Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/03/22

Izagirrek EAJ-PNVren “politika arduratsua” defendatu du, “konfrontaziotik urrunduta eta proiektu zehatzekin”

Mari Jose Izagirre Andoaingo EAJ-PNVko alkategaiak gaur arratsaldean aurkeztu ditu maiatzeko udal hauteskundeetan lagunduko duten pertsonen zerrenda. Markel Olano, diputatu nagusirako hautagaia, eta Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea ondoan izan dituela, Bastero Kulturgunean egindako ekitaldian
Izagirrek EAJ-PNVren “politika arduratsua” defendatu du, “konfrontaziotik urrunduta eta proiektu zehatzekin”

Izagirrek nabarmendu du bere hautagaitzaren bitartez konpromisoa hartuko duela “Andoainek behar duen bultzada emateko, lidergoa, eskarmentua eta zorroztasuna erakutsita”, hau da, kontraste bizian EH Bilduren gaur egungo gobernuak erakusten duen “ziurgabetasuna, zalantza, eta anbizio nahiz errealismo faltaren aurrean”. Izagirrek adierazi duenez, talde “sendoa” du, “profil osagarria” duen jendeaz osatua, eta “gogo bizia” duena Andoain “berriro jarri dezagun merezi duen tokian, fundamentuz eta ausardiaz jokatuta”. Eta gaineratu du Andoain sendoa “eraikitzeko prest” dagoen taldea dutela, “herria harrotasunez defendatzeko prest dagoena”.

Izagirreren esanetan, alderdi “bakar batek” erakutsi du gauza dela eta izango dela andoaindarren ongizatea hobetuko duten proiektuak “errealitate bihurtzeko, eta hori EAJ-PNV dugu”. Horren harira, eta laster aurkeztuko duten hauteskunde programaren aurrerapen modura, zenbait proposamen aipatu ditu, hala nola, “Andoaingo merkataritza eta kaleak biziberritzea, liburutegi berri bat egitea, edo kalitatezko udal zerbitzuak bermatzea”.

Horregatik guztiagatik, Andoaingo EAJ-PNVren alkategaiaren iritziz, bera buru duen hautagaitzak erakutsi du andoaindarren “konfiantza osoa” merezi duela. Eta konbentzituta agertu da “horren bermea” dela EAJ-PNVk azken lau urteotan egin duen oposizioa. “Izan ere, konfrontaziotik eta populismotik urrundutako politika egin dugu, ekintzak eta proiektu zehatzak aurkeztuta”, azpimarratu du Izagirrek. Baita gehitu ere, Andoaingo Udalean bera buru izan duen taldea “funtsezkoa” izan dela hasierako “blokeo egoera gainditzeko” eta Andoain “berriro martxan jartzeko”.

“Arduraz jokatuta, defendatu dugu beste Andoain bat posible dela, eta nahiz eta oposizioan egotearen muga izan, hala erakutsi dugu, andoaindar guztien onerako, eta bakarrik Andoainen onuran pentsatuta”, azaldu du Izagirrek. Eta gogorarazi du “jarrera eraikitzaile horri esker”, EAJ-PNV “giltzarri” izan dela 2016 eta 2017ko udal aurrekontuak onartzeko orduan, “EH Bilduri presioa eginez ezinbesteko inbertsioak egiteko eta neurriak hartu zitzan; eta horri esker andoaindarren egunerokoa nabarmen hobetu dugu, besteak beste, hobekuntzak ur hornidura eta saneamendu sarean, edukiontzi marroia jartzea, hobekuntzak argiztapenean, Txoperako estalkia edo komun publikoak”. Laburbiltzeko, Izagirrek esan du azken urteotan egindako “inbertsio garrantzitsuenak EAJ-PNVren esku-hartzeari esker egin direla. Izan ere, behar izan gaituzten guztietan, prest azaldu gara Andoainen alde lan egiteko”.

“Gipuzkoa indartsu baten alde” elkarlanean jarraitzeko deia egin dio Olanok gizarteari 

Diputatu nagusi izateko hautagai Markel Olanok, gonbidapena luzatu dio gaur gipuzkoar gizarteari “elkarlan estuan” jarraitzeko, “ekonomikoki eta sozialki Gipuzkoa indartsu baten helburu komuna lortu ahal izateko: kalitatezko enplegu gehiago lortzeko, gure industriaren etorkizuna bermatzeko eta gero eta gizarte justuago bat eraikitzeko, inor atzean utzi gabe”. 

Olanok adierazi duenez, EAJk “proposamen eta eredu sendoa eta berme handikoa” eskaintzen du Gipuzkoarentzat, estatuaren berezko “etengabeko konfrontazioaren eta noraezaren”, eta ezker abertzalearen “proposamen faltaren” aurrean. Gipuzkoa ekonomikoki “lehiakorra”, sozialki “kohesionatua” eta instituzionalki “sendoa eta egonkorra” aldarrikatu du. “Elkarlanean aritzen badakiena, bai gizarte zibil antolatuarekin, eta baita lurraldeko eskualde guztiekin ere, Buruntzaldea bezala, gipuzkoar guztion etorkizuneko erronkei” modurik onenean aurre egin ahal izateko. 

Politika egieko bi moduren artean aukeratu beharko da datozen hauteskundeetan, adierazi duenez. “Lehenengoa Pablo Casado bezalako parakaidistek osatzen dute, gaur goizean Getxo Gipuzkoan zegoela adierazi duen politikariarena”. Eta bigarrena, jakinarazi du, egunero gure herriaren alde lan eaten duten pertsonek osatzen dute. “Gu bigarren atal honetan gaude, gure herritik eta gure herriaren alde lan egiten dugulako, pertsona politika guztien erdian jarriz”, nabarmendu du.

Ezker abertzaleari aipamen eginez, hemengo alderdien artean ere ezberdintasunak daudela ohartarazi du Olanok “gobrnatzeko modu oso ezberdinekin”. Deskargako aubidearen adibidea jarri du ogora ekartzeko nola esker abertzalea ez zen gai izan proiektua burutzeko eta EAJk, aldiz, arrakastaz burutu duen, datorren asteartean errepidea irekitzea ahalbidetuz. 

Balorean jarri du bere gobernuak azken lau urtetan egindako lana: “Gipuzkoak blokeo egoera gainditu du eta etorkizunera begira dago”. Olanok aipamen berezia egoin dio gizarte politiken alorrean egindako lanari, “honi esker Gipuzkoa bilakatu delako desberdintasun gutxienetarioa daukan Europako lurraldea”. Ildo horretan aipatu du arrakasta berezia izan duela Elkar Ekin programak, bazterkeria arriskuan dauden pertsonak lan mundura txertatzea helburu duen ekimenak, alegia. “Neoliberalak garela dioenik izango da, baina ekintzek erakusten dute politika aurreakoiak bultzatzen ditugula, Gipuzkoa sendo bat lortzen lagunduko digutenak”, ondorioztatu du.

Legealdiaren irakurketa baikorra egin du, argudiatuz Gipuzkoa duela lau urte baino “indartsuagoa” dela gaur egun, “ekonomiaren eta gizarte arretaren ikuspegitik”. “Gure enpresak lehiakorragoak dira eta kalitatezko enplegua sortzen ari dira, eta gizarte desberdinkeria ere nabarmen murriztu da”. Gogorarazi duenez, lurraldeak “konponbiderik gabe” zuen duela lau urte “bere azpiegitura nagusien modernizazioa”, eta Aldundia “ehun sozio-ekonomikoarengandik urrun zegoen, inposaketan oinarritutako politiken bitartez funtzionatzen”.

Ildo horretan, ziurtatu du “Gipuzkoako gizarteari eman genion hitza bete” egin dutela, “geldialdi aro hori gaindituz”, eta hiru lehentasunen alde egin duela lan EAJk: susperraldi ekonomikoa bultzatu, gizarte politika “aurrerakoiak eta asmo handikoak” finkatu, eta “politika egiteko modu berri baten aldeko apustua” egin, “elkarlanean eta inposaketarik gabe”. Aurreneko arloan, adierazi du Aldundiak enpresak babestu dituztela “haien etorkizuneko apustuetan”, eta “gipuzkoar enpresa eredua, pertsonengan oinarritutakoa” indartu dutela, “eskualdeei ere” garrantzi handia emanez. Langabezi tasa % 8 ingurura jaitsi dela gogorarazi du. Gizarte politikei dagokienez, 647 plaza berriren sorrera goraipatu du, aurreikusitakoa baino “% 6 gehiago”: mendekotasuna edo desgaitasuna dutenentzako, adin txikikoentzako…  

Egibar: “Konpromiso politikoa eta etikoa”

EAJ “herrigintza sentitzeko duen modua” goraipatu du Joseba Egibarrek, eta herrigintza publikoan aritzeko ematen dutenen jarrera eskertu. “Gure gizartean jendeak ez du bere bizitza konplikatu nahi. Udaletxe batean sartzea hori da. Zure bizitza konplikatzea eta familiarena. Legealdia amaitzen denean ere etsai gehiago, lagunak baino, ezetz esan behar izaten delako politikan. Alderdiaren ideologia eta programak pertsonik gabe ez dira ezer. Horregatik merezi dute gure errekonozimendua”.

“Abertzaletasuna, konpromiso politikoa, demokratikoa eta etikoa” daude EAJren proiektuaren atzean. “Ez dugu bizitza edozein modura ikusten. Giza eskubideak ez ditugu intermitentearekin aplikatzen. Ez lehen eta ezta orain ere. Etika politikoa ez da aldatzen egun batetik bestera. Ez da asmatzen”, esan du, ezker abertzaleari zuzenduz. “Herrigintzan sinesten badute konpromiso hori barruan eraman behar da. Herria maitatzeko, herria ezagutu eta pertsonak errespetatu behar dituzu. Bestela alferrikako aldarrikapena da”.

Elkarrizketa eta akordioak defenditu ditu. “Erakundeetatik harago gizarte asko dago. Gipuzkoa asko dago eta jendeari entzuten jakin behar da. Proposamenak kontrastatzen. Eragile politiko eta sozialekin lan egiten. Ezaugarri bezala dugu hori ere”. “Zutabe soziala” oso ondo antolatua du EAJk, Egibarren esanetan. “Batzuk ez digute aitortu nahi, ezta txokorik utzi nahi ere eztabaida horietan. Badirudi gizarte justuago bat egiteko ez dugula tokirik. Baina EAJk beti eduki du garbi nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon beraren bi aldeak direla. Denak makalago joango bagara ere, guztiak elkarrekin aurre egiteko”. 

Herria “guztion etxea” dela gaineratu du. “Non zeuden batzuk oinarrizko errenta sortu eta onartu zenean? Zertara dedikatzen ziren? Herri bat ez da eraikitzen saltoka. Estrategian asmatu behar da, eta guk asmatu dugu”. Asmatzen jarraitzea da erronka, harentzat. “Berrikusii behar ditugu gauza asko. Autogobernua ez da txantxa: gure, zuen eta ondorengoen bizi kalitatea eta eskubideak jokoan daude. Gizarte segurantza, pentsioak… horiek denak kudeatu behar ditugu, bermeak izateko”. 

Gogorarazi duenez, Estatuak “izugarrizko zamak” dauzka, bere zorra “BPGaren adinakoa” da, Europako “defizitik handienarekin”, eta “desberdintasuna handitzen ari delarik”. Hor kokatu du erabakitzeko eskubidearen garrantzia. “Herritarrei ibilbide gauzagarriak planteatu behar dizkiegu. Erabakitzeko eskubidearen ez da edabe magiko bat. Beharrekoa da, tresnak behar ditugulako arazoak konpontzeko, herri honek aurrera egin dezan. Horregatik izan behar du gauzagarria eta hori konpontzeke dago estatuan. Bide eman behar zaie errealitate nazionalen herri borondateari, herriak behetik gora indartu egiten direlako. Goitik behera ezin dira eraiki”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube