Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/02/25

Imanol Pradales: “Euskadi aurrera doa zaintza-eredu propio baterantz, gizarte eragileekin lankidetza eta lan aitortua eta soldata duinak oinarri dituena”

Euskal Hauteskundeetarako EAJ-PNVren Gipuzkoako hautagaitzaren aurkezpenean, lehendakarigai jeltzaleak hirugarren sektorearekiko lankidetza jarri du zaintza soziosanitarioen ereduaren oinarrian

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Imanol Pradales EAJ-PNVren lehendakarigaiak nabarmendu du Gipuzkoa Euskadiren abangoardian dagoela enpresa, zientzia edo zaintza soziosanitarioen alorretan. “Ekonomia, inbertsioa, enplegua, zientzia, teknologia... Ongizatea eta gizarte-kohesioa sortzen duen Euskadirako osagaiak dira. Gipuzkoa da langabezia-tasa txikiena ( % 5,4) eta I+G+b arloan inbertsiorik handiena duen euskal lurraldea. Eta horren ondorio da Gipuzkoak duela Euskadiko kohesio eta oreka sozialik handiena, egun. Oparotasun inklusiboaren eredua da. EAJ eredua”, adierazi du hautagai jeltzaleak, apirilaren 21eko euskal hauteskundeetarako EAJren Gipuzkoako hautagaitzaren aurkezpenean. Miramongo Parke Teknologikoan egindako ekitaldian, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak eta Bakartxo Tejeria EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak hitza hartu dute. Joseba Egibarrek hasi du ekitaldia eta “EAJren proiektu abertzalearen garrantzia” azpimarratu du. Bestalde, Bakartxo Tejeriak, “Euzko Alderdi Jeltzalearen ibilbide eraikitzailea” goraipatu du,.

 “Gaur, gizartearen eta belaunaldien arteko kohesioaren ikuspegitik erronka berriei egin behar diegu aurre. Adinekoen zaintzaz ari naiz”, azpimarratu du  Imanol Pradalesek, eta gogora ekarri du aste honetan euskal hiriburuetako udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak sinatu duten Zainketen aldeko Euskal Ituna. “ Ituna Euskadiko elkarrizketa sozialeko eta gizarte elkarrizketa mahaietan landu da, eta ekimen publikoaren eta ekimen sozialaren arteko lankidetzaren adibide eta emaitza garbia da. Zainketak guztion onerako dira. Zainketetan adinekoen duintasuna eta autonomia bultzatu behar ditugu, hori sinesten eta praktikatzen dugu. Eskubide eta erantzukizun kolektiboa dira. Guztiok, gizonek eta emakumeek esku hartzea eta erantzunkidetasuna zor ditugu, sektorean enpleguaren kalitatea sustatuz, zaintza-lana aitortu eta duintasunez ordaindu behar delako”, adierazi du hautagaiak, eta gogorarazi du Gipuzkoan egoitzetako plaza publikoen % 82a hirugarren sektoreko erakundeek kudeatzen dutela, eta alde horretatik proposatu du “lidergo publikotik eta gizarte-ekimenarekin lankidetzan aurrera egiten jarraitzea, eredu publiko eta komunitario baterantz, elkarlaneko gobernantzan oinarrituta”.

Imanol Pradalesek Gipuzkoako ekonomia eta enpresa eredua nabarmendu du, eta Euskadiko gazteen perspektibak hobetzen jarraitzeko erronka finkatu du. “Pertsona ongi prestatuak, lan-merkatuari so, independizatzeko eta beren bizi-proiektua hasteko itxaropena dutenak. Lagundu egin behar diegu, aukera hori zor zaie. Eta lehen egunetik lan-baldintza onak izatea merezi dute. Soldata ona, karrera profesionala, etengabeko prestakuntza, kontziliatzeko baldintzak, hazi-hezteko eta emantzipatzeko proiektuak”, zehaztu du.

Lehendakarigai jeltzaleak Gipuzkoak eta Donostiak zientziaren alde egin duten apustu argi eta esanguratsua azpimarratu du. “Donostian gara, Parke Teknologikoan, eta zientzia, teknologia eta berrikuntza sumatzen ditugu lau haizetatik. Zientzia gizateriaren balio eta ondare nagusia da gizadiaren artelan kolektibo garrantzitsuena”. Imanol Pradalesek Gipuzkoak bere baitan dituen lehen mailako ikerketa zentroak gogora ekarri ditu, hala nola Donostia International Physics Center, euskal zientziaren aitzindaria, edo NanoGune, Biomagune eta Materialen Fisika Zentroa, besteak beste.  “Gipuzkoak erritmoa eta ikuspegia markatzen ditu, Euskadi herrialde erakargarria izan dadin ikerketarako, berrikuntzarako eta talenturako. Eta lortzen ari gara. Gaur jada Europako ‘Berritzaile indartsuen’ taldean gaude, baina ez gara konformatzen. Zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua indartzen jarraitu behar dugu, horren alde egitea oparotasunean eta ongizatean aurrera egitea baita”, azpimarratu du.  Azkenik, Imanol Pradalesek bere gain hartu du euskararen erabileran eta normalizazioan adostasun zabalenean oinarrituta aurrera egiten jarraitzeko erronka, nabarmena baita “gizarte honek aspaldi egin zuela eleaniztasunaren aldeko apustua”.

Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak hasi du ekitaldia. Hautagaiak aurkeztu aurretik azpimarratu du “Euskal Nazioaren Parlamenturako direla hauteskunde hauek, izan ere hamar euskal herritarretatik zazpi Eusko Legebiltzarrean daude ordezkatuta”. Joseba Egibarrek “Euzko Alderdi Jeltzalearen egitasmo abertzalea” jo du garrantzitsua, esanez “proiektu abertzalek berezkoa duela herri osoa zaintzea, eta herritar guztiak aukera berdintasunean eta eskubide berekin azaltzea eta defendatzea”. Helburua hori izanik, gogorarazi du EAJ funtsezko erabakiak hartuz joan dela nazio eta gizarte eraikuntzan aurrera egiteko, “biak txanpon beraren bi aldeak direlako”. Horiek horrela, herritarrei galdera bat egin zaiela esanez amaitu du buruzagi jeltzaleak: “Zeinek nahi duzu gobernatzea?”, eta erantzuna: “PNVk gobernatzea nahi baduzu, aukeratu PNV”.

Bestalde, BakartxoTejeriak EAJren ibilbidea eraikitzailea hizpide izan du. “Lau hamarkada eta erdi baino gehiagoz gidatu dugu herri hau. Euskal herritarren inplikazioarekin eta gure autogobernuari esker, sortu eta sendotu ditugu erakundeak: euskal osasun-sistema, hezkuntza-sistema, euskal gizarte-ongizateko sistema”, azpimarratu du, “eta horrekin batera gure buruaren jabe izateko aurrerapausoak eman ditugu”. Horren harira,  “guk erakunde horiek eraiki ditugu eta gure onena emango dugu eredugarri izaten jarrai dezaten”, adierazi du. 

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube