Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/04/18

Aberria behetik gora eraikitzen da, herri txikienetatik hasita

Joseba Agirretxeak, Kongresurako Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaiak, hirigune handiagoen aurrean, udalerri txikien eta landa inguruneen aukera berdintasuna defendatu du.
Aberria behetik gora eraikitzen da, herri txikienetatik hasita

Kongresurako Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaia den Joseba Agirretxeak, jeltzaleen konpromisoa berrestu du udalerri txikiei eta landa inguruneei dagokienez, azpimarratuz “gure eginkizuna aukera berdintasuna eta bizilagunen ongizatea bermatzea da, eta horretarako gure esku dagoen guztia egiten dugu, hemen eta Madrilen”. Agirretxea Gorte Nagusietako gainontzeko hautagaiekin izan da Baliarrain eta Abaltzisketan, Gipuzkoako 49 herri txikietako bitan. Agirretxeak gogorarazi nahi izan du Gipuzkoa txikia dela, udalerri guztien erdia baino gehiago txikiak direla, eta Euskadi eta Gipuzkoa hori ere badirela, “udalerri txikien batuketa”. Gehitu du “nazioa behetik gora eraikitzen dela, txikienetatik hasita”, EAJ-PNVk herri txikien garapenaren alde egin duen “apustu sendoa” azpimarratuz, “denboran etenik izan ez duena”.

Hautagai jeltzaleak balioan jarri ditu ekonomiaren eta enpleguaren sustapena landa ingurunean eta herri txikietan, “behar-beharrezkoa delako gune hauetako lehiakortasuna bermatzeko, zeinak eragin zuzena duen bizilagunen ongizatean eta bizi kalitatean. Izan ere, Euskadi orekatuago bat lortzeko, landa inguruneetako dinamismoa eta ekonomia bultzatzen jarraitu behar dugu”. Horregatik, dio Agirretxeak, “oso garrantzitsua da udalerri hauek erakargarri egitea, jende gaztea bertan geratzeko eta kaleak bizirik mantentzeko; Espainian ez bezala, despopulazioak suposatzen duen arazoaren aurrean neurriak hartu ditugu, urteetan zehar garatu ditugu landa garapeneko politikak, eta landa orekaren alde apustu sendoa egin dugu”.

Kongresurako hautagaiaren hitzetan, helburu horretarako beste atal garrantzitsu bat da digitalizazioarena, “eten digitala atzean uzteko eta familiek, negozio txikiek, enpresek, eskolek eta gainontzeko zentroek, zerbitzu berdinekin, euren jarduna eta bizitza baldintza bertsuetan garatu dezaten”. “Ongietorriak dira lurralde orekaren alde egiten duten politika, neurri eta proiektu oro, bai hemen, baita Madrilen ere”, laburbildu du Agirretxeak, eta gehitu du “EAJ-PNVk hiritar guztien interes eta beharrak defenditu dituela, eta hala egiten jarraituko duela, txikienak eta handienak, Euskadi denen gehiketa garelako; eta mugitzen gaituena Euskadi delako, hemen eta han”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube