Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/05/08

Ana Leunda hautagai jeltzaleak talde “sendoa, konprometitua eta anitza” aurkeztu du

Kudeaketa eraginkorra, herritarrengandik hurbila eta iruratarren beharrei erantzungo dien ereduan oinarritutako taldea du EAJ-PNVk Iruran
Ana Leunda hautagai jeltzaleak talde “sendoa, konprometitua eta anitza” aurkeztu du

EAJ-PNVren alkategaiak, Ana Leundak, datozen udal hauteskundetarako zerrenda-kideak aurkeztu ditu. “Egindako lanarekin harro gaude, azken lau urte hauek oparoak izan dira, baina egiteko asko dago oraindik”, azaldu du Ana Leundak. Taldeak hartutako konpromisoa eskertu die eta lan talde “sendoa” aurkezten duela azpimarratu du, pertsona “zintzo, langile, arduratsuez” osatua, “ilusioa eta balioak” dituena eta, batez ere, “herria maite dutenak”. “Datozen lau urteetan orain arte egindakoan sakonduko dugu eta Irurako etorkizuneko erronkei erantzungo dieten proiektuak jarriko ditugu martxan”. EAJko lan-taldeak helburu berdinarekin egingo du aurrera: “Iruratar guztion ongizatearen alde”.  

Horren harira, Leundaren hitzetan “kudeaketa eraginkorra, herritarrengandik hurbila eta iruratarren egiazko beharrei erantzungo dien ereduan oinarritutako taldea” aurkezten dutela esan du. Horretarako hainbat konpromiso zerrendatu ditu EAJ-PNVko hautagaiak: lanpostu gehiago eta kalitate hobeagokoak, alokairu sozialen sustapena, oinezkoentzat gune berria Gregorio Ameztoi eta Pello Arrese arteko kalean, kirol-guneetan eta udaletxean eraberritze lanak, Laskibarretik Irurako erdiguneraino iritsiko den bidegorri berria eta abar. “Etorkizunean ere, elkarrekin eta elkarlanean Irura indartsuago baten alde landuko ditugu gai horiek”. Hautagai jeltzaleak ez du ahaztu iruratar identitatea sendotzearen alde egingo duten apustua. “Gure herriaren nortasuna zehazten dute xareak, euskarak, dantzak, musikak… Orain arte bezala, horiek guztiak sustatzen jarraituko dugu, Irurak berezko duen nortasun euskalduna indartzeko”, gehitu du.

Ana Leundak adierazi du “ilusioz eta arduraz” aurkezten direla berriro Irurako alkatetzarako. “Ilusioz, azken lau urtetan abiatu ditugun proiektuak finkatu eta eskuartean dauzkagun hamaika ideiak aurrera eramateko. Eta arduraz, gure herriari behar duen etorkizun sendoa ematea ez delako nolanahiko erronka”. EAJ-PNV ordezkatzen duten kideak prest daudela esan du, “herritarrenganako konpromisoa berretsi, hitza bete eta kudeaketa fina egiteko borondate ona daukagulako”, hain zuzen ere. Herriari behar duen bultzada ematen jarraituko dutela nabarmendu du, eta azpimarra jarriko dute bai arlo ekonomikoan baita arlo sozialean ere. “Orain arte bezala, politika publikoei berebiziko garrantzia emango diegu, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetu nahi ditugulako”, esan du.

Herria etorkizun hobeago baterantz gidatu nahi dugu. Proiektu argia dugu, EAJ-PNV eredu sendoan oinarritua, badakigu herritarrak entzuten eta prest gaude lanean gogotsu jarraitzeko”, esan du zerrendaburuak. Azken lau urtean Iruran “aldaketa nabarmena” egon dela azaldu du Leundak: “emandako hitza bete dugu eta herritar guztien alde egin dugu lan”. Hiru ardatzetan oinarritutako gestioa eraman du aurrera Irurako udalak legealdi honetan, “hemendik aurrera indartzen eta garatzen jarraituko” dituzten alorrak: ekonomiaren indarberritzea, gizarte politiketan sakontzea eta hirigintzan proiektu zehatzak aurrera eramatea. “Arduraz eta zintzotasunez kudeatzen jarraitu nahi dugu, elkarlanetik, gai horiek guztiak aintzat hartuz. Irura sendo baten alde egiten jarraituko dugu. Irurari eta irurarrei bide emanez”, laburbildu du Leundak.

Irurako zerrenda:

  1. Ana Leunda Gurrutxaga. Administraritza ikasketak. 2015-2019. legealdian Irurako alkatea.
  2. Jose Ramón Epelde Irizar. Enpresaria. 2015-2019. legealdian zinegotzia.
  3. Cristina Santos San Sebastián (independentea). Puerikultura ikasketak. 2015-2019. legealdian zinegotzia.
  4. Marta Castrillo Iturralde (independentea). Administraritza ikasketak.
  5. Xabier Izaguirre Gomez. Eusko Jaurlaritzako langilea.
  6. Kepa De la Iglesia Sánchez. Industria teknikoaren Ingenieritza ikasketak. Eusko Jaurlaritzako langilea. DBHko irakaslea. 
  7. Anaje Armendariz Leunda. Doktorea eta Informatikako ingeniaria. Bilboko UPV/EHUko  Ingenieritza Eskolako irakaslea.
  8. Amaia Ormazabal San Martín (independentea). Administraritza ikasketak.
  9. Jesús Mari Alonso Insausti. Elektrizitatean teknikari espezializatua izateko ikasketak. 2015-2019. legealdian zinegotzia.
  10. Begoña Urcola Odriozola (independentea). Langile autonomoa.  
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube