Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/05/24

Bilduk gu imitatzeko daukan grinak garbi erakusten du EAJk asmatu egin duela estrategia politiko eta sozialean

Lurraldeko hautagaiak eta bolondresak elkartu ditu gaur EAJ-PNVk hauteskunde kanpainaren azken txanpan; Joseba Egibarrek adierazi duenez, EAJri botoa ematea da Euskadik “politikoki hazten” jarraitu dezan “aukerarik eraginkorrena”
Bilduk gu imitatzeko daukan grinak garbi erakusten du EAJk asmatu egin duela estrategia politiko eta sozialean

“Itsukeria, iluntasuna, inposaketa eta itxurakeriaren aurrean, eskaintzen dugu argitasuna, gizartearekin elkarlana eta benetakotasuna”, adierazi du gaur arratsaldean Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek. Donostian egindako ekitaldi politikoan azaldu duenez, Euskadi “politikoki hazten” jarraitu dezan beharrezkoak dira “pauso eraginkorrak, pazientzia demokratikoz eta determinazioz beteak”, eta horretarako “EAJri emandako botoa” da eragikorrena. Ordezkari jeltzaileak hilaren 26ko hauteskundeak “etorkizunerako” bide horretan egindako “mugarria” izango direla aurreratu du.

Egibarrekin batera, Markel Olano diputatu nagusiak eta Eneko Goia alkate donostiarrak EAJ-PNVko hautagai eta bolondresekin egindako topaketa batean parte hartu dute eta eskerrak eman dizkiete azken asteotan kanpainaren prestaketan eta garapenean erakutsitako konpromiso eta ahaleginagatik. Ekitaldi politikoaren ondoren, guztiak batera musikarekin gozatu eta mokadutxo bat jateko aukera izan dute, okasiorako Jose Mari Sert plazan jarritako euskal food truckbati esker.

Egibarrek gogorarazi duenez, azken legealdi honetan, herrietako eta Aldundiko gobernuek, EAJren gidaritzapean, “korapilo batzuk askatzea” lortu dute eta elkarbizitzak asko egin du hobera, eta “jendeak hala aitortzen” duen moduan. “Gure jarrera horixe da. Pertsona orori entzun, partekatu, akordioak itxi eta aurrera egin”, sakondu du eta horrexegatik, gehitu duenez, ez du onartuko “justizia sozialaren” inguru lekziorik “gauche divine ala gauche caviar” izan zalantzan dauden “iraultzaileengandik”.

Testuinguru horretan, Egibarrek nabarmendu du ezker abertzaleak “umezurtz” dagoela “proiektu politiko baten bila”. “Bilduk gu ordezkatzeko eta imitatzeko daukan grinak garbi erakusten du EAJk asmatu egin duela bere estrategia politiko eta sozialean”.

Egibarrek nabarmendu du datozen hauteskundeak “aukera bat” direla EAJk herria “indartzeko” eskaintzen duen proiektu hori sendotzen jarraitzeko, dela zutabe “sozio-politikoan”, dela “zutabe politikoan”. “Erreferentzia” gara Europan, gizabanakoen “eskubide sozialei” dakoienez, nahiz “politika ekonomikoen” alorrean. “Baina herri honek politikoki hazten jarraitu behar du, baita ere, eta horretarako behar ditugu tresnak arazoak konpontzeko aukera emango digutenak eta gure geroaren jabe izateko aukera emango digutenak”, azaldu du.

 

“Lehia estua”

Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, behin berriro ere datozen Udal eta Foru Hauteskundeen “berebiziko garrantzia” azpimarratu du eta gogorarazi du herritarrek aukeratu beharko dutela “desegonkortasunera itzultzea” ezker abertzalearen eskutik ala EAJ-PNVk eskaintzen duen “egonkortasunetik aurrera” egiten jarraitzea. “Iraganera bueltatu ala etorkizunerantz pausoak ematen jarraitu”, kontrajarri du Olanok, zeinek aurreikusten duen “oso lehia estua” Gipuzkoan, lurraldearen etorkizunerako “erabakigarriak” izango diren hauteskunde hauetan. 

“Asko daukagu jokoan, Gipuzkoak asko du jokoan, berebiziko aukera dugulako gure lurraldea sozial eta ekonomikoki sendotzen jarraitzeko”, ohartarazi du. Olanok animatu ditu bertan elkartutako guztiak “azken sprintera arte” lanean jarraitzera. “Amaierara arte oso lehia estua izango da”, berretsi du, ezker abertzalea eta EAJ-PNVren artean hauteskundeak irabazteko lehiaz ari dela. Atletismoarekin eta arraun munduarekin konparatuz, adierazi du garaipenak “askotan, distantzia handiez ari garenean ere, azken metroetan eta paladetan” erabakitzen direla. “Azkeneko ahalegin bat eskatzen dizuet, boto bakoitzak izugarrizko balioa duelako, gizarterako oso baliotsua delako, ezinbestekoa delako Gipuzkoa sendo bat eraikitzen jarraitzeko”, osatu du.

EAJ-PNVren proiektuaren ezaugarrietan jarri du arreta Olanok ondoren, jeltzaleen eredua “argia, sendoa, eraginkorra eta etorkizunez betetakoa” dela adieraziz. Proiektu honi “bidea emateko” eskatu dio gizarteari, gisa horretan “gizartearekin lankidetza estuan” segitzeko, etorkizuneko sektore ekonomikoen aldeko apustua eginez,  “lanpostu gehiago eta kalitate hobeagokoa”  bultzatuz eta egitasmo sozial berritzaileak sustatuz “desberdinkeria murriztu dadin”. “Horren guztiaren lekuko nagusia da azken lau urteotan egindako lana; Gipuzkoa paralisitik eta ataskotik atera dugu, lurraldeko azpiegiturak modernizatu ditugu eta ekonomia eta gizarte politikei lehentasuna eman diegu”.  

Donostiak aurrera egiten jarraitu dezan

Bestalde, Donostiako alkate eta alkategai Eneko Goiak adierazi du azken hilabeteotan, eta azken hamabost egunetan baita ere Donostiako auzoetan euren hiri-eredua aurkezten egon direla. Eta hiri-eredu horrek protagonista egiten ditu donostiarrak, hiria hazten eta aurrera egiten jarrai dezan. Ildo beretik, Goiak honakoa azpimarratu du: "Akordioa eta elkar-ulertzearen bidez aurrera egingo du Donostiak. Eta horri esker, egonkortasuna eta proiektu asko martxan jartzea lortuko da. Eta horrela egiten jarraituko dugu, hiriak beste liga batean egoteko jauzia eman dezan".

Era berean, Donostiako alkate berriro izateko hautagaiak bere eredua, hain zuzen ere, elkarrizketa eta lankidetza sustatzen duen eredua, eta Ezker Abertzalearen eredua, hain zuzen ere, iraganera begiratzen duen eredua, alderatu ditu, eta segidakoa gogoratu du: "Hauteskunde hauetan arriskua dago eman diren aurrerapauso guztietan atzera egiteko. Hortaz, donostiar guztioi eskatu nahi dizuet igandean hautes-ontziak ilusioz betetzeko eta zuen konfiantza emateko, izan ere, ez dizuegu hutsik egingo". 

Azkenik, Eneko Goiak esan du, bere taldeak Donostia eta donostiarrekiko erabateko konpromisoa duela: "Donostiarako gure egitasmoa modu zentzudunean eginda dago, bihotzarekin eginda dago. Eta helburua da, hiria zorrotz eta konfiantzaz kudeatzen jarraitzea, hain zuzen ere, azken lau urte hauetan egin dugun bezala".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube