Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/02/16

Azpiegitura sare moderno eta eraginkorra eraikitzen ari garen Gipuzkoa sendoaren oinarria da

Legealdi honetan emandako aurrerapausoak jarri ditu balioan Markel Olanok, eta teknologiaren alde egin du apustu errepideak modernizatzeko. EAJ/PNVren diputatu nagusirako hautagai den Markel Olanok lurraldeko errepide sarea indartu eta modernizatzen jarraitzearen alde egin du gaur, “hau baita nahi dugun eta eraikitzen ari garen Gipuzkoa sendoaren oinarria”.

“Bide azpiegitura seguru eta modernoaren eskutik, gure lurraldearen lehiakortasun ekonomikoa indartzen dugu, gure enpresen lana babestu, eta herritar guztien segurtasun eta ongizatea hobetzen ditugu. Eta, hau guztiaren baturarekin, Gipuzkoa sendoa eraikitzen dugu, etorkizuneko erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko berme guztiak izango dituena”, esan du hautagai jeltzaleak.  

Olanok gaur Irunen egin den lan jardunaldia batean hartu du parte, Gipuzkoako bide azpiegiturak ardatz izan dituena. Ekitaldi berean egon dira Bide Azpiegituretako foru diputatu den Aintzane Oiarbide; Bidasoa-Oiartzungo EAJ/PNVren hautagaitzan zerrendaburu den Eider Mendoza; EAJ/PNVren Irungo alkategai den Xabier Iridoy; eta Hondarribiko alkategai den Txomin Sagarzazu. Jardunaldian zehar lan dinamikak egin dira, Gipuzkoako errepide sarearen egungo egoera aztertu eta etorkizunera begira dituen erronka eta desafio nagusiak identifikatzeko. 

Diputatu nagusirako hautagaiak azaldu du 2015ean, legealdi hasi zenean, Gipuzkoak egiteko zituela bere azpiegitura nagusien modernizaziorako beharrezkoak ziren proiektuak. “Lau urte hauetan zehar gipuzkoarrei emango genien hitza bete dugu, geldirik zeuden azpiegiturak desataskatuz. Paralisi horrek aurrera egin eta modernizatzea galarazten zioten Gipuzkoari”, azaldu du. Puntu honetan, legealdi honetan martxan jarri diren hiru proiektu zehatzetan jarri du azpimarra: lehena Deskargako errepidea izan da, Gipuzkoako Biribilgunea osatzen duen ekimena. Honi esker, lurraldeko udalerri guztiek izango dute edukiera handiko errepide bat gehienez ere herrigunetik 15 kilometrora. Proiektua amaitzear dago, eta datozen asteetan irekitzea espero da. 

Olanok nabarmendu duen bigarren azpiegitura Garraio Zentroarena izan da, Astigarraga eta Oiartzunen kokatuko dena eta 545 kamioirentzako lekua izango duena. Proiektu honi esker, asko arinduko dira mugan sortzen diren kamioi-ilarak. 11 milioi euroko aurrekontua du, eta 2020rako martxan izatea espero da. EAJ/PNVko hautagaiak aipatu duen hirugarren proiektua Irungo Hego Ingurabidearena izan da, hiriaren mugikortasuna hobetu eta dituen trafiko arazoak leuntzea helburu duena, Irun hiri lehiakorragoa izan dadin. Obrak jada martxan dira eta, aurreikuspenen arabera, bide berria 2020 hasieran irekiko da. 

 

Erronka teknologikoa

Etorkizunera begira, Olanok azaldu du erronka nagusia errepide sarea modernizatzea dela, horretarako teknologia berriak aplikatuz. “Errepide sare adimentsua sortu nahi dugu, bai erabiltzailearen zein artapenaren ikuspegietatik”, adierazi du. EAJ/PNVko hautagaiaren arabera, Gipuzkoak punta-puntako enpresak ditu alor honetan eta, beraz, lurraldeak baditu esparru honetan erreferente bihurtzeko behar diren ezagutza eta baliabideak. “Hau da bide azpiegituren etorkizuna, eta hau da guk hartu behar dugun bidea”, esan du. 

Olanok esan duenez, azpiegitura modernoak izateak “sendoago” egiten du Gipuzkoa lurralde bezala. “Arlo ekonomikoan indartsu, sozialean kohesionatu eta erakundeen ikuspuntutik indartsua den Gipuzkoa sendoa eraikitzen ari gara. Lankidetzan eta elkarlanean aritzen dakien Gipuzkoa, lurraldeko eskualde denak kontutan hartuta eraikitzen dena, eta gipuzkoar guztion etorkizuna lantzen dakiena. Gizarteari gonbita luzatzen diogu elkarlanean jarrai dezagun, beraien proposamen eta partaidetzari bidea irekiz”, aldeztu du. 

Bide Azpiegituretako diputatu den Aintzane Oiarbidek, bere aldetik, legealdian zehar martxan jarri diren hainbat proiektuetan jarri du arreta, eta balorazio orokor positiboa egin du. Foru arduraduna Olanorekin bat etorri da, bere iritziz ere egin den lanaren ondorioz egungo foru Gobernuak “hitza bete duela esan baitezake”. “Lurraldea modernizatzea agindu genuen eta egin dugu”, gehitu du. “Lorpen nagusia estrategikoa da: Gipuzkoako biribilgunea osatzea lortu dugu”, azpimarratu du Oiarbidek. Nabarmendu duen beste puntuetako bat izan da lurraldeko eragile eta erakunde ezberdinekin izandako elkarlanarena, bereziki udalekin. “Gipuzkoarrek zituzten mugikortasun arazo ezberdinekin lotutako gai garrantzitsuei eman diegu erantzuna, eta gustura gaude egindako lanarekin”, gehitu du. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube