu/baserritar gutxiago daude azokan iazko ekainetik hona. Kezkagarria da egoera. Hemen ere berdin: ezin zaio Udal Gobernuari egotzi guztiaren ardura, lehen sektorearen egoera ez baita erraza, baina galdera da: zer egin du Udal Gobernuak joera iraultzen saiatzeko? Ezer konkreturik ez. Era berean, zergatik eten du Udal Gobernu honek BCC (Basque Culinary Center) eta HAZI Fundazioarekin zuen urtetako elkarlana? Haustea erraza da, eraikitzea zailagoa. Ez dugu inongo esplikaziorik jaso. Azoka berezien inguruan ere komentariotxo bat: Udal Gobernu aldaketa eman zenetik, berritasunik ez egutegi horretan, oinordetzan jasotako agenda bat kudeatzen besterik gabe.
9. UDAL ZERGA ETA TASETAN IGOERA: UNEAN-UNEKO POLITIKA
Hainbatetan leporatu zigun EH Bilduk, oposizioan zegoenean, zergen eta tasen igoerak proposatzen genituenean (KPI-a berdinduz edota KPI-aren azpitik betiere), ez genuela sentsibilitaterik, enpatiarik, herritar eta familia zaurgarrienekin; lehen, izoztea proposatzen zuten. Unean-uneko politika egiteko estilo horrek kontraesanak dakartza gerora: aurten tasak eta zergak %5 igotzeko erabakia hartu du Tolosako Udalak, hain zuzen, orain Udal Gobernuan den EH Bilduren proposamenari jarraiki.
10. HERRI GARBI ETA TXUKUN BATEN BEHARRA
Behin eta berriz gogorarazi diogu legealdi hau hasi zenetik EH Bilduko Udal Gobernuari, erreparatu ziezaiola zaborren gaiari, batez ere tamaina handiko hondakinen bilketari, eta baita pintaden ugaritzeari. Gure eraikinetako fatxadak ez dira muralak. Ondarea babesteko lehenengo pausoa, daukagun hura zaintzea eta errespetatzea da, eremu publikoa denona dela ulertuz.
Legealdi hasieran esan genuen oposizio zorrotza eta eraikitzailea egingo genuela, proposamenetan oinarriturikoa, errespetutik betiere, baina exijente Udal Gobernuaren jardunarekin. Hartan dihardugu eta jarraituko dugu datozen 3 urteetan ere. Hori da tolosarren aurrean hartu genuen konpromisoa.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31