Alderdi Eguna 2019

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/02/08

Santanok, Renfe-ren eta Adif-en interes partikularrak, irundarren onuraren gainetik defendatzeak kezkatzen gaitu

Xabier Iridoyk, Irungo alkategaiak eta EAJ-PNVko bozeramaileak gaur, otsailak 8, Gobernu sozialistak eta Santano alkateak aurkeztu duten anbizio eskaseko Via Irun proiektuaren inguruko kezkak aurkeztu ondoren, alkateak Renfe-ren eta Adif-en interes partikularrak, trenbide eremuaren eta hiritarren beharren gainetik ipintzen dituenaren adierazgarri asaldagarri berriak azpimarratu nahi izan ditu.
Xabier Iridoy

Iridoyk pasaden astean izan zen ADIFeko tren geltokiko aurreproiektuaren aurkezpen publikoa aipatuz eman nahi izan dio hasiera prentsaurrekoari, izan ere, "duela astebete bi infografia bitartez aurkeztu ziguten ADIFeko geltokiko aurreproiektua, Santano alkateak defendatu eta bermatzen duen planteamendua. Kezkagarria gure ustez, alkateak mahai gaineratu dituen ideiak, gure hiriko trenbide eremuak etorkizunean izan dezakeen berreskuratzea baldintzatu dezaketela antzeman baitugu" adierazi du Iridoyk.

Hala ere, ezer baino lehen, beste behin ere Santano alkatea eta bere gobernu sozialista oposizioko taldeei informazioa ukatzen ari direla salatu nahi izan du, "ukatzen diguten informazio hori ezinbestekoa da guretzat, ezaugarriak xeheki aztertu ahal izateko eta geltoki berriaren proiektuari ideia erabilgarriak eta baliodunak aurkezteko" azaldu du Iridoyk, "lehen adierazi bezala, bi infografia besterik ez ditugu, eta hauek aztertuz gero antzematen duguna da, pertsonengan ilusioa eragiteko helburua duten irudiak direla, baina itxaropen faltsuak sorrarazi ditzaketenak direla ere. Hori dela eta, alkateari ADIFen proposamena aztertzeko, geltokiaren aurreproiektuaren dokumentazioa eskatu diogu. Lortu dugun gauza bakarra ordea, trabak eta aitzakiak izan dira, nahiz eta alkateak publikoki esan jada exekuzio-proiektuaren idaztea esleituta dagoela eta aholkularitza martxoan lanean hasteko aurreikuspena dagoela".

Aurrekoaren harira eta gaian sakonduz, Iridoyk agerian utzi nahi izan du aurreproiektuak oraindik ez duela ez herritarren ekarpenik, ez beste erakundeen onespenik, ezta Irungo Udalean dauden eta gehiengoa ordezkatzen duten alderdi politikoen babesik. "Nola gerta daiteke proiektuaren behin betiko idazketa bideratua egotea, honek oraindik ez badu herritarren, Udalaren osoko bilkuraren gehiengoaren, ezta beste erakundeen babesik? Nola eman diezaioke Santano alkateak, gehiengoaren eta herritarren onarpenik ez duen eta urteetan degradatuta egon den eremu baten etorkizuna hipotekatu dezakeen proiektu bati bidea? Ez al da konturatzen espazio honen berroneratzearekin hurrengo 150 urteetarako Irunen etorkizuna jokoan dugula?" galderak mahai gaineratu ditu Iridoyk.

Irungo EAJ-PNVk, irungo erdigunean birsortu beharreko 365.000m2-ko epizentroa gisa definitzen du geltoki berria, "eta bertan proposatuko diren ezaugarriak; formak, diseinuak… zuzenean gure hiriaren bihotzean dugun eremuaren garapena baldintzatuko du" azaldu du bozeramaileak. Eta momentura arte dakigun gauza bakarra, Santanok komunikabideetan jakinarazi duena da, udal teknikariek Adif-ekin elkarlanean lan egin dutela. "Alde horretatik ez dugu inolako eragozpenik, hori bai, ez du balio hori publikoki lan talde edo lan koordinatua balitz bezala saltzea; eta ondoren praktikan ez hala izatea. Izan ere, orain arte, Santano jaunak ez du hitzarmenean jasotzen den oinarrizko baldintza bat bete, ez du eremuan parte hartzen duten erakundeen arteko Jarraipen Batzorderik deitu. Irunen mesederako izan litekeen batzordea, hala aurrera pausoak modu koordinatuan emango bailira. Ez dut uste eta Adifek bururatzen zaion edozein eraikin egiteko eskumena eduki beharko lukeenik, azken finean Udalak hiritarren onurari egin behar dio mesede. Adifek bertan eraikinen bat eraiki nahi badu, Irunen errealitatea zein den jakin eta nola ez, Udalaren eta irundarren baimena eduki beharko luke", esan du Xabier Iridoyk. "Geltoki berri honen inguruan hiritarrek iradokizunak eta hausnarketak egin behar dituzte".

Bestalde, EAJ-PNVk bere sinesgogortasuna erakusten du, Santanok komunikabideetan Txanaleta eta geroko geltokiaren arteko bideak estaltzea aurreikusten duela esaten duenean, "guretzat ezinbestekoa da estaltze hau, baina alkateak ez gaitzala lelotzat hartu, ez dezala jendean entzun nahi duena saldu, orain arte ez baitu estaltzea ez aztertu ezta proiektuaren aurkezpenetan islatu ere. Bi hilabete hauetan estaltzearen inguruan ez da aipamenik egin, ezta planteamendu bakar bat ere, eta orain aurreikusita dutela esaten du?" adierazi du Iridoyk, "politikariek hainbat erantzukizun ditugu, eta horietako bat ikuspegi globala kontuan izanik hiria hobetzea da. Jakin badakigu eta orain hartzen ditugun erabakiek etorkizunean eragina izango dutela, eta guk Irunentzat etorkizun oparoa eta Gipuzkoako hiri erreferente izatea nahi dugu, inprobisazio eta larderietatik urrun. Hala da, Santano alkatearen ezintasuna, prezipitazioa eta akordio eza agerian geratzen dela, bere lan egiteko modua kaltegarria da oso".

EAJ-PNVk Irunen beharretara egokitzen den proiektu iraultzailea nahi du, bertatik pentsatutako eta proiektatutako egitasmoa; bideak betetzea, topoa mugitzea, auzoak elkarren artean konektatzea, aisiarako gune berriak sortzea, komunikaziorako bide berriak sortzea, eta prestakuntza erabilera berriak sortzea, etab.

Horregatik, EAJ-PNVren ustez, beharrezkoa da Irungo eremu honetako HAPNan ezarritako helburuak betetzea, besteak beste, urteetan jasan dugun trenbidearen pasabidea nabarmen murriztea helburu duen proiektu global baten alde egitea. Eta helburu horiek egiten diren azterlan eta proiektuetan islatu behar dira, eta nola ez, dokumentu hauek herritarren, eragileen, talde politikoen, eta erakundeen eskura egon beharko lukete.

Amaitzeko, Iridoyk azpimarratu nahi izan du "egun Santano jaunak proiektu hau kudeatzeko duen modua, erabat baztertzen dugu: hermetismoa eta opakutasuna, informaziorik eza, presak, oztopodun eta bat-bateko erabakiak. Hau al da Irunek merezi duena? Santano alkateak hauteskundeekiko dituen anbizioak kezkatzen gaitu, honek Irungo etorkizunari kalte larria egin diezaioke eta. Are gehiago, egun hartzen diren erabakiek hurrengo belaunaldiek izango duten hiria hipotekatu dezakete, eta hau larria da oso. Halaber, Santano alkateari eta bere gobernu sozialistari erantzukizun politikoarekin lan egiteko eskatzen diegu, baita Irunek merezi duen trenbide-espazioaren proiektua modu globalean eta egokian kudeatzeko ere", esan du Xabier Iridoy alkategaiak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube