Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/07/31

Herri gisa XXI. mendeko desafioei aurre egiteko EAJren lidergoa aldarrikatu du Markel Olanok

Urteroko ohiturari jarraituz, Euzko Alderdi Jeltzalearen sorreraren urteurrena ospatzeko ekitaldi politikoa egin da gaur Mutrikun
Herri gisa XXI. mendeko desafioei aurre egiteko EAJren lidergoa aldarrikatu du Markel Olanok

Alderdi politiko gisa eratu zeneko 124. urteurrena oroitu du gaur EAJk Mutrikun, San Inazio eguneko urteroko ekitaldi politikoan. Beste hainbat ordezkariren artean, Markel Olanok parte hartu du bertan eta, ikurrinaren ohorezko altxatzearen ondoren, Euzko Alderdi Jeltzalearen lidergoa aldarrikatu du herri gisa euskal gizarteak dituen desafioei aurre egiteko garaian. 

Olanoz gain, Mutrikuko ekitaldian izan dira Eider Mendoza eta Aintzane Oiarbide foru diputatuak, eta Deba bailarako hainbat alkate, zinegotzi eta eusko legebiltzarkide. Herriko bi alderdikidek, Mari Karmen Ozkortak eta Eugeni Sanmartinek, igo dute ikurrina eta ondoren bertaratutako alderdikide eta herritarrei zuzendu zaie diputatu nagusia, Zabiel jauregian.

“Herri gisa, XXI. mendeko mundu aldakor honetan, desafio handiak ditugu aurrean”, nabarmendu du Olanok bere hitzaldian. “Gizarte kohesioari eutsi, gure ekonomiaren lehiakortasuna sendotu eta euskara nahiz euskal kultura indartu behar ditugu”, zerrendatu ditu, eta erronka horiei guztiei nazio gisa aurre egiteko eta EAJren “lidergoa” eta “proiektu sendoa” aldarrikatu ditu.   

EAJ eratu eta 124. urteurrenean, alderdi jeltzalea “bizitasunez eta sendo” dagoela aipatu du eledun jeltzaleak. Horren lekuko, azken foru hauteskundeetan Gipuzkoan lortutako “herri babesa” eta lurralde mailan izandako emaitza nabarmenak. “Etorkizunera begira ere herria proiektatzen jarraitzeko, baina, gizarte osoarekin elkarlanari eutsi eta konprometituta segitzera” deitu ditu Mutrikun elkartutako alderdizale eta kideak.

Konpromiso horren lehen elementua, bere esanean, gizarte kohesioak behar du izan. “Gure alderdiaren balio nagusietako bat horixe da, hain zuzen ere, inor bazterrean utziko ez duen herria eraikitzea. Horretarako eredu bat eraikitzen joan gara Euskadin  azken hamarkadetan eta, orain, mundu guztian gizarte desberdinkeria areagotzen ari den unean, apustu hori sendotzearen alde egin behar dugu”, aipatu du Olanok. 

Bide horretan beste alderdi batzuk “hitz asko baina benetako ekintza gutxi” mahaigaineratzen duten bitartean, EAJk Foru Aldundian abiarazitako Elkar Ekin plana goraipatu du. “Herrialde bat gero eta desberdinagoa denean, populismoa eta xenofobia zabaltzen dira bertan. Horrelako fenomenoei aurre egin eta, lan duin baten bitartez, pertsona guztien integrazioa bultzatuko duen egitasmoa garatu dugu”, jarri du adibide gisa.

Euskal Herriaren desafio nagusien artean kokatu du, baita ere, ekonomiaren lehiakortasuna indartzea. “Momentu gozoa bizi dugu ekonomikoki, baina beharrezkoa dugu, hemendik 10-20 urtera gizarte duin eta kohesionatu bat edukitzen jarraitu nahi badugu, estrategia industrial eta ekonomiko bat”, gogoeta egin du. Alor horretan ere EAJren “lidergoa” nabarmendu du, espezializazio adimentsuaren bidetik ekonomia eta lanpostu berriak bultzatzeko garaian.

Orain dela 124 urte EAJren sortzaileek egin bezala, baita ere, euskararen eta euskal kulturaren sendotzean jarri du arreta Olanok. Beste ustez, “euskararen geroa bermatu” nahi bada, eskura dauzkagun “eraldatze palanketan” eragin behar du euskal gizarteak –lan munduan, kirolean, kasu– gizarte osoan hizkuntzaren erabilera zabaldu  dadin.

Horretarako guztirako, EAJren proiektuaren balioak eta “kudeatzeko gaitasuna” azpimarratu ditu diputatu nagusiak. Horren lekuko, Deba-Mutriku errepidea berritzeko garaian alderdi jeltzaleko arduradunek erakutsitako “ardura” eta lurralde orekarekiko konpromisoa, proiektu horri “lehentasuna” emanez. Apustu horren ondorioz, jakinarazi duenez, errepideko errail bat dagoeneko irailaren lehen astean trafikora zabalduko da eta 2020ko urtarrilaren amaieran, berriz, Deba-Mutriku errepidea erabat berrituta zabalduko da. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube