Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/12/29

Tolosak 26 milioi 915 mila euroko aurrekontua izango du 2019an, iaz baino %6,8 gehiago

Gizarte ongizatea eta garapen ekonomikoa ditu ardatz Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu duen moduan, eta hainbat inbertsioa gauzatuko dira: Zumardi Txikiari buruzko azterketa, Rondilla kalea berritzeko proiektua, Udate berregituratzea herritarren arretarako zerbitzu integrala izan dadin edota, beste hainbaten artean, Sevendenea eta Emakumeen etxea egokitzea.
Tolosak 26 milioi 915 mila euroko aurrekontua izango du 2019an, iaz baino %6,8 gehiago

Tolosako Udalak onartu zuen atzo, abenduak 27, egindako urteko azken Osoko Bilkuran 2019 ekitaldirako aurrekontuaren proiektua. Zenbatekoa 26 milioi 915 mila eurokoa izango da, 2018an baino %6,8 gehiago. Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du tolosarrak ardatz dituen politika duela oinarri: “legealdirako ezarritako lehentasunak mantendu ditugu: enplegua eta ekonomia sustatzea, pertsonen ongizatea bermatzea, udalerri atseginagoa eskaintzea beharrezko azpiegiturekin, gure ingurumena eta gure kultura zaintzea eta euskara sustatzea, gobernantza-eredu egokia eta parte-hartzea oinarrian direla. Orainari erantzun eta etorkizunari arretaz begiratzeko planteamendua da 2019ko aurrekontuarena”.

Aurrekontuaren azken irizpenak Gobernu Taldearen (EAJ - PSE) aldeko 10 boto jaso ditu eta oposizioaren (EH Bildu) kontrako 7 boto.

Alkateak aurrekontu hauen garrantzia azpimarratu du; “izan ere, aukera emango digute duela 4 urte tolosarrei aurkeztu genien programari amaiera eman eta, era berean, etorkizunean garatuko ditugun proiektuen oinarriak finkatzeko”. Legealdiaren hasieratik, ikuspegi hori ardatz harturik egin dutela lan nabarmendu du Peonek: “Oinari erreparatu diogu, etorkizunaz ahaztu gabe. Urte hauetan Tolosa berriro martxan jartzeko proiektuak gauzatu ditugu eta etorkizunean Tolosak aurrera egiten jarrai dezan ere, ekimen eta proiektu berriak landu ditugu, tolosarrei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin”.

Begoña Tolosa Ogasun zinegotziak xehetu ditu zenbaki orokorrak. Aurrekontua zatikatu du adieraziz %33,5a pertsonal gastuetara dagoela bideratua; zerbitzuetara %38a; zorra kitatzera %4,15a; diru laguntzetara 4,4 milioi, aurrekontu osoaren %15a; eta inbertsioetara 2.100.000 euro, %7,8a.

Inbertsioez gain, proiektu berriak eta jarraipena duten proiektuak daude departamentu guztietan. Partaidetza alorrean Parte-hartze ordenantza sortuko da. Gizarte zerbitzuetan familia esku-hartzeen aurrekontua hirukoiztu da, adikzioen aurkako plana eguneratuko da edota zeinu-hizkuntza alorreko entitateekin hitzarmena sinatuko da... Ingurumen alorrean urmael bat egitea aurreikusi da Elosegi parkean, edota mendi ibilbideak balioan jarri eta ondarea berreskuratzeko plangintza sortzea. Kultura, Jaiak eta Gazteriari dagokionean, Leidor zinemako pelikulen kontratazioa indartzeko aurrekontua igo da. Badira urteurren berezi batzuk ere, Topic zentroak 10 urte beteko ditu, eta Tolosa&Blues jaialdiak 6. Horiek behar bezala ospatzeko aurrekontua ezarri da. Hizkuntza alorrean, euskal komunikabideei laguntza %2 igoko zaie urtero. Kirol esparruan, kirol gala izango da aurtengoan, bi urtetik behin egiten baita, edota Mugi Tolosa ekimena indartzen eta jarduera berriak sustatzen jarraituko da, duen arrakasta oinarri hartuta, bataz beste saioko 200 parte-hartzailetik gora baititu. Garapen ekonomikoaren alorrean, EMARI coworking espazioa zabaldu zen iaz. Aurten bertako ekintzak indartu eta ekintzailetza gizarteratzeko jardunaldia bat antolatuko da, Turismo bulego berria sortuko da, edota bigarren urtez jarraian laguntzak emango dira enpresei berrikuntza-proiektuak gara ditzaten. Berdintasunetik Behatokiaren diru partida handitu da era III. Berdintasun plana garatu eta udal protokoloa ebaluatzeko ere finantziazioa handitu da.

Azken 4 urteetan departamentu guztietan aurrekontu-igoera nabarmenak izan direla adierazi du Begoña Tolosa zinegotziak, hainbat adibide jarriz: Partaidetzan %967 gehiago, Gizarte zerbitzuetan %28, garapen ekonomikoa eta turismoan %103 gehiago edota Berdintasunean %47 gehiago.

Zorpetze maila %34,5 behera 4 urtetan

“Inbertsio maila handia izanik ere, zorra jaisten jarraituko dugu azken 4 urteetan egin dugun moduan” azpimarratu du Tolosak. Aurrekontuaren %4 bideratuko da 2019an funts horretara. “Legealdi honetan %34,5 jaitsi dugu Udalaren zorra eta inbertsio guztiak Udalaren gerakinetatik gauzatu ditugu”. 2018a 6.191.700 euroko zor biziarekin itxiko da eta 2019 amaieran 5.124.400 eurokoa izango da. Udalaren egoera, beraz, ona dela adierazi du Ogasun zinegotzi den Begoña Tolosa Mendiak eta gehitu du.

Tolosatzen hirugarrenez: 42 egitasmo eta 525.530 euro

Tolosatzen partaidetza proiektua abian jarri zuen Tolosako Udalak 2016ko apirilean, eta aurtengo aurrekontuetan isla dute, hirugarrenez, prozesuan parte hartu duten herritarren ekarpenek: Tolosatzeneko kideek proposatutako 42 proiektu txertatu dira 2019ko aurrekontuan eta 525.530 euroko kopurua bereganatu dute.

“Tolosarrek Tolosatzen prozesuan helarazitako proposamenak jaso eta aintzat hartu ditugu gure aurrekontuan, uste sendoa baitugu gobernantza-ereduak eta kudeaketa-eredu berriak herritarren parte-hartzea eta haiekiko hurbiltasuna izan behar dituela oinarri” azaldu du Olatz Peon Ormazabalek.

Iaz, 51 proiektu inguru txertatu ziren 2018ko aurrekontuan, 550.000 euroko aurrekontuarekin. Guzti horien betetze maila publikoa da eta Tolosako web orri ofizialaren 'tolosatzen' atalean egin daiteke jarraipen osoa.

Oposizioak egindako ekarpenetako bi txertatu dira ere aurrekontuan: bata Wikilaria, Wikipedian Tolosari buruzko informazioa euskaraz txertatzeko ekimena, edota hurrengo 20-25 urteetan Tolosak izango dituen etxebizitza beharren azterketa gauzatzea. Egindako ekarpenetatik hainbat jada gauzatze bidean daude edota aurrekontu proiektuan txertatuak zeuden: esaterako, Energia Berriztagarrien Plana, jada garatua eta bere ezarpena Ferialean hastear, Usabal kirolgunearen 3. fasea, edota Gorriti plaza eta RC2 gunearen eraberritzeari ekitea.

Aurrekontu proiektu osoa www.tolosa.eus -en kontsulta daiteke.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube