Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/05/02

Gurea zaintzeko egin genuen deiari erantzun diote herritarrek azken hauteskundeetan

Joseba Egibarren esanetan, “Euskadiren etorkizuna arriskuan ikusteak” bultzatu ditu herritar ugari bozka ematera. Urola Kostako hautagaiak aurkezteko ekitaldi politikoan, konfiantza eskatu du EAJk etorkizunean “herrigintzaren motorra” izaten jarrai dezan.
Gurea zaintzeko egin genuen deiari erantzun diote herritarrek azken hauteskundeetan

GBBko presidente Joseba Egibarrek adierazi du herritar askok “gure etorkizuna arriskuan ikusi izanak” azaltzen dituela, besteak beste, EAJk joan den igandeko hauteskundeetan lortutako emaitza onak: “Igoera hori berdin gertatu da Barakaldon, Agurainen edo Zarautzen”. Datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako Urola Kostako hautagaitzak aurkezteko egindako ekitaldi politikoan zabaldu du mezu hori, Xabier Txurruka, Aitor Urresti, Lourdes Salsamendi, Oier Korta eta Nekane Arrizabalaga, hurrenez hurren Zarautz, Getaria, Orio, Zumaia eta Aiako zerrendaburuek, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Deba-Urolako hautagaitzako ordezkariek lagunduta, horien artean Maria Eugenia Arrizabalaga zerrendaburua.

Igandeko emaitzen irakurketari helduta, esan du badagoela “oso momentu jakinetan” botoa ematera doan jendea dago. “10 puntuko aldea inork ez zuen iragarri partaidetzan. Argi dago herritar batzuk bereziki mobilizatu egin direla, Estatutua, Kontzertu Ekonomikoa, edo autogobernua kinka larrian ikusi, eta gurea zaindu behar dugula uste izan dutenak, gurea babesteko deiari erantzunez”.

Haren esanetan, alderdi sozialistak uste zuen “beraientzat” izango zela parte hartzearen igoera hori, Euskadin ere bai. “Sanchezek ez zeukan hauteskundeen beharrik. Bere kalkuluak eginda zeuzkan, eta Legebiltzarrean denbora eskaini bagenion ere, erabaki zuen hauteskundeak deitzea, komeni zitzaiolakoan”. EAJren emaitzek sozialisten artean “kezka” piztu dutela erantsi du. “Jesus Egiguren irakurketa hor dago. Hemen ere izugarrizko emaitza lortuko zuela uste zuten. Eta bere buruari galdetzen diote nola eduki duen EAJk halako indarra garai eta egoera honetan”. Eskerrak eman dizkio alderdiari babesa eman dioten guztiei eta “abstentzioatik” atera direnei ere: “Orain erantzukizuna dator. Indar hori ondo kudeatu behar dugu”.

Egibarrentzat, Euskadin eta Katalunian indar abertzaleek lortutako emaitzek erakusten dute “erantzun sendoa” eman zaiela Espainiako agintariei, “gure alderdiak ’capítulo de otros’-en dauzkatenei. Esan diegu errespetatzeko hemen orain arte egindakoa eta hartu behar ditugun erabakiak”. Edonola ere, “tentsioari eusteko” deia egin du, udal hauteskundeei begira. “Momentu bereziak bizi ditugu, asko dugu jokoan. Hilaren 26an bigarrengo buelta edo itzuliko partida jokatuko da. Herrigintza da herri honen benetako motorra. Herrian sinesteaz aparte, herria errespetatzeaz aparte, proiektuak aurkeztu behar dira aurrera egiteko. Herri txikienetatik hasi, eskualdeetatik pasa eta nazio ikuspegia mamitu arte, proiektu beraren zatiak dira gure programak”, azaldu du.

Horri helduta, politikan motorrak behar direla gaineratu du, eta azken hamarkadetan EAJk bete duela egiteko hori. “Niri poza ematen dit ETAko buruzagi ohi bat botoa ematen eta argazkia ateratzen ikustea. Baina 95ean eta 98an, Lizarran, esaten zigutena gogoan dut. Guk esaten genien herriari zor ziotela borroka armatua uztea, EAJk ez zuela haiekiko inolako zorrik. Beraiek, berriz, erakunde guztiak desegin behar zirela, Jaurlaritza, Diputazioak, Udalak, eta oinarri berri batzuetatik eraiki behar zela. Ezezko irmoa eman genien”.

“Orain bide politiko eta demokratikoetar etorri dira, ongi etorriak. Baina 40 urte luze hauetan zertan ibili diren ikusita, zer sinesgagrritasun daukate?”, jarraitu du. “Beste batzuk, Garcia Egocheaga, Jon Azua, edo Arantza Tapiarekin, erakutsi izan dugu bagenuela herri ikuspegia, gure industria, azpiegiturak, energia edo gizarte babeserako sistema bultzatzeko. Non zeuden beraiek?”, galdetu du. 

“Pozgarritzat” jo du bide politikoen aldeko hautua, eta “babesa” agertu dio ezker abertzaleari, “baina bide horietara derrigortuta etorri direnak lezioak ematea” kritikatu du. “Guk ez daukagu inongo ardurarik beraien porrotan, estrategia politiko militarraren porrotan. Aldaezina da erantzukizuna. Garbi azaldu behar da. Giza eskubideetan guztien errespetuan oinarritutako elkarbizitza finkatzeko, horien urraketak ezin dira justifikatu, ez lehen, ez orain eta ezta etorkizunean ere. Oraindik asko falta da benetako errespetua hori lortzeko”.

“Eraiki dugunetik abiatuz, etorkizuna irabazi behar dugu”, azpimarratu du GBBko presidenteak. “Ez du balio bertan gelditzea edo atzera etortzea. Abian jarri nahi ditugu Getaria, Gipuzkoa eta Euskadi, zer eta nola egin guztion artean erabakiz. Badaukagu herri ikuspegia eta tokian tokiko ikuspegia, hori da gure indarra, talde lanean gara sendo. Herrietatik hasita, naziogintza ikuspegiarekin”. Gabriel Arestiren olerkiarekin amaitu du hitzaldia: “Gure ekintza izan behar du emandako hitzaren alaba, lana eta nekea dira zorionaren alaba”.

Deba-Urolako zerrandaburu Maria Eugenia Arrizabalagak, berriz, eskertu egin du EAJko hautagaiek emandako pausoa, bai Urola Kostan eta baita beste eskualde eta lurraldeetan ere. “Datozen lau urteetarako Urola Kostako herriek aurrera egiteko behar dituzten gizon eta emakumeak dira, ez bakarrik, alkategaiak, baita beraien lan taldeak ere. Eskertzekoa da herrigintzaren alde emandako aurrerapausoa, garai indibidualista hauetan ohikoa ez dena”.  

Ezker abertzalearen diskurtsoarekin kritiko azaldu da. “Eurak eskuintzat dutena, EAJ desagertarazteko grinak, agerian uzten du behin betiko konplexu eta ajeei helduta jarraitzen dutela. Ez da gauza berria. Beraien proiektu politikoa definitzeko zailtasunak dituzte eta irtenbide bakarra EAJrengan konfiantza jartzen duten abertzaleekiko mespretxua agertzea da. Baina asko dira abertzale horiek”. Atzera begira, gogorarazi du “Bilduren alternatiba” zein izan zen. “Atzerapausoak, inposizioa eta dogmatismoa, demokrazioaren arau nagusia urratuz, hau da, gehiengoaren iritzia, agintean gutxiengoan egonda ere”.

“Guk ez genuen eragotzi haien jarduna, zuzentzen saiatu bai. Lau aurrekontuetatik hiru ahalbidetu genuen, ahal zena zuzenduz. Guk, ordea, azkeneko lau urte hauetan Bilduren erantzun bakarra eta sistematikoa eduki dugu: ezetza eta ezezkoa. Diferentzia nabarmena dago bion arteko ereduetan. Gurea da inor ez deskalifikatzea eta inorren gainetik ez  jartzea. Ezer baino lehen dakigu gure herria errespetatu behar dugula, eta baita bere erabakia errespetarazi ere. Argi eduki dugu beti gure burua ezin dugula herriaren gainetik jarri, eurek ez bezala”.

“Erronka potoloak”

Aitor Urresti Getariako alkategai jeltzaleak, berriz, Urola Kostako herrien arteko elkarlana nabarmendu du. “Lau urteotan udalgintzan jardun dugu 5 hautagaiok eta estuki egin dugu lan Urola Kostako herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko. Osagarri izan gara eta balio handia du lankidetza honek”. Erantsi du “bidean direla, hilabeteetako lanketa atzean utzita”, eta aipamena eginez 1519-1522 bitartean Elkanok munduari bira eman zioneko 500 urteurrenari, lan horri bultzada emateko: “Prest ditugu gure bost ontziak munduari buelta emateko, ilusioa, grina eta, batez ere, herria eta herritarrengatik lan egiteko gogoz beteriko tripulazioarekin. Konpromisoz eta arduraz jokatzeko prest”.

“Getarian erronka potoloak ditugu hurrengo lau urtetan, eta herria biziberritu, indartu, berritu, modernizatu eta, egungo beharrei erantzunaz, etorkizunerako prestatu behar dugu. Hori da gure proiektua. Urola Kostarekin elkarbanatzen dugun egitasmoaren barruan -gaineratu du alkategai jeltzaleak-, helburu bakarra dugu buruan: getariarrak Getariaz harro sentitzea berriz ere, gure herria maitatzea. Guztion artean, guztiontzako kudeatu behar dugu. Ibilian egiten da, gu bidean gara, eta gurekin ibili hori egiteko gonbita luzatzen dugu”.

 Lan ildoen artean aipatu ditu turismo jasangarria, elkarbizitza, Getariako kulturaren, aktiboen eta ondarearen sustapena, gazteriaren etorkizuneko aukerak, kalitatezko enplegua, edota abadune berriak sortzea Elkanoren zirkunnnabegazioaren 500. Urteurrenaren eskutik. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube