Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/05/24

“Bilduren inkonkrezioaren” eta “EAJ-PNVren bermearen” artean aukeratzeko eskatu die Eider Mendozak gipuzkoarrei

Andoni Ortuzarrek botoa ematera deitu ditu Gipuzkoako herritarrak, Donostia eta Gipuzkoa “esku txarretan ez erortzea ezinbestekoa eta nahitaezkoa” delako, eta hori dagoelako jokoan M28ko hauteskundetan

Eider Mendoza Larrañaga Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak esan du igandeko hauteskundetan jokoan dagoena “Bilduren inkonkrezioaren eta EAJ-PNVren bermearen” artean aukeratzea dela. “Hori da hauteskunde hauetan erabaki behar dena: Control+Z eta atzera egin, edo pantailaz pasatu etorkizunera. Kopia txarrarekin geratu, edo aurrera egin”, esan du hautagai abertzaleak. Mendozak gaur arratsaldean Donostian egin den mitin batean hartu du parte, eta berarekin izan dira Andoni Ortuzar, EAJ-PNVren EBBko presidentea; Iñigo Urkullu lehendakaria; eta Eneko Goia, Donostiako alkatea eta alkategaia.

Mendozak EAJ-PNVren politikarien “autentikotasuna” aldarrikatu du, sei ezaugarri betetzen dituztelako: ezaguna da gaiei buruz zer pentsatzen duten, ez dute ozen esateko beldurrik, ez dute iritziz aldatzen botoak lortzeko, konbikzio osoz hitz egiten dute, zintzoak dira eta berdin jokatzen dute publikoan edo pribatuan. “Politiko autentiko bat, argi hitz eginda, EAJ-PNVren edozein politikari da!”, esan du eta, ildo honetatik, Bilduri ere eskatu dio “behingoz autentikoak” izan daitezela: “Zurikeriarik gabe, filtrorik gabe, bakoitza den hori erakutsi dezatela, autentikoak izan daitezela eta hortik aurrera erabakiko dute herritarrek”, adierazi du.

Gainera, oso kritiko agertu da Bilduk atzo bertan plazaratu zuen hauteskunde programarekin: “Kanpaina amaitzeko lau egunen faltan, eta publikoki aurkeztu gabe webgunean zintzilikatuz, erakutsik nahiko ez balute bezala. Ez da serioa! Eslogan, tuit eta titular merke asko, baina dokumentuak mahai gainean jarri behar direnean, ez dago ezer”. Aldiz, gogoratu du EAJ-PNVk 350 neurri “transformatzaile eta zehatz” dituen programa aurkeztu duela Gipuzkoan. “Debate denetan ibili gara honi buruz eztabaidatu nahian, besteak zerutik jaisteko ahaleginetan, baina nahi eta ezin. Beste alderdiek ez dute edukiez eztabaidatu nahi”, deitoratu du.

Andoni Ortuzar

Bestalde, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak arreta jarri du Donostiak eta Gipuzkoak maiatzaren 28an benetan jokoan duten horretan, hau da, etorkizunean lankidetzan aritzeko bidean aurrera egiten jarraitzea edo liskarrean eta inposaketan oinarritutako iraganera itzultzea. “Garrantzitsua da Zubieta edo San Martin kaleek norabide bat edo bestea izatea, eta horretan ari dira lanean Eneko Goia eta bere taldea, baina Donostia eta Gipuzkoa esku txarretan ez erortzea ezinbestekoa da, nahitaezkoa da”, ohartarazi du buruzagi abertzaleak.

“Arriskua, hemen, karramarroa bezala atzera egitea da, istilura, folloira, zabor-poltsa jaitsi ahal izateko buruhausteekin ibiltzera, zer zerga ordaindu behar duzun ez jakitea, kontrako Aldundi eta Udal batean sartzeko. Laurteko beltzera atzera egitera, 2011tik 2015era. Hori da benetako arazoa, Gipuzkoa eta Donostia sartzeko arriskuan dauden benetako nahaspila. Eta horixe dugu jokoan igandean. Donostia eta Gipuzkoa esku txarretan ez erortzea ezinbestekoa da, nahitaezkoa. Horregatik, dei berezia egiten diet lehen aipatu ditudan arazo horiengatik pozik ez dauden pertsona horiei, hausnar dezaten. Bere kabreoa guztiz legitimoa da, baina horregatik bozkatzera ez badoaz eta EAJri botoa emango ez badiote, Bildu itzultzeko atea irekitzen ari direla jakin behar dute. Agintekeriaren Bilduk, kaleko zaborrenak, kudeaketa hondamendiarenak, inposaketarenak eta istiluarenak”, amaitu du Ortuzarrek.

Iñigo Urkullu

Lehendakariak, bere aldetik, mezu zuzena bidali die populismoa praktikatzen dutenei: “Politikak errespetuan oinarritutako ariketa izan behar du… Kontrakoa egiten duenak, gizartearen kontra egiten du. Populismoa praktikatzen duenak, gezurra zabaltzen duenak, gizartearen kontra egiten du. Ez dugu onartuko”. Eta gehitu du: “egunero entzuten ari gara adibideak. Gaur, azkenak. Yolanda Díaz eta Díaz Ayuso andreak, eta populismoa praktikatzen duzuenoi, argi eta garbi esango dizuet: politika denigratzen duzue, gizartea denigratzen duzue. Euskadi gizarte anitza da. Euskadiren etorkizuna errespetuan eta bizikidetzan eraikitzen jarraituko dugu. Hemen, zuen espektakuluaren politikak ez du tokirik”.

Eneko Goia

Donostiako alkate eta alkategaiak, Eneko Goiak, esan du kontrakoa aditzera eman nahi dutenen aurrean, Donostia gaur “harro egoteko moduko hiria dela, eta hala izaten jarraitu behar duela, eta horretarako lanean segi behar dugu”. Goiak esan duenez, “ezkortasuna, kritika edo populismoaren aurrean”, EAJ “herri honen bizkar-hezurra da” eta  “adierazle sozioekonomiko eta herritarren ongizatea mantendu eta hobetzeko, hiri eredu garbia planteatzen du”. Hautagai jeltzalearen iritziz, “abstentzioa EH Bilduren bidelaguna da, bere helburua EAJ gobernutik kentzea delako, ahal duen moduan”. Horregatik, Goiak “konfiantza” eskatu die herritarrei eta datorren igandean bozkatzeko deia egin die: “Bozkatzea erabakitzea da; ez bozkatzea ere bai”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube