Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/03/29

EAJ-PNVk maiatzeko udal hauteskundeetarako hautagaitza talde osoa aurkeztu du

EAJ-PNVk lanerako talde sendoa aurkeztu du ekindako bideari jarraipena eman eta etorkizuneko Tolosa eraikitzen jarraitzeko. Beste behin, Tolosako alkatetzarako hautagaiak, Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du pertsonak ardatz eta tolosarren ongizatea, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, pertsonei egokitutako herria eraikitzen jarraitzea, beharrezkoak diren azpiegiturak bermatzea, gure nortasuna eta kultura babestu eta euskararen erabilera indartzea eta partaidetza bultzatzea izango dituela helburu
EAJ-PNVk maiatzeko udal hauteskundeetarako hautagaitza talde osoa aurkeztu du

Otsailean aurkeztu zituen Tolosako EAJ-PNVk maiatzeko udal hauteskundeetarako osatutako hautagaitza taldearen lehen 10 kideak, eta gaur, Olatz Peon Ormazabal alkategaia buru izango duen zerrenda osoaren aurkezpena egin dute.  

“Ekindako bideari jarraipena emateko eta etorkizuneko Tolosa eraikitzen jarraitzeko gaitasun eta esperientzia handiko talde sendoarekin aurkezten gara berriz ere.  Profil ezberdinetako eta Tolosarekin eta tolosarrekin konprometitutako pertsonekin osatu dugu hautagaitza taldea. Gure jomuga nagusia da proiektu eta egitasmo berrien bitartez tolosarrei aukera ezberdinak eta berriak eskaintzea, datozen belaunaldiei ere Tolosa hobe bat eskaintzeko,  pertsonak ardatz izango dituena; Tolosa herri atseginagoa, erosoagoa, irisgarriagoa euskaldunagoa eta parekideagoa bihurtzeko lanean jarraituko dugu”  aitortu du.

“Taldera batu diren pertsona berriak bezain gogotsu gaude urte hauetan lanean aritu garenok. Berriz ere udalaren gidaritzari heltzeko ilusioz gaude eta horretarako eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko proiektu eta talde sendoa ditugu. Orain arte bezala, momentuko beharrei erantzunez lan egingo dugu, etorkizuna ere oso presente izanik; gardentasunetik, gertutasunetik, partaidetzari bide emanez eta gobernantza eredu berria udalean txertatuz lan egiten jarraitzeko konpromisoarekin. Gobernu ona oinarri hartuta, tolosar guztientzat gobernatuko dugu, tolosarrekin eta Tolosako elkarte eta talde ezberdinekin elkarlanean, elkarrekin gure etorkizuna erabakitzen eta eraikitzen jarraitu dezagun” adierazi du zerrendaburuak. 

Datozen urteetan ere lehentasunezko gaiak izango dira EAJrentzat, tolosarren ongizatea eta gizarte zerbitzuak bermatu eta hobetzea; tokiko ekonomia eta kalitatezko enplegua sustatzea; herritarrei Tolosa atseginagoa, irisgarriagoa eta pertsonei egokitutakoa eskaintzea beharrezkoak diren azpiegiturekin; gure ingurua eta nortasuna babestea eta kultura eta euskara sustatzea; gobernu ona eta partaidetza oinarri hartuta lan eginez. 

Azkenik, datorren legealdiari begira, zenbait proiektu eta egitasmo ere azpimarratu ditu Peonek, horien artean, Zumardi Txiki, Rondilla, azpiegitura soziokulturalen berritzea eta San Esteban eta Gorriti eremuetan aurrera pausoak ematea. “Tolosarren behar eta eskariei erantzuteko eta tolosarrengan berriz ere ilusioa pizteko proiektu eta ideia berriak garatu ditugu, duela lau urte egin genuen bezalaxe, baina orain esperientzia eta ezagutza gehiagorekin, egindako lanaren bermearekin, baina berriz ere talde sendo batekin etorkizuneko Tolosa eraikitzen jarraitzeko. Konpromiso hori hartzen dugu gaur eta hemen” esanez amaitu du Olatz Peon Ormazabalek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube