Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/05/27

Kontsumo bonuen kanpaina berria egingo da Andoainen ekainean

Udalak 2.000 kontsumo bonu berri jaulkiko ditu SALKIN elkartearen bitartez, 25 euroko prezioan salgai eta 50 euro gastatzeko ahalmena dutenak.
Kontsumo bonuen kanpaina berria egingo da Andoainen ekainean

Ekainarekin batera etorriko da HAN EDO HEMEN, EROSI ANDOAINEN kanpainaren txanda berria. Hala, aurreko aldietan egin den bezala, hilabete osoan zehar erabili ahal izango dira kontsumo-bonuak, 25 eurotan salduko direnak eta 50 euroko balioa izango dutenak. Kanpainara atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira bonu horietako txartelak. Ekaineko kanpaina honek, ordea, berezitasun bat izango du, bost koloretako txartel ezberdinak egongo baitira, izan ere, kolore bakoitza komertzio mota bati ala ostalaritzari egokituko zaio. Elikadura, moda, ostalaritza eta zerbitzuak eta bestelakoak dira esparru horiek. Bonuak SALKIN elkartearen egoitzan erosi ahalko dira, ekainaren 1etik 3ra, lehenago eskuratu beharko den erosketa-ticketa lortu eta gero. Guztira, 2.000 bonu jarriko dira salgai aldi honetan.

Mari Jose Izagirre, Andoaingo Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria Saileko zinegotziak azaldu duenez, “herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren aldeko apustuari” eusten zaio kanpaina berri honekin eta, erantsi duenez, “aurreko aldietan izandako harrera bikainak” frogatu du “bete-betean asmatu dela ekimen honekin”. Erantzun on honen aurrean, berretsi egin du Izagirrek aipatutako apustua: “Herrian, herritarrengan eta gure ostalari eta merkatarien jardueran onura zuzena duten ekintzak aurrera eramatea da nahi duguna eta kanpaina hau ezin eraginkorragoa da zentzu horretan”. “Udaleko arduradun gisa, gure egitekoa eta konpromisoa da maila lokalean eraginkorrak izatea”, gehitu du zinegotziak. Aurkezpen ekitaldian parte hartu du Maite Ramosek, SALKIN elkarteko presidenteak.

Ohi bezala, andoaindar bakoitzak gehienez ere bi bonu erosi ahalko ditu, horietako bakoitza 25 euroko prezioan. Aurreko kanpainetan egin den moduan, bonu bakoitzak bere salmenta-balioaren bikoitza gastatzeko aukera ematen du, beste 25 euro Andoaingo Udalak jartzen baititu. Beraz, 50 euroko balioa dute bonuek. Ekaineko kanpaina honetan, baina, berritasun bat egongo da, bonuak kolore ezberdinetako gastu-txarteletan zatituko baitira. Bonu bakoitzak 10 euroko 5 txartel edukiko ditu eta txartel bakoitza 5 eurotako bi zatitan banatuko da. Bost kolore egongo dira: berdea, elikadura dendetarako (okindegiak, harategiak, arrandegiak, fruta-dendak, edari-dendak…); laranja, moda komertzioetarako (oinetakoak, osagaiak, kirol-dendak, mertzeriak eta bitxitegiak); morea, ostalaritzarako (taberna, jatetxe, kafetegi, gozotegi, gozoki-denda…); urdina, zerbitzuetarako eta bestelako txikizkako merkataritzarako eta horia, azkenik, kanpainara batutako establezimendu guztietan erabili ahalko dena.  

Nola eskuratu bonuak

Bonuak eskuratu ahal izateko, ekainaren 1etik 3ra bitartean hartu beharko da erosketa-ticketa SALKIN elkartearen egoitzan (Agustin de Leitza, 11). Ostean, bonuak erosteko epea ekainaren 6an hasiko da, hilaren 10era arte, aurrez eskuratutako ticketa eta nortasun agiria erakutsita. Ekainaren 30era arte erabili ahalko dira bonuok.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube