Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/07/18

EAJ-PNVK Touring Kirol Elkartea eta futbol taldeko beteranoak omenduko ditu Madalenetako XII. haurren krosean

Urtero legez, ohitura osasungarriak sustatzea eta kirola eginez haurrek ondo pasatzea helburu hartuta jeltzaleek antolatzen duten lasterketan parte hartzera animatu dituzte Errenteriako neska-mutikoak
EAJ-PNVK Touring Kirol Elkartea eta futbol taldeko beteranoak omenduko ditu Madalenetako XII. haurren krosean

Errenteriako EAJ-PNVk prentsaurreko bidez aurkeztu du gaur urtero antolatzen duen Madalenetako Haurren Krosaren  XII. edizioa eta aurtengo omenduen izenak ezagutzera eman ditu. Urtero bezala, Errenteriako EAJ-PNVk antolatutako haur krosa ospatuko da Madalenetan, uztailaren 24ean. Elixabete Murua, Errenteriako EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren lehendakariak azaldu duenez, lasterketa 3 mailatan banatuko da: txikienak (2010-2011 artean jaiotakoak), kimuak  (2008-2009) eta haurren mailakoak (2006-2007). Txikienek  850 m. egingo dituzte, kimu edo alebinek 1000 m eta azkenik, haurren mailakoak 1500 metrotan arituko dira lasterketan hiri erdigunetik.  “Batzoki paretik irtengo dira, Koldo Mitxelena plazan, 12:00etan eta beste urteetan bezala, aldagelak ezarriko dira Batzokian parte hartzaileentzat” jakinarazi dute. Lasterketa antolatzaileek sariak banatuko dizkiete garaileei eta sari banaketarekin batera Touring K.E. eta futbol taldeko beteranoak omenduko dituzte.

Errenteriako EAJ-PNVk urteak daramatza kirolaren aldeko autua eginez herriko kirol talde eta kirolariak omentzen, helburu hartuta haien lana eta ibilbidea balioan jartzea eta Errenteriako kirolaren alde egiten duten ahalegina aitortzea.  Esan bezala, aurten jeltzaleek Touring K.E. eta futbol taldeko beteranoak omenduko dituzte, gure herrian kirolari eta, zehazki, futbolari egindako ekarpenagatik.

“1923ko ekainaren 22an sortu zuten Touring Avelino Salaverríak, José Arbelaizek, Julio Letek, Antonio Fernándezek, Javier Salaverríak, José L. Oyarbidek, Angel Osesek, Antonio García Hernándezek, Juan José Ceberiok, Agustín Cemborainek, Juan M. Garmendiak, Melchor Echegoyenek eta Hermógenes Basterrak Errenteriako futbol taldea martxan jartzeko asmoz. 4 urte geroago lortu zuten talde ez federatuentzako Gipuzkoako Txapelketan parte hartzea eta baita irabaztea ere eta hurrengo urtean talde federatuekin lehiatzea lortu zuten, eta baita 1933an Gipuzkoako Kopa irabaztea ere. Ia 100 urteko ibilbide luze honetan lehenengo taldeak maila desberdinetan jokatu du, 3. mailara heldu zen taldea lehen aldiz 55-56 denboraldian eta 2.B mailara 92-93 denboraldian. Urte gorabeheratsuak izan dira lehen taldearentzat mailari dagokionez, aurtengoan Ohorezko Mailara igotzea berri pozgarria izan da zalantzarik gabe, baina Touring K.E.k guretzat duen baliorik handiena da ia 100 urtetan gure herrian kirola eta, zehazki, futbola bultzatzen egindako lana. 1923an sortutako talde hartatik egungo 19 talde eta ia 400 jokalaritara heltzea ez da meritu exkaxa. Azken urteak ez dira bereziki errazak izan, baina Touringek ilusioa berpizten eta elkartea biziberritzen jakin du eta Errenteriarren babesa eta atxikimendua lortzeko egindako lanarekin, Touring K.E. gure herrian are gehiago errotzearekin batera, Errenterian futbolaren etorkizuna bermatzea lortu dutela uste dugu, maila guztietan gainera, txikienetatik hasi eta lehenengo taldera arte, neskak nahiz mutilak. Touring K.E. omentzeaz gain, gure herriko futbol taldeko jokalari beteranoenak ere omenduko ditugu, taldearen iragana eta etorkizuna lotuz. Beren gaztaroan Touringen eta, ondorioz, Errenteriaren koloreak defendatzen lan bikaina egin zuten Luis Etxebeste “Luisin”, Ricardo Garcia “Caldo”, Jose Luis Otaegi “Yiyí”, Paulino Portu eta José Luis Alzugarai jokalariak, hain zuzen” azaldu du Elixabete Muruak. “Jokalari beteranoei egingo diegun omenaldiaren bidez, aitortza egin eta eskerrak eman nahi dizkiegu taldetik pasa diren jokalari guztiei eta Touring K.E.-ri eskerrak emateaz gain, urte luzeetan egindako ibilbideari jarraipena emateko gure bultzada eman nahi diogu” jarraitu du buruzagi jeltzaleak.

Jeltzaleek, Errenteriako neska-mutiko guztiak lasterketan parte hartzera animatu dituzte. Parte hartzaile bakoitzak Batzokiko kirol taldeko kamiseta bana jasoko du izen-ematearekin batera eta lasterketaren amaieran, indarrak berreskuratzeko, mokadutxo bat ere izango dute. Izen-ematea egunean bertan, 10:00etatik aurrera egin ahal izango da Batzokian. 

Azkenik, EAJ-PNVk, eskerrak eman nahi izan dizkie laguntzaileei, Ayestaran bitxitegia, Iparbus, Frutas Rosarito, Bar Juli, Irrintzi taberna, Batzokia jatetxea, eta bereziki, antolakuntzan izugarrizko lana egiten duen Club Atlético  Renteria-ri.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube