Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/02/08

Bi aukera genituen, kritika hutsean gelditzea edo herriaren alde lan egiteko borondatez proposamen eraikitzaileak egitea

Errenteriako jeltzaleek diote oposizio eraikitzailearen alde egindako hautatua erabaki egokia izan dela eta ardura berarekin lan egite jarraitzeko prest daudela. EAJ-PNVk proposatuta sortzea adostu den segurtasunaren mahaiari dagokionez, jeltzaleen iritziz “indarrak batzeko garaia da, gure herriak eta gure herritarrek lasaitasunean bizitzeko eskubidea dute eta gure ardura da guztion artean hori lortzea”
Bi aukera genituen, kritika hutsean gelditzea edo herriaren alde lan egiteko borondatez proposamen eraikitzaileak egitea

Errenteriako EAJ-PNVk gaur eguerdian eskaini duen prentsaurrekoan, laster amaituko den legealdiaren inguruko balorazioa egin du. “Legealdi honetako udalbatzaren osaera ikusita, bi aukera genituen, kritika hutsean gelditzea edo herriaren alde lan egiteko borondatez proposamen eraikitzaileak egitea. Lehenengo aukera izango zen ziurrenik errazena, beti dago zer kritikatua. Baina gure alderdiaren estiloa ez da sekula kritika hutsa egitea izan eta argi izan genuen hasieratik, gure ahalegin guztiak jarri behar genituela errenteriarren zerbitzura”.

Jeltzaleek adierazi dute proposamen ugari egin dituztela, aurrekontuetan, tasetan, hondakinen inguruan, gehienak ez ditu udal gobernuak kontuan hartu, baina EAJ-PNVk egin beharreko lana bete izanaren lasaitasunarekin bukatuko du legealdia. “Aurrekontuei emendakin ugari aurkeztu dizkiegu, zahartze aktiboaren inguruan, gazteentzako alokairurako dirulaguntzak, Iztietako autobus geltokia handitzeko proiektua, merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko neurriak, enplegua sustatzeko neurriak… proposatutakoetatik, trafikoa eta aparkalekuaren inguruko azterketa eta Bizigune programan sartu ahal izateko etxe hutsetan egokitzapenak egiteko diru laguntzak soilik onartu dizkigute eta bi neurri horiek oraindik ez daude martxan, baina gaiak ez dira ez nolanahikoak, trafikoa eta aparkalekua gure herrian arazo bat baitira eta etxebizitzarako sarbidea oso konplikatua da errenteriar askorentzat” azaldu du Peñak. “Arazo horiei irtenbidea ematen hasteko balio izango dutela ziur gaude eta gure lanak merezi izango du beraz”.

“Gure jarrera eraikitzailearen erakusgarri da, baita ere, aste honetan, gure taldeak egindako ekarpenari esker udal talde guztiok lortu dugun adostasuna” jarraitu du jeltzaleen bozeramaileak. EAJ-PNVk proposatuta sortuko den segurtasunaren mahaia, alegia, “indarrak batzeko garaia da, gure herriak eta gure herritarrek lasaitasunean bizitzeko eskubidea dute eta gure ardura da guztion artean hori lortzea. Horregatik eskatu genuen mahai horren sorrera, baita herritarrek eta herriko kolektibo desberdinek, merkatariek eta ostalariek esaterako, segurtasunaren gaian parte-hartzeko aukera izatea. Herritarrek eskatu digute azaro honi konponbidea bilatzeko eta ez dugu inongo momentutan gaia kanpaina suntsitzaile bat egiteko erabiltzeko tentaziorik izan, arduragabea izango bailitzateke. Gai hau udal gobernuaren ardura den gai heinean, udal gobernuak berak hartu ditu erabakiak orain arte, batzuekin asmatuko zuen agian, beste batzuekin gure desadostasuna adierazi izan dugu. Edozein kasutan, herritarrek eskatu digute soluzioaren parte izateko eta horretarako informazioa eta erabakiak dauden foro baten parte izan behar dugu eta hori da, hain zuzen, eskatu duguna. Orain talde guztion ardura da egoera honi irtenbideak bilatzea eta herritarren segurtasuna eta segurtasun pertzepzioa bermatzea” azaldu du Maite Peñak.

EAJ-PNVko kideek adierazi dutenez, ez da hau ohiko batzordeetatik kanpo elkarlanerako sortutako foro bakarra. Elixabete Muruak, esaterako, Hondakinen jarraipen batzordean parte hartzen du, hondakin bilketa sistemak sor ditzakeen arazoei irtenbide emateko. “Hondakinen jarraipen batzordean arazoak jarri ditugu mahai gainean, baina baita sistema hobetzeko proposamenak ere. Adibidez, birziklapen gida eguneratu baten beharra , herritarrek hondakinak sailkatzeko orduan dituzten zalantzak argitzeko edota txipdun edukiontziei pedala jartzeko proposamena, izan ere, azaldu genion gobernuari, beste eskualde batzuetan pauso hori eman dela eta herritarren erosotasunean eragin handia duela, bereziki adinekoengan edota arazo fisikoren bat dutenengan” azaldu du Muruak.

Amaitzeko, Garbiñe Oyarbide zinegotziak gogorarazi nahi izan du, legealdi guztian zehar diskrezioz baina etengabe landu den gai bat “Harro gaude legealdi honetan zehar bizikidetzan guztion artean egin dugun lanarengatik. Lan hori gutxitan egiten da publiko, ekitaldi edota ekintza konkretuetan soilik, baina atzean lan isil bezain luze bat dago. Ordu askotan bildu gara, konfiantza eremu bat landu dugu, eztabaidak izan ditugu eta adostasunetara heldu gara. Gaia lehia politikotik aldentzea lortu dugula uste dute eta hala behar duela pentsatzen dugu. Baina amaitu gabeko lan bat da eta datorren legealdian bide beretik jarraitzea espero dugu, gu horretarako prest egongo gara behintzat” adierazi du Oyarbidek.

“Legealdiko azken txanpan gaude baina oraindik badugu zer egina, segurtasunaren inguruan egin beharrekoa premiazkoena. Hala ere momentu egokia iruditu zaigu gure lanaren balorazioa egiteko eta baita errenteriarrentzat lanean jarraitzeko dugun konpromisoa berresteko, bereziki, egun premiazkoena den segurtasunaren gai horren inguruan” amaitu du Oyarbidek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube