Alderdi Eguna 2019

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/04/17

Ortuzarrek Podemosi gaitzetsi dio “Ikurrinarekin mitinak ematen aritzea” “gure autogobernua erasotzeko ekimen piloa aurkeztu ondoren”

EBBko presidenteak gogoratu du talde moreak aurreko kanpainan hitzeman zuela euskal taldea eratuko zuela eta azkenean ez zuela ezer egin: “Ziria sartu ziguten, horrenbeste euskal boto ez dira sekula horren alferrik galdu”
Ortuzarrek Podemosi gaitzetsi dio “Ikurrinarekin mitinak ematen aritzea” “gure autogobernua erasotzeko ekimen piloa aurkeztu ondoren”

EBBko presidente Andoni Ortuzarrek Podemosen zinismoa salatu du gaur. “Iragan igandean, arin batean, Eibartik igaro ziren, Ikurrina eskuan, aurreko legealdian Diputatuen kongresuan euskal autogobernua erasotzeko hainbat ekimen aurkeztu ondoren”. Gaur arratsaldean hirianegin den ekitaldi politikoan jeltzaleen buruak baieztatu duenez “Pablo Iglesiasek euskal autogobernua `blindatzeaz´ hitz egiten digu azken urteotan Diputatuen Kongresuan aurkeztu dituzten ekimen guztiekin Euskadiko eskuduntza propioak eta gure autogobernua erasotzen aritu ondoren”. Ortuzarrekin batera hitz egin duten beste hizlariak izan dira Joseba Agirretxea eta Maribel Vaquero, hurrenez hurren Kongresurako eta Senaturako hautagaiak Gipuzkoatik eta Josu Mendikute Eibarko alkategai jeltzalea. 

“Podemoseko buruek esaten dute orain gure autogobernuaren bermatzaileak izango direla eta gu kritikatzera ausartzen dira, gainera”, esan du Ortuzarrek. “Esaten dabiltza Estatutuarekin salerosketan gabiltzala. Gurea dena, euskal emakume eta gizonena dena erreklamatzea, salerosketan ibiltzea ote da? Zenbatetan eskatu du Podemosek Madrilen Euskadira ekartzea Estatutuan pendiente geratzen diren eskuduntzak? Bakar batean ere ez!!!” erantzun du jeltzaleen buruak, eta Podemoseko euskal diputatuek Espainiako parlamentuan protagonismorik ez dutela nabarmendu du, beren taldean ezerezean geratu direlako. “Esan ziguten, eta ziria sartu ziguten, Madrilen talde propioa eratuko zutela, euskal taldea. Egin zuten?. Ez. Laster batean ahaztu zuten Euskadi. Euskadiko horrenbeste boto ez dira sekula horren alferrik galdu, ez dira sekula horren ordezkaritza eskasa izan. Podemosek huts egin dio euskal hautesleriari. Euskal botoak erabili dituzte Madrilgo “Juego de Tronos“ partikularra egiteko. Euskadi hutsaren hurrengoa izan da Podemosentzat”, baieztatu du.

Ortuzarrek era berean erantzun nahi izan die Albert Riverak Euskaditik egin duen biran eginiko salaketei. “Rivera etorri zen, Espainiako banderarekin jantzita, eta esan zuen nazionalismoa dela `Espainiako eta Europako minbizia´. Zer nazionalismo. Rivera jauna?” galdetu dio Ortuzarrek. “Zurea, agian? Ezberdintasunak ukatzen dituena? Nortasun eta identitate sentimenduak inposatu nahi dituena? Bere naziotasuna hurkoarena ukatzen duena? Eskubide Historikoak pribilegioa direla esaten duena? Hezkuntza uniforme bat inposatzearekin mehatxatzen ari dena? Gaztelaniaren nagusitasuna beste hizkuntzen gainean ezartzen duena?”. Ortuzarrek berak erantzun die galdera horiei guztiei. “EAJren abertzaletasunak 124 urte daramatza pertsona guztien askatasuna, aniztasuna eta giza eskubideak defendatzen. Nazionalismo demokrata eta europazalea da. Gure legebiltzar taldeak 101 urte daramatza Gorte orokorretan. Zu eta zure taldea demokraziara etorri berriak zarete eta errespetu apur bat gehiago erakutsi beharko zeniekete EAJri eta Euskadin euskal abertzaletasunarekin identifikatzen diren pertsonei. Rivera Jauna, lezio demokratikoak EAJri, bat ere ez!” . 

Joseba Agirretxea Diputatuen Kongresurako hautagai jeltzaleak aldarrikatu duenez PSOEren proposamenean “Euskadi aipatu ere ez dute egiten. Espainia, Espainia eta Espainia gehiago. Zuk nahi duzun Espainia, esaten dute. EAJ-PNVk ez du Espainia hori nahi. Euskal herritar guztiok nahi duguna da Espainiak esatea nazio aniztasuna aitortzen duela, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula, demokrazia edozein uste edo irizpideren gainetik dagoela ulertzen eta onartzen duen Estatua dela”. Hautagaiak gaineratu duenez “printzipio demokratikoak dira herriak oinarrian izan behar dituen baloreak. Hala egiten dugu hemen, Euskadin. Hala egiten du EAJ-PNVk, hemen eta han”.

Adierazpen horiei, PSOEk gutunazal batean bilduta bialdu duen hauteskunde propagandaren testuinguruan ulertuta, Agirretxeak gaineratu die “Euskadi guztiz alboratuta utzi dutela” eta berretsi duenez “guk eskaintzen dugu zuk nahi duzun Euskadi. Autogobernu osoaren alde egiten dugulako, bere etorkizuna erabakitzeko gai izango den herriaren alde, zeinetan justizia soziala egongo den eta herritar guztiok duintasunez biziko garen”. Beste alde batetik, Agirretxeak birzentralizazioaz esan du “benetako mehatxua” dela eta “ez arriskua” eta gaineratu du argi eta garbi dutela “zer egingo duen nork”. Edozein kasutan gaineratu du talde jeltzaleak “kezkatzen” duena dela alderdi sozialistak gobernuan jarraitzen badu eta gobernuan Ciudadanosen babesa beharrezko badu “azkenean biek politika berbera egiten amaitzeak” . Gauzak horrela, Kongresurako zerrendaburu gipuzkoarrak gaineratu duenez “kontua ez da soilik Madrilen nork gobernatuko duen,baizik eta Madrilen gobernatzen duena nork baldintzatuko duen”, Euskadin benetako “boto baliagarria” delako “Madrilen gobernatuko duena baldintzatuko duenarena”, amaitu du Agirretxeak.

Maribel Vaquero Senaturako hautagaiak Eibarren gogoratu du apirilaren 28an “asko dagoela jokoan” eta gaineratu du “boto baliagarri bakarra, fundamentua duena, EAJ-PNVren aldeko botoa” dela. “Ezin gara inkesten emaitzekin fidatu, hautesleak mugiarazi behar ditugu, Euskadirentzat eta Euskadiren alde lan egin duen , lan egiten duen eta lan egingo duen taldea gara, hemen eta han”. Vaquerok era berean nabarmendu du EAJ-PNV “Madrilen Euskadiren ahotsa” izateaz gain “belarriprest” ere badela “entzuten dakigulako, entzuten eta euskal herritarren beharrak behar den tokian adierazten dakigulako”. 

Unzaga plazan egin den ekitaldian ere hitz egin du Josu Mendikutek, hurrengo udal hauteskundeetan EAJ-PNVk Eibarren aurkeztuko duen alkategaiak. Mendicuteren hitzetan, apirilaren 28an eta maiatzaren 26an “gure etorkizuna dago jokoan”. Hauteskunde orokorren inguruan esan duenez diputatu jeltzaleek “Euskadi besterik ez dute buruan”, horregatik doaz Madrilera “beti itzultzeko asmoarekin, joan-etorriko bidaia egiten dute”. Mendicuteren hitzetan EAJ-PNV alderdi “ekarlea” da, huts egiten ez duena, Euskal Taldea Madrilera doalako “Euskadirentzat ahal duen guztia ekartzera”. Alkategaiak Eibarren aurreikusten diren hainbat proiektu ekarri ditu gogora, besteak beste Gizarte Segurantzaren Bulegoa Urkizun, NAN agiriaren Bulegoa, Teknologia gunerako finantzaketa eta hobekuntzak pentsioetan, beste hainbat gairen artean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube