Alderdi Eguna 2019

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/04/15

Nortasun pasaitarra balioan jarri eta harrotasun pasaitarra berpiztu nahi ditugu

Horretarako, herriko ondarea eta kultura ezagutzera emateko ekimen berriak sustatzeko eta kultur eskaintza zabaltzeko konpromisoa hartu du Pasaiako EAJ-PNVk. Halaber, Pasaia biziagoa, euskaldunagoa eta kirolariagoa eraikitzeko proiektu berriak abiaraziko dituztela ere esan dute.
Nortasun pasaitarra balioan jarri eta harrotasun pasaitarra berpiztu nahi ditugu

Ekonomia eta enpleguaren eta gizarte politiken ardatzei jarraiki, nortasunari lotutako hauteskunde programako atala aurkeztu du gaur prentsaurrean Pasaiako EAJ-PNVk bere alkategaiaren eskutik. “Pasaia da gure nortasuna eta gure harrotasuna. Gure herriak xarma berezia du, identitate propioa du, ezaugarri bereziak ditu eta horiek indartu eta balioan jarri nahi ditugu, gure ondareari, historiari, kulturari, euskarari eta kirolari lotuta” esanez ekin dio hauteskunde programaren 3. ardatza aurkezteari Nahikari Oterminek, Pasaiako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak.

“Pasaitarrak gara, Pasaian bizi gara eta Pasaia bizi dugu, horregatik ekimen berriak abiaraziko ditugu gure herria ezagutzera emateko eta kultura sustatzeko, herritarrei zein bisitariei jarduera egitarau zabala bezain anitza eskaintzeko”.  Horren harira, gehitu du, Hospitalillon, lur-azpiko aparkalekua eraikitzean plaza sortuko dela bertan, eta horrek aukera emango duela udako gauetan bertan kontzertuak eskaintzeko edota kale-antzerkiak antolatzeko, adibidez.

Herri biziagoa, euskaldunagoa eta kirolariagoa:

Aipatu proiektuen bitartez, Pasaia biziagoa eraikitzea du helburu Pasaiako EAJk, baina ez hori bakarrik, Pasaia herri euskaldunagoa eta kirolariagoa bilakatzea ere helburu dute jeltzaleek.

Kaleetan euskararen erabilerak gora egin dezan, Hizkuntza Politika eraginkorrak sustatuko dituzte. Esaterako, eskola eremutik haratago, kalean, aisialdian eta kirolean euskaren erabilera indartzeko programak abiaraziko dituzte. Pasaia euskalduntzeko ere diru-laguntza lerro berriak martxan jartzeko aukera aztertuko dute eta Euskaltegiko eskaintza bermatuko dute. “Gazteen artean ezagutzak gora egin du, baina ez erabilerak, horregatik, gure herrian euskararen erabilerak gora egin dezan egingo dugu lan” berretsi du Oterminek.

“Ohitura osasuntsuak sustatzea, kirol jarduera indartzea eta herritarrei aisialdi eta kirolerako aukera berriak eskaintzea ere garrantzitsua iruditzen zaizu horregatik, kirolerako eremu berriak sortzeko aukera aztertuko dugu barruti ezberdinetan” adierazi du.

“Nortasun pasaitarra berpiztu nahi dugu eta balioan jarri nahi dugu, herritarrei aukera berriak eskainiz eta Pasaia euskaldunagoa eta biziagoa eraikiz, harro egoteko eta sentitzeko Pasaia eraiki dezagun” esanez amaitu du Oterminek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube