Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/09/20

Donostiak 2019ko Europako Saria jaso du

Eneko Goia alkateak jaso du saria eta honakoa azpimarratu du: "Donostia Europa bizi eta sentitzen duen hiria da, eta sari honek bultzada emango digu Europako proiektua ordezkatzen duten baloreekiko dugun konpromisoarekin aurrera jarraitzeko"
Donostiak 2019ko Europako Saria jaso du

Donostiako alkate Eneko Goiak jaso du Europako Saria, Kestutis Masiulis Europako Sariaren azpikomitearen presidente ordearen eta Joseph O'Reilly Batzar Parlamentarioko eta Europako Sariaren azpikomitearen ordezkariaren eskutik, gaur aurratsaldean Udaletxeko udalbatzar aretoan egindako ekitaldian.

Sari-emate ekitaldiaren aurretik, hiriko haur zein helduen danborradetako hainbat ordezkariz osatutako danborrada batek, Erdialde eta Alde Zaharreko kaleak girotu ditu, eta Alderdi Ederren Donostiako martxa eta Europako ereserkia jo ditu Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioko ordezkariei harrera egiteko.

Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioak saria eman dio Donostiari Europa eraikitzeko baloreak zabaltzeko hiriak egindako ahaleginagatik, baita aniztasun, demokrazia parlamentario eta giza eskubideen hedapenean egindako lanagatik ere. Donostiako alkate Eneko Goiak saria eskertu du eta adierazi du, Donostia “Europa bizi eta sentitzen duen hiria dela”.

Horiek horrela, Goiak azpimarratu du, Europa dituen baloreak direla jarraitu beharreko gidak Europaren etorkizunaren mehatxuei aurre egiteko. Eta gida hori Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala da, izan ere, Europar Batasunaren erakunde-, zuzenbide- eta gizarte-arkitekturaren oinarria da. 

Era berean, Donostiako alkateak gogorarazi du, duela hiru urte Donostia Europako Kultura Hiriburua izan zela, eta proiektu horrekin mundu osoari adierazi nahi izan zitzaiola hiriak kulturaren aldeko apustua egiten zuela gizarte kohesioaren elementu bezala. Hortaz, Eneko Goiak apustu hori berritsi du, izan ere, egun Bizikidetzarako Kultura mezua orduan bezain baliotsua da.

Azkenik, Goiak honakoa esan du: "Europako Saria eragingarri eta bultzada bat da Europako hiri txiki honetatik Europaren proiektua ordezkatzen duten baloreekiko dugun konpromisoan egiten dugun lanarekin jarraitzeko".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube