Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Erreferente etiko hain aldakorrak dituen gizarte honetan, guk, gazte erakunde eta alderdi bezala, gure baloreak erakutsi eta irakatsi behar ditugu
Seguruenez, hona etortzen ari zinetela ikusiko zenuten gaur ez garela bakarrak izango Tolosan. Garai batean Gipuzkoako hiriburua izan zenak, beti egin du bere herri izaera ikusgarri eta mapan kokatzea lortu du nolabait. Hori egin behar dugu guk ere, herri txiki hau Munduko plazan kokatu behar dugu, Ibarretxe Lehendakariak esaten duen bezala.Globalizazioak markatutako garai honetan une nahasia bizi dugu, inongo zalantzarik gabe. Alde batetik, gazteok gero eta kontzientzia handiagoa dugu Giza Eskubideen inguruan. Pasa den martxoan argi eta garbi adierazi genuen; bai martxoaren 8an Euskadiko kaleak geldiarazi zituzten ekitaldi eta manifestaldi feministekin eta baita hilaren 15ean aldaketa klimatikoaren kontra antolatu ziren protestetan ere.
Hala ere, hein handi batean Estatu Batuetatik eta inguruko herrialdeetatik datorkigun olatu ultraeskuindarra ere gero eta indartsuagoa da. Ikusi besterik ez dago espainiar estatuaren deriba. Estatu espainiarra eskuineko alderdirik gabe geratu da, eta ultraeskuinak hartu du honek utzitako hutsunea. Alderdi hauen ideologia arrazismoan, homofobian, sexismoan eta espainiar sentitzen ez garenon kontrako gorrotoan dago oinarrituta. Intolerante hutsak dira.
Protagonismo nahi eta nahasmen ideologiko horrek mugak gainditu ditu eta jada ez dute beldurrik ezer esateko; dela Ertzaintza Guardia Zibilaren menpe egon beharko zela, etorkinek umeak adopzioan eman beharko lituzketela kanporatuak ez izateko edo alderdi independentistak legez kanpo utzi beharko liratekeela. Inolako lotsarik gabe uzten dute beren ezjakintasuna agerian. Gainera, honi guztiari, haien burua Espainiako ezkertzat dutenen erreakzio falta gehitu behar zaio. Ikusten duzue dugun panorama.
Ez dugu ahaztu behar Madrilen egoitza duten alderdi guztiek ezaugarri komun bat dutela: espainiarrak dira, eta espainiar nazioaren banaezintasuna dute helburu edozeren gainetik. Patriotak baino, patrioteroak dira. Eta ikusi dugu zer gertatzen den banaezintasun hori kolokan jartzen denean: errepresioa da erantzuna. Errepresioa da beraien soluzioa.
Adibide gehiegi ditugu, baina argienak eta larrienak Altsasu eta Katalunia dira. Errealitatea guztiz desitxuratu eta moldatu dute beraiek nahi duten istorioa kontatu ahal izateko, eta botere judizialaren eskutik eskarmentua emateko. Argi dago, Maria Solanak esan zuen bezala, posta helbidearen arabera justizia mota bat edo bestea jasotzen dela. Espero dut oker egotea, baina bai batean eta bai bestean, errugabetasun printzipioa guztiz ahazturik dago, eta kartzela urte luzerako kondenatuko dituen sententzia aspaldi idatzita.
Datozen hauteskundeetan demokratikoki guztiz ahula den estatu bat izango dugu aurrean; arazo politikoei indarkeria judizial eta polizialarekin erantzuten diona, gainerako abertzaletasunak kosta ahala kosta desagerrarazi nahi dituena. Euskal gazteok ezin dugu hori guztia onartu: ez bakarrik gure helburu politiko zilegien aurka egiten dutelako, baizik eta, zalantzarik gabe, oinarri demokratikoak suntsitu nahi dituztelako, eta guri dagokigu oinarri demokratiko horiek babestea.
Erreferente etiko hain aldakorrak dituen gizarte honetan, baloreek hain indar eta presentzia gutxi duten gizarte honetan, guk, gazte erakunde eta alderdi bezala, gure baloreak erakutsi eta irakatsi behar ditugu: humanismoa, askatasuna, berdintasuna, ingurumenaren zaintza, euskararen babesa, europazaletasuna. Horiek dira babestu behar ditugun balioak, horiek dira aldarrikatu behar ditugun balioak. Ez dugu beldurrik izan behar garena aldarrikatzeko, nahi duguna ozen esan behar dugu. Ez dugu ahaztu behar zertarako sortu ziren Euzko Alderdi Jeltzalea eta Euzko Gaztedi: EUSKAL ESTATU BURUJABEA SORTZEKO JAIO GINEN eta ez beste ezertarako. Eta ez izan zalantzarik; lehenago baino beranduago lortuko dugu.
Espainolek bere Estatua eraikia dute. Guk gure sortu behar dugu. Orain arte egindako bidea eraginkorra izan da, baina oraindik asko dugu egiteko. Estatu egiturak ez dira oparitzen; sortu eta eraiki egin behar dira. Beste bide eta estrategietan ibili direnek, orain deskubritu dute bide politikoak eta demokratikoak direla aurrera egiteko bakarrak eta benetan eraginkorrak direnak. Horregatik, autodeterminazio eskubidea egikaritzea lortzeko, gure indarrak batu behar ditugu, bidelagun izan behar dugu. Euskal nazioaren askapena, abertzaleon batasunaren bitartez etorriko da edo ez da etorriko.
Orain dela aste batzuk 2019ko “EUSKADIKO GAZTEEN EGOERAREN DIAGNOSTIKOA”argitaratu zuen GAZTEEN EUSKAL BEHATOKIAK.Gazteon artean langabezia %15ekoa da oraindik ere. Zifrak baino gehiago arduratu behar gaitu ehuneko horretatik kanpo daudenen lan-kalitateak, soldataren bataz bestekoa 1.000 eurotara juxtu-juxtu iristen delarik. Emantzipazioaren inguruan ere badugu egitekoa: ikerketak 30 urtetan ezartzen zuen etxe propioa izateko adina, gazteok nahi duguna baino 6 urte eta Europar Batasuneko media baino 4 beranduago. Bai, egia da, pauso garrantzitsuak eman ditugu azken urteotan, baina ezin dugu atsedenik hartu. Asko dugu oraindik egiteko eta lanean sendo jarraitu behar dugu etorkizun duin baten aldeko borrokan.
Inkestak alde positiboak ere azalarazten zituen, dena ez zen txarra izango: politikarekiko interesa bikoiztu egin da azken urteotan. Oraindik baxua da ehunekoa hala ere: 10 gaztetik 4k soilik erakusten dute jakin-mina. Datu hauek eskuetan, ezin gara etxean geratu. Ezin dugu beste batzuek gure etorkizuna erabaki dezaten utzi, guk nahi dugun gizartea sortzen lagundu behar dugu, eta horretarako, ezinbestekoa da datozen hauteskundeetan bozka ematea. Ezin dugu abstentzioak gugatik erabaki dezan baimendu, ez bizi dugun garai honetan, gure eskubideak jokoan ditugunean.
Orain dela urte batzuk gazteak zirenei, Xabier Arzalluzek esaten zien gure Herrian bi zutabe nagusi aukeratu behar baziren, horiek euskara eta teknologia izan behar zirela. Euskara, gure herriaren nortasuna delako, gure izaeraren eta kulturaren bizkarrezurra. Teknologia aldiz, mundu globalizatu honen ateak irekitzeko balioko zigulako, eta bertatik gure herriaren etorkizunerako onuragarria dena hartzeko baita ere.
Egia da gazteenok ez dugula bera ezagutzeko hainbesteko aukera eta plazerik izan, baina jakin badakigu abertzale eta euskaltzale amorratua zela, Euskadirekin maiteminduta zegoela eta dena eman zuela herri honen alde. Enfermizamente vasco izate hori beti eskertuko diogu. Erreferentea zen, erreferentea da, eta izaten jarraituko du.
Berak bazuen esaldi bat, gehienok ezagutuko duzuena, eta honela esaten zuen: “La historia se puede conocer, pero también se puede hacer. Eso es la política, en definitiva”.Eta berak hori egin zuen, politika egin zuen, eta politika eginez, historia egin zuen.
Xabier Arzalluzek utzitako legatua hartu behar dugu gazteok. Datozen hauteskundeetan, botoz boto, herriz herri, historia egin behar dugu, historia egingo dugu, eta horrela behin eta berriro, helburua lortu arte: Euskadi aske bat lortu arte, askatasuna delako etorkizun bakarra.
Horregatik, ireki begiak, zabaldu bihotza, eta ohikatu nirekin batera:
Gora Euzko Gaztedi! Gora Euzkadi askatuta!
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
Gipuzkoa
2024/09/18
Berria
2024/08/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31