Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/09/14

Tolosa ezagutzera emateko eta bisitariak erakartzeko komunikazio estrategian bete betean asmatu dugu

Beste behin ere, uda honetan turismoak hiri-ekonomian eragin positiboa izan duela nabarmendu du Olatz Peon Ormazabalek: Erretegiak beteta, azokako salmentak gora, ostalari eta merkatariak pozik eta okupazio tasa %90ekoa
Tolosa ezagutzera emateko  eta bisitariak erakartzeko komunikazio estrategian bete betean asmatu dugu

Turismoak gero eta pisu handiagoa du Gipuzkoan eta baita Tolosan ere. Hori dela eta, hasiera-hasieratik turismoaren aldeko apustua egin du Tolosako Udalak, turismoa aukera gisa ikusita, honek hiri ekonomian eragin zuzena eta positiboa izango duelakoan. Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatearekin hitzetan: “Tolosa barnealdeko herria da, baina asko du eskaintzeko, horregatik Tolosa ezagutzera ematea eta bisitariak gurera erakartzea funtsezkoa iruditzen zaigu, aukera berriak jorratzeko, gure hiri ekonomia indartzeko; betiere, turismo jasangarria helburu hartuta; horretarako, estrategia zehatza izatea funtsezkoa dela uste dugu, helburuak argi izateko eta guztia plangintza baten baitan egiteko”.

Nerea Letamendia, Merkataritza,Turismo eta Azoka saileko zinegotziak azaldu duenez, “promozio kanpaina ezberdinak egin ditugu, indar berezia jarri da komunikazioan eta euskarri digitaletan, baita eskaintzan  ere, noski; ahalegin eta lan handia egin da Donostiara etortzen diren turistak Tolosara erakartzeko”.

“Tolosa lehiakorra da turismo alorrean Donostiatik gertu dagoelako eta beste hainbat herri eta leku bisitatzeko ondo komunikatuta dagoelako” gehitu du Letamendiak. Adierazi duenez, Tolosak bereziki 40-60 urte bitarteko bisitariak jasotzen ditu, gaitasun ekonomikoa dutenak, bertan kontsumitzen dutenak, gastronomiaz gain beste gauza batzuen bila datozenak: ondarea, lasaitasuna, natura edota kultura.

“Aurtengo udako turismoak eragin positiboa izan du hiri ekonomian, eragile ezberdinek sentsazio oso ona izan baitute”. “Erretegiak beteta egon dira, azokako salmentek gora egin dute abuztuan, ostalari eta merkatariak pozik daudela adierazi digute eta hoteletako okupazio tasa %90ekoa izan da, lehen esan bezala, gertutasunagatik eta komunikazioagatik Tolosa aukera oso ona delako Donostiara eta Euskadira datozen  turistentzat” gehitu du.  

Kalitatezko eskaintza eta bisitarien digitalizaziorako joera:

Bisitariak erakartzeko kalitatezko eskaintza izatea ere oso garrantzitsua da Nerea Letamendiarentzat. “Tolosa gastronomiarekin, kultur eta ondare naturalarekin lotu ohi da bereziki, baina baditugu beste altxor batzuk ere: 2 tenpluak, Alde Zaharra, Topic museoa, larunbateroko azoka... eta horien baitan kalitatezko eskaintza aberatsa garatzea ezinbestekoa da; horregatik, eskaintzari dagokionean, urtero berrikuntzak txertatzen saiatzen gara”. 1800 pertsona inguruk bisitatu dituzte aurten Santa Klara eta baita Santa Maria elizak eta 234 pertsonek egin dituzte bisita gidatuak tenplu horiek ezagutzeko eta horiei buruzko informazioa jasotzeko. Topic-ek ere 1500 bisitari inguru izan ditu uda honetan.

“Tolosaren marka posizionamendua landu eta marka-irudia hobetzeko ekimen berriak abiarazi ditugu, promozio kanpainak egin eta teknologia berriak erabili ditugu helburu hori lortzeko”. “Bistakoa da, teknologia berriek gero eta indar gehiago dutela eta komunikazio eta promozio euskarri garrantzitsuak direla, horregatik, komunikazio ikuspegitik garrantzia eman diegu komunikazio kanal horiei eta hor ditugu emaitzak: gero eta bisitari gehiagok jasotzen dute informazioa webgunearen bitartez; turismo webguneko bisita kopurua bikoiztu egin da iazko datuekin alderatuta eta gehienak, gainera,%70a zehazki, mugikorra erabiltzen dute” azaldu du Letamendiak.

Etorkizunera begirako erronkak:

Teknologia berrien indarra eta bisitarien digitalizaziorako joera ikusita, webgunea mugikorretara egokitzeko urratsak egingo dituztela nabarmendu dute. Halaber,  marka-irudia hobetzeko kanpaina berriak egingo dira eta sare sozialen erabilera indartuko da bilatzaileetan web posizionamendua hobetzeko.  Turismo ikur modura espazio berriak sustatzea ere beste asmoetako bat da turistek Tolosari buruzko argitalpen gehiago eta anitzagoak egin ditzaten.

Eskaintzari dagokionean, asebetetze inkestetan oso balorazio ona jaso da, eskaera nagusia izan da Santa Klara eta Santa Maria elizak osotasunean bisitatzeko aukera herritarrei zabaltzea. Hori dela eta, espazio gehiago ikusteko aukera izan dezaten egingo dugu lan.  Era berean, bisita gidatuak erakargarriagoak egiteko, Udalak horien formatua berrikusiko du eta horietarako gidoi berriak prestatuko ditu. Alde Zaharraren eta 2 tenpluen bisitaz gain, azokari buruzko bisita gidatua ere eskaintzea baita asmoa.

Amaitzeko, hiri ekonomiaren parte diren eragile ezberdinen eta jardueren arteko sinergiak sustatzen jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute guztiak direlako Tolosa “saltzeko eta ezagutarazteko” giltzarriak. “Balorazioa oso positiboa egiten dugu beraz, baina badugu noski zer hobetua eta horretara bideratuko ditugu gure indarrak, turismoa aukera bat delako guretzat eta tolosarrontzat”. “Udak orain lekua egingo dio udazken oparoari  Tolosa ekintzen faktoria bat baita eta horrenbestez, hainbat kultur ekitaldi izango ditugu datozen hilabeteetan, gastronomiarekin zerikusia duten beste hainbat jarduera... horiek guztiek erreferentzialtasuna ematen diote Tolosari eta hori mantendu eta sustatu behar dugu, kanpokoek ezagutu gaitzaten eta gure eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izan dezaten, udan bezalaxe, baita urteko gainerako egunetan ere” esanez amaitu  du Olatz Peon Ormazabal alkateak. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube