Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/05/11

Joseba Egibar: “EAJren aurka joatea da ezker abertzalearen kohesio elementu bakarra”

GBBko lehendakariak adierazi du “ezinezkoa” dela “gure herriaren etorkizuna eraikitzea balore partekaturik gabe”. Alderdi jeltzalea kokatu du “motor” eta “etorkizuneko aukera bakar gisa”, EH Bilduren “proiektu faltaren aurrean.
Joseba Egibar: “EAJren aurka joatea da ezker abertzalearen kohesio elementu bakarra”

Zumaia eta Orioko datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagai Oier Korta eta Lourdes Salsamendi babestu ditu gaur Joseba Egibar GBBko presidenteak, haien hautagaitzen aurkezpenetan, ekitaldi politiko banatan. Bertan, adierazi du “proiektu faltaren aurrean, EAJren aurka joatea” izan dela ezker abertzalearen “kohesio elementu bakarra”: “ETA desagertu zenean, bakoitza bere aldetik joan zen; ekologistak, feminismoa, plataformak… Zailtasunak izan dituzte horiek guztiak uztartzeko, eta eduki duten gauza bakarra EAJri contra egotea izan da. Denbora beharko da hori aldatzeko, eta elkarlanerako guneak sortzeko”, aurreratu du.

Egibarren arabera, abertzaletasunaren ikuspegitik, “bi aukera egon dira eta daude nagusiki etorkizunari begira: gurea eta ezker abertzalearena, orain beste forma batekin datorrena EH Bilduren barruan. Orain esaten dute ez direla ezker abertzalea, independentista baizik. Aberria, nonbait, dagoeneko ez da uztargarria beraien estrategiarekin. Guk, ordea, gure aberria, gure nazioa, aldarrikatzen dugu. Nik ezin dut ulertu nire ibilbide politikoa, nire herriari, eta gure hizkuntzari, gizarte politikari edo elkartasunari lotuta ez bada”. Nabarmendu duenez, abertzale izatea da “elkartasun hori bermatzea etorkizunari begira. Balore partekatu horiek gabe aberrigintza edo naziogintza nekez jorratuko daiteke”.

Ezker abertzaileari dagokionez, aipatu du orain “ezkerra” omen dela “bere lotura nagusia, PSOE eta Podemosekin elkartzen dituena. Baina zer alternatiba espero dezakegu hortik? Zergatik ez dira ausartzen EAJrekin gure etorkizunaren helduleku nagusiak kontrastatzera? Abertzale izateak esan nahi du persona jartzen dugula ardatz, bere giza eskubideekin eta eskubide sozial eta politiko guztiekin, eta baita gure herriaren eskubide kolektiboak ere. Horregatik defenditzen dugu Argitasun Lege hori, beharrezkoa delako gurea bezalako herriek Europan leku propioa eduki dezagun. Prozedurak jarri behar dira martxan herri honen gehiengoak modu librean hartutako erabakia errespetatua izan dadin. Eta harreman politiko berri bat behar dugu Estatuarekin”, aldarrikatu du. 

Egibarrek iragarri duenez, Europan integratutako Euskadi baten eredu sozio-ekonomikoa defendituko dute. “Bidea emateak ez du esan nahi pasatzen uztea, baizik eta indarra era babesa ematea, baita akuilua erabiltzea ere, baina beti herritarrekin bat eginda, aberrigintzan ezinbestekoa delako konpromisoa. Guk badugu hori. Eta baita proiektu sendoa ere udalerrientzat, lurraldeentzat eta gure herriarentzat”. EAJ “sozialki aurreratua” dela gogorarazi du. “Ezinezkoa da EAJ ezkerretik aurreratzea, politika horiek benetakoak eta bideragarriak izango badira. Nazio eraikuntza eta eraikuntza soziala bi txanponaren aldeak dira. Diru sarrerak bermatu behar dira gastu soziala egin ahal izateko. Batzuetan lehentasunak ezarri eta ezetz esaten ere jakin behar da”. 

GBBko presidentearen irudiko, joan den apirilaren 28ko emaitzek emandako “indarrari” eusten diote jeltzaleek, baina “dena” eman behar da datozen hauteskundeetan “ondo irabazteko”: “Gure esku dago. Etorkizunari begira, herrigintzan sinesten badugu, motor nagusia EAJ da.  EAJ da, beste batzuekin batera, gure politika industrialaren edo energetikoaren oinarriak ezarri dituena erakundeetatik. Garaikoetxearen lehen gobernuetatik Garcia Egocheaga edo Azuarekin jarraitu, eta gaur egun Arantxa Tapiarekin, apustu jarraitu bat dago gure ongizatearen oinarrien alde”.

 Aldiz, jaio zenetik, ezker abertzalea “ETAren mugimenduaren inguruko koltxoi soziala izan da”, haren esanetan. “ETA desagertu egin da, zorionez, baina koltxoi hori ez. Horrek azaltzen du nola batzuetan, ezer egin gabe, soilik kontra eginez eta proiektu alternatiborik gabe, botoak lortzea”. Nolanahi ere, Egibarrek argi utzi du haien “porrot politikoa, soziala eta estrategikoa” agerikoa dela. “Eta horrekin batera, bere ondorio larri eta krudelak ere bai, giza eskubideen ikuspegitik, baina baita abertzaletasunaren ikuspegitik ere. Ez zuten proiekturik, eta ez dute oraindik ere, ez Zumaiarentzat eta ezta Gipuzkoarentzat ere, urte askotan zehar ETAk bere uztarriaren azpian mantendu zituelako, herri proiekturik garatu gabe. Ez zuten ausardirik izan, hamarkadetan zehar, ETA geldiarazteko. Hori beraien ardura da, aldaezina. Azalpen bat zor diote herri honi”.

Bide politiko eta demokratikoen alde egiteak badu, nabarmendu duenez, “osagai etiko bat, gure herriarekin eta bere bizitzarekin harremanduta egotearena. Beraiek ez zuten horrela ikusten eta horrek eraman ditu porrota politikora. Orain, porrota politikoari, soziala ere erantsi behar zaio. Horregatik ez dituzte aurrekontuak adostu nahi. Posible da, diru atalak eztabaidatzea baino ez da. Baina beraien porrot soziala, eta eredu alternatiborik ez edukitzea ezkutatu nahi dute. DBL beraiek aipatzen hasi direnetik existitzen dela uste dute, baina 28 urte dira jada martxan jarri genuela”.

Ildo beretik, GBBko presidenteak gogorarazi du ezker abertzalea “nahi zuenean” joaten zela “Eusko Legebiltzarrera. Joan, etorri, gero desagertu… gauza bera Madrilen ere. Arlo instituzionala beste estrategia mota batzuen mende zegoen. Udaletan bakarrik parte hartu dute, kudeaketa kaskarra eginez. Kanpaina honetan, lurralde mailako hautagaiak desagertuta daude. Badirudi Arnaldo Otegi aurkezten dela. Horrek erakusten du ez dutela gurekin proiektuak eztabaidatu eta kontrastatu nahi”, amaitu du.  

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube