Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/03/28

Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen zerrenda aurkeztu du EAJ-PNVk Elgoibarren

Alkatetzari beste lau urtez eusteko prest agertu da Ane Beitia, elgoibartarrekin duen konpromisoa berrituz eta “Elgoibar sendo baten alde” lan egitera deituz

Datorren maiatzaren 26 hauteskundetan Elgoibarko Udalera aurkeztuko duten hautagaitza aurkeztu du gaur EAJ-PNVk. Egun alkate den Ane Beitia da zerrendaburua, eta berarekin aurkezten den taldeak gaztetasuna eta esperientzia uztartzen ditu. “Ilusioz eta arduraz” beteta aurkezten dira. “Elgoibartarrekin daukagun konpromisoa berritzen dugu. Emandako hitza bete dugu eta berriro ere beteko dugu, eta zorroztasunez, eraginkortasunez eta herritarrekin elkarlanean jarraituko dugu kudeatzen”, esan du hautagai jeltzaleak, zuzentzen duen taldea “Elgoibar sendo baten alde lan egiten jarraitzeko” prest dagoela berretsiz.

Aurkezpen ekitaldia udalerri honetako Kalebarren plazan egin da, gaur arratsaldean. Bertan ehun bat lagun elkartu dira, eta hautagaiekin batera egon da Joseba Egibar, EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidentea. Ane Beitiarekin batera, Elgoibarko hautagaitza honako hauek osatzen dute: Iñigo Palomino, Arrate Iriondo, Blanca Larrañaga, Iñigo Loyola, Gorka Garaizabal, Iosu Arraiz, Maialen Gurrutxaga, Ibai Cid, Atsegin Uzuriaga, Aitor Iriondo, Andrea Arriola, Amaia Txurruka, Unai Arizmendiarrieta, Silvia Gabiola, Koldo Galdona, Bittori Zabala, Ioseba Arrizabalaga, Elias Larrañaga eta Ane Miren Etxeberriak.

Alkaterako hautagaiak, bere hitzaldian, talde “sendoaren” buru dela esan du, bertan uztartzen baitira gaztetasuna, esperientzia, talentua, ilusioa eta konpromisoa. Beitiak amaitzen ari den legealdiaren balantze positiboa egin du, azpimarratuz lau urte hauetan “Elgoibarrek hazten eta garatzen jarraitu duela”. “Orain ilusioz eta arduraz aurkezten naiz: ilusioz, duela lau urte ekin genion bidea egonkortzeko hamaika ideia berri ditugulako esku artean; eta arduraz, aurrean daukaguna Elgoibarko etorkizuna diseinatzen jarraitzea baita”, azaldu du Beitiak.

Nabarmendu duenez, jeltzaleen proposamenak ekonomia eta gizarte zerbitzuen binomioa jartzen du erdigunean, Elgoibarko Udalak azken urteetan aplikatu duen estrategia berbera eta, bere ustetan, elgoibartarren ongizatean ondorio positiboak izan dituena. “Jakin badakigu enpleguaren kalitatea, gizarte ongizatea, formakuntza, berdintasuna, zahartze osasuntsua eta gazteentzat aukerak sortzea zuen lehentasunak direla. Gureak ere diren bezala”, aldeztu du. “Hori dela eta, zintzotasunez eta erantzukizunez kudeatzen jarraitu nahi dugu, gai horiek guztiak aintzat hartuaz”, nabarmendu du.     

Euskal gaiak, hemen eta han

GBBko presidente den Joseba Egibarrek, bere aldetik, eskerrak eman dizkie EAJ-PNVren Elgoibarko zerrenda osatzen duten norbanako guztiei, “pausu hau emanez herri honen alde erakusten duzuen konpromisoagatik”. “Herri bat kudeatzea guztion etxea kudeatzea da, eta norbaitek hartu behar du ardura hori. Beraz, balioan jarri nahi ditut konpromiso hori hartzen duten pertsona guztiak”, esan du.

Hauteskundeei begira, apirileko hitzorduan jarri du azpimarra lehenengo, nabarmenduz hor ere “guk gurea defendatu behar dugula”. “Hemen ere, guk herri bezala gure etorkizun ekonomiko eta politikoa ziurtatu beharrean gaude, zeren eta begira zertan ari diren Madrilen. Inor ez da ari hitz egiten defizitaz, Estatuaren zorraz, pentsio sistemaren edota lurralde ereduaren krisiaz… Beste gauza batzuetara daude. Horregatik behar dugu ordezkaritza sendoa han eta hemen, arazo guzti hauen aurrean gurea defendatu behar dugulako”, aldeztu du.

Egibarrek gehitu du herri honetan badaudela alderdi gehiago ere, teorian euskal gaiak defendatzeko gai izan beharko luketenak, baina bakoitzaren ibilbideari erreparatzeko eskatu du. “Zertan egon dira azken hamarkadetan batzuk eta besteak? Batzuek ez dute beharrik sentitzen euskal gaiak defendatzeko, eta besteak beste estrategia batzuekin ibili dira. Euskal gaiak defendatzeko, euskaldunak beraiek dira aukerarik onena, eta hemen, EAJ-PNV da aukerarik onena. Izan ere, gure ibilbidean zehar, eraginkorrenak eta fidagarrienak izatea argi eta garbi erakutsi dugu”, itxi du GBBko presidenteak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube