Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/01/02

Eneko Goia: «2019an Donostiak hainbat proiektu estrategikoren garapena ikusiko du»

Donostiako alkateak esan du, 2018an proiektu garrantzitsuetan aurrerapausoak ikusi direla, hain zuzen ere, Donostia hazten eta donostiarrei bizi-kalitate ona ematen lagundu duten proiektu garrantzitsuak
Eneko Goia

Donostiako alkate Eneko Goiak amaitu berri den 2018.urtearen balantzea egin du eta hasi berri den 2019rako hiriak dituen erronkak aipatu ditu. Goiak azpimarratu du, 2018an hiriarentzat oso garrantzitsuak diren hainbat proiektutan aurrerapausoak eman direla, besteak beste, Txomin Enea, Bretxa, Altzako kiroldegia, edo mugikortasun arloko hainbat proiektu. Hori dela-eta, uste du urte positibo eta produktiboa izan dela. ".

Hasi berri den urteari buruz, Goiak honakoa nabarmendu du: "2019an Donostia hainbat proiektu estrategikoren garapena ikusiko du, hain zuzen ere, aldaketa handia ekarriko duten proiektuak, betiere, hiri erakargarria izaten jarraitzeko, bizi-kalitate onekoa, eta nazioartean ondo kokatuta dagoen hiria izaten jarraitzeko.

Altza eta Bretxa

2018an hasi dira Altzako kiroldegi berriaren lanak. Behin indusketa fasea amaituta, eraikin berria egiteko lanak hastear daude. Guztira 18 milioi euroko proiektua da hau, eta 2019an 8,1 milioi euroko inbertsioa egingo da. Horren harian, Donostiako alkateak segidakoa gaineratu du: "Espero dugu hilabete honetan bertan behin behineko kiroldegia irekitzea Eraikuntzaren Institutuan. Horretarako azken hilabeteotan lanean jardun dugu lekua egokitzeko".

2018an ere Bretxako Arrandegia eraikina husteko lanak hasi dira. Eta 2019an Bretxako merkatuak kokapen berria izango du. Hori urte amaieran izatea aurreikusten da. Eneko Goiak esan du, dagoeneko Arrandegia eraikina husteko eta Arkoak eraikina egokitzeko zati baten lanak hasi direla, eta hurrengo hilabeteetan ikusiko direla aurrerapenak. Lan horiek udazken aldean hasiko dira fruituak ematen.

Hirigintza ekimenak

Eneko Goiak adierazi du, urtearen lehen hilabeteetan onartuko direla etxebizitza publikoaren aldeko apustua berretsiko dituzten hainbat hirigintza-birsorkuntza eta garapen proiektu. Hortaz, Udalak El Infierno, Illarra eta Aldakoneako garapenak onartuko ditu. Horiek eta Urumeako ibarrako Lorategi Hiria, Antzieta eta Sarruetan egingo direnak izango dira hirigintza-ekimen nagusienak.

Era berean, Txomineneako lehen faseak - Udala etxebizitza arloan egiten ari den ekimen nagusiena - aurrerapauso handia egingo du. Goiak gogorarazi du, 2018an lehen etxebizitzak eman direla, eta honakoa gaineratu du: "2019an 600 etxebizitza gehiago emango dira eta, gainera, Arteleku Plaza eta Ibai Parkea amaituko dira. Horrenbestez, bigarren fasea baino ez da geldituko. Eta bigarren fase hori egiten hasteko ezinbestekoa da kartzelaren etorkizunari buruzko erabakia hartzea, eta horretarako Espainiako Gobernuari insistitzen jarraituko diogu".

Espartxoko zubia Txominenea berriaren zati bat da. Egun zubia berria eraikitzeko lanak hasi dira, eta 2019an zehar aurrerapenak ikusteko aukera egongo da. 2019an ere espero da Astiñeneko zubi berriaren lanak hastea.

Mugikortasuna

2019a urte garrantzitsua izango da mugikortasunarentzat. Topoaren igarobidearen lanek aurrera jarraituko dute eta Renfe Mugi sisteman sartuko da. Baina ez dira bakarrak izango, izan ere, Eneko Goiak azaldu duenez, urtearen lehen hilabeteetan mugikortasun bertikalean hainbat aurrerapen ikusiko dira, eta besteak beste, Morlanseko igogailua martxan jarriko da, eta Larratxoko igogailuaren lanei ekitea aurreikusita dago. Halaber, 2019an Errege-zaina eta Heriz Pasealekuaren arteko igogailuaren lanak ere hastea aurreikusita dago.

Donostiako bidegorrien sareari kilometro gehiago gehituko zaizkio Aieteko bidegorriari esker, eta era berean, bidegorrien sarearen segurtasuna hobetzen jarraituko da, Kursaal eta Bretxako bidegorri zatian egingo diren egokitzapenei esker. Udalak, halaber, etorkizunari begiratzen dio eta aztertzen ari da Martutenerekin lotzeko moduak, behin Txomin eta Antzietako garapenak amaituta.

2019an ere elektromugikortasunari buruz hitz egingo da. Aztertzeko urtea izango da. 2018an bi autobus elektriko berriren frogak egin dira - Irizarren ietran ibilgailu artikulatua 28 linean frogatu da, eta 12 metroko Vectisen autobusa Ekialdeko barrutiarekin lotura egiten duten lineatan frogatu da -, eta 2019an froga horien emaitzak aztertuko dira, elektrifikazioan aurrerapausoak emateko.

Inbertsioak

Auzoetarako inbertsio eta proiektu ugarirekin iritsi da urte berria. Donostiako alkateak azpimarratu du, urte garrantzitsua izango dela, besteak beste, Loiolako Zeharbidearentzat, Añorgako bulebarizazioaren bigarren fasearentzat, eta Iztuetako biaduktuarentzat. Baina, era berean, urte honetan ere hainbat hobekuntza lanak egingo dira ikastetxe zein zahar-etxetan, asfaltatze lanak egingo dira, eta Kontxako baranda aldatzen jarraituko da - azken hau egiteko 4,5 milioi euroko aurrekontu-saila dago -.   

2019an amaituko da Anoeta Estadioaren birmoldaketa, eta mini-estadioa berritzeko lanetan aurrerapausoak emango dira. Anoeta berrian egongo da Ernest Lluch kultur etxe berritua, hain zuzen ere, 2019ko nobedaderik esanguratsuenetako bat. Eneko Goiak adierazi du, kultura arloan, besteak beste, Larrotxenen hobekuntzak egingo direla, San Telmorako fondo berriak erosiko direla, Musika eta Dantza eskolako eskaintza Antiguora zabalduko dela, edota Artzai Onaren dorrea bisitatzeko proiektuari bultzada emango zaiola.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube