Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/03/08

Emakume langilearen Nazioarteko Eguna

Emakume langilearen Nazioarteko Eguna

Euzko Gaztedi-EGI alderdi humanista izanik, erakunde feminista da, eta hala dihardu bere jardunean, generoak markatutako desberdintasunak desagerrarazteko lanean. Garbi dugu generoa eraikuntza soziala dela, eta baita une horretatik hasten dela emakume eta gizonen arteko desberdintasuna, bereizkeria izatera iristen dena. 

Egoera politikoa ez da salbuespena. Euskal erakundeen jardunean berdintasunaren ideiak printzipio gidari izan behar du. Lanean ari garen emakumeetatik laurdenak baino gehiagok lanaldi partziala dugu, kontraturik gabeko langileen ia guztizkoa ere emakumezkoa da, eta hau ezta zorizko gertaera bat.

Honek guztiak soldata arrakalan eragin zuzena du, zeina areagotu egiten den heziketa mailak gora egiten duen heinean, diskriminazioaren erakusle argi bilakatuz. Euzkadin enpresetan dauden goi-karguen bostena soilik gara emakumezkoak, eta hori gutxi balitz, ditugun enpresen herenak ez dauka emakumerik bere administrazio kontseiluan. 

Kontziliaziorako tresnak eta gizartearen kultura aldaketa bat bultzatzeko beharra ikusten dugu, ez baitugu berdintasun materialik lortuko emakume zein gizonen lan baldintzak benetan berdintzen ez diren bitartean.

Gizarteak egun pairatzen duen gaitz sozial handienetakoa da emakumeon kontrako indarkeriarena, urtero bizitza gehiegi kentzen dituena eta ondorio sakonak uzten dituena. Eragile soziala garen heinean, guri dagokigu Euzkadin ematen den eraso oro salatzea, eta horren aurka har ditzakegun neurri guztiak hartzea, gure hondar aletxoa jarri berdintasun materialaren bidean. Ez da nahikoa legeek berdintasuna bermatzea errealitatean ez bada egoera berdinzale bat sortzeko inguruabarrik. 

Emakumeok gizartean bizi dugun egoera gizarte-sistemaren antolaketari lotuta doa. Jabetzen ez bagara ere, patriarkatuaren ondorioz gizarte osoak galtzen du: emakumeon baztertzea ekartzeaz gain, maskulinitate hegemonikoa gizonezkotasunaren esentzia modura ulertu da, eta horrek gizonei gizarteak markatutako mugetatik at irteteko zailtasuna ekarri die. 

Arauak ez dira nahikoa izango gizarteak ez badu benetan berdintasunean sinesten beraz, eta diskriminazio egoerei aurre egiten ez badie. Euzko Gaztedi-EGIk, bere esku dagoen oro egingo du ahalik eta gazte gehien egon daitezen errealitate honekin konprometituta eta, erakunde gisa ditugun baliabideekin, administrazioari behar dituen neurri guztiak har ditzan exijitzeko. Lege aurrerakoi eta feministak izatea ezinbesteko baldintza  berdintasunean oinarritutako gizarte bat izateko. 

Euzko Gaztedi-EGIk emakumeok gure gorputzean gertatzen denari buruz erabakitzeko eskubidea daukagula defendatzen du, badirela hainbat hamarkada aborturako eskubidea bermatuta dugula gogoratuz. Abortuak askea eta doakoa behar du izan, emakume bakoitzak bere buruarenganako planifikatzeko eskubidea izan dezan. Eta Giza Eskubideetan atzera pausorik eman ezin denez, abortu eskubidean ere ezin dugu jada gaindituta dauden garaietara itzuli.  

Ezinbestekoa da politika sozialak egiterako orduan emakumeon eskubideak bermatzea; euren gorputzen gain erabakitzeko eskubidea bermatzea. Familia-planifikazio egokia, antisorgailuak izatera heltzeko erraztasuna eta abortuaren inguruko informazio egoki eta egiazkoa irisgarria izatea beharrezkoa deritzogu Euzko Gaztedi-EGItik hala nahi duen emakumeak aborturako eskubidea izan dezan.

Abortua zailtzen edo debekatzen duten neurri zien politikek ez dute honek atzean duen arazoa konpontzen, ezkutatu besterik ez dute egiten, eta emakumeek beste bide arriskutsuago batzuk har ditzaten bultzatzen du, haien osasuna eta segurtasuna kaltetuz eta arriskuan jarriz, abortu kopurua ez jaisteaz gain. Horregatik, Argentina bezalako herrialdeetan abortuaren alde sortu diren mugimenduekin bat egiten dugu.

Utz ditzagun atzean iraganera garamatzaten eta jada gaindituta dauden debateak eta begira dezagun aurrera; gizarte aurrerakoi, aske eta diskriminazio gabeko bat lor dezagun. Euzko Gaztedi-EGIk buru-belarri jarraituko du lanean, ez baitugu izango Aberri askerik emakume aske eta ahaldundurik gabe!

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...