Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/12/07

Getariako EAJk Sahatsagako II. fasean gazteentzako babes ofizialeko eta tasatuak diren etxe gehiago erreserbatzeko eskaera tramitatu du

Guztira etxebizitzen banaketan, kolektiboen eta adin tarteen arabera, 3 aldaketa proposatu dituzte jeltzaleek: gazteentzako etxebizitza gehiago, 35 urtetik gorako eta bakarrik bizi direnentzako aukerak sortzea eta familia ugarientzako izatea etxebizitza handienak. Bestalde, baldintzetan 4 zuzenketa proposatu ditu, tartean, errolda urtemuga eta lan aldiak handitzea, etxebizitzak getariarrentzat izan daitezen.
Getariako EAJk Sahatsagako II. fasean gazteentzako babes ofizialeko eta tasatuak diren etxe gehiago erreserbatzeko eskaera tramitatu du

Getariako EAJk aldaketak eskatu ditu urriaren 11an EH Bilduk “azkartasunez, presaka” Udal Batzarrean onartu zituen Sahatsaga kaleko bigarren fasean eraikiko diren babes ofizialeko eta tasatuak diren etxebizitzen esleipenerako oinarrietan. Guztira etxebizitzen banaketan, kolektiboen eta adin tarteen arabera, 3 aldaketa proposatu dituzte jeltzaleek: gazteentzako etxebizitza gehiago, 35 urtetik gorako eta bakarrik bizi direnentzako aukerak sortzea eta familia ugarientzako izatea etxebizitza handienak. Bestalde, baldintzetan 4 zuzenketa proposatu ditu, tartean, errolda urtemuga eta lan aldiak handitzea, etxebizitzak getariarrentzat izan daitezen.

Jada EAJren Udal Taldeak salatu zuen EH Bilduk dokumentazioa azken unean luzatu ziela eta testu osoari berrikuspen bat emateko aukera gabe utzi. Bestalde, etxeen esleitze oinarrien lanketa egiterako orduan, “datu objetiboak falta izan direla” adierazi dute: “ordenantza onartu aurretik, getariarren etxebizitza eskatzaile kopurua eta beren ezaugarriak neurtu beharko litzatezke, proposamena ahalik eta zehatzen egiteko, proiektua Getariatik getariarrentzat izan dadin; baina nahieran kudeatu dute gaia, inolako oinarririk gabe. Etxebizitza oinarrizko eskubidea da eta EH Bilduk beharrak zein diren aztertu gabe egitea honelako prozesu bat lotsagarria dela deritzogu”.

Behin berrikuspena egin ondoren, zenbait puntu aldatzeko beharra ikusi dute jeltzaleek, “betiere getariarrentzako ahalik eta onuragarrien izateko helburuz” adierazi dutenez. Alegazio epean zegoen ordenantza, pasa den azaroaren 30a bitarte, eta hainbat aldaketa aurkeztu ditu EAJk:

35 urtetik beherako gazteentzako etxebizitza gehiago

EH Bilduk guztira egingo diren 40 etxeetatik 2 gelako 6 etxebizitza utzi zituen sektore honentzako. EAJk 4 etxe gehitzen dizkio atal honi, guztira 10 lortuz. “Kontuan izanda egon diren izen-emateen bataz besteko adina 31 urtekoa dela, argi ikusten da gazteek duten beharra  handiagoa dela beste giza talde batzuena baino. Gure aldaketarekin bi dira jomuga: batetik  promozio guztiko etxeen %25a gazteentzako erreserbatzea, eta guk proposatzen ditugun 4 etxe berriak 3 gelakoak izatea. Modu horretan, gazteek bizi proiektu zabalagoa eta berme handiagokoa izateko eskubidea lortzen da” adierazi dute jeltzaleek.

Aitor Urresti bozeramaleak nabarmendu du kolektibo honek krisiarekin jasandakoa: “lan prekarietatea, kontratu motz eta tenporalak, soldata txikiak… Bizi proiektu asko bertan etenda daude emantzipazio ahalera ezagatik. Eta hau aukera bat da gazte talde guztientzat, gure herriaren etorkizunarentzat, hain zuzen. Promozio txikia izanik, berme berezia behar dutela deritzogu, geure herrian hazi direnak herrian gera daitezen”.

Familia ugarientzat etxe handienak

Familia ugariek, gutxienez 5 kidekoak, BOE (VPO) eta tasatuak diren etxeetan etxerik handienak ematea da jeltzaleen proposamena: “espazioan izaten dute arazo nagusia, beraz, promozioko etxebizitza handienak beraiei zuzenduak egon beharko luketeela deritzogu. Horregatik 8-7-17 etxebizitzak kendu eta 3-4-13 etxebizitzak sektore honi ematea proposatu dugu, dauden handienak baitira”. Mugimendu honekin, EAJren proposamenean gazteentzako 8-7 etxeak gehituko lirateke, 3 gelakoak, azaldu du Urrestik. 

35 urtetik gorako banakoentzat bi etxebizitza 

EAJren proposamena da, egun Udal Gobernuak ezarri ez duen aukera. Urrestik azaldu duenez, “iruditzen zaigu kolektibo bat dagoela oso zaila izango duena etxeren bat lortzea. Udalean izena eman zutenen artean hainbat dira  35 urtetik gora izan eta bakarrik bizi direnak une honetan. Hauek zailtasunak dituzte merkatuan etxe bat erosteko, diru sarrera bakarra baitute, eta gainera, egungo egoeran, adina dela eta hipoteka bat lortzeko arazoak izan ditzakete, ordaintze epeak murriztu edo interes altuak kobratzen dizkietelako banketxeek. Hori horrela, pertsona talde honentzat bi etxebizitza gordetzea da gure proposamena”.

Aldaketak baldintzetan ere

Getariarrei nahi diegu eman lehentasuna. Horretarako alegazioen barruan, proposatu dugu azken 10 urteetan Getarian 5 urtez erroldatuta egotea, EH Bilduren 3 urteak beharrean; edota, Getarian lan egin izana azken 4 urteetan eta bertan eduki izana bizilekua eta errolda gutxienez azken 15 urtetatik 7tan, EH Bilduren lanaren 3 urteen, eta bizileku eta erroldaren 5 urteen aldean. Gure iritziz Getarian erroturik dagoen pertsonentzat izan behar dute etxe hauek, eta hori bermatu nahi dugu”.

Bestalde, EH Bilduk oinarrietan honakoa jaso du: “egoera ekonomiko pertsonalaren ondorioz baztertzen badu etxebizitza, urtebetean ezingo du zozketa berrietan parte hartu”. Puntu hau kentzea proposatzen dute jeltzaleek. Urrestik adierazi du “jada egoera nahikoa zaila izango duela pertsona horrek, eta ondo justifikatzen badu ezin duela etxea erosi, ez litzatekeela zigortu beharko. Urte betean gauzak aldatu daitezke eta beste promozio batean sartzeko aukera izan behar duela uste dugu”.

Behin emendakin guztien ondoren, EAJk uste du Udal Gobernuak hausnarketa bat behar duela egin: “askotan familia eta kopuruetan jartzen da arreta promozio publikoko etxeak egiterakoan, baina kontuan izan behar dugu familia ereduak aldatzen ari direla, eta esaterako, guraso bakarreko familiak ere badaudela, eta honelako baremoekin hauen aukerak oso eskasak direla horrelako etxe bat lortzeko. Eta hau ez badugu kontuan hartzen gizatalde bat alde batera uzten ari gara. Kontzeptu hauek erakundeetan barneratzea gure lana da, eta horren lidergoa eramanen du EAJ Getariak administrazioaren modernizazio prozesuen barruan -gaineratu du Aitor Urresti bozeramaleak-. Ez hori bakarrik, Udal Gobernuak prozesu honetan izan duen utzikeria askotan salatu dugu: 7 urtetan lasai, oso lasai, egon da EH Bildu, eta orain, presaz, gauzak oso era traketsean eginda, datuak aztertu gabe, beste udalerrietako oinarriak ekarriz gurera, Getariaren beharrak eta herritarren eskaerak alde batera utzita, eta etxeak eraikiko dituen enpresaren nahiei so dabil. Oso garrantzitsu den gaia da etxebizitzarena, bizitza askori zuzenki eragiten diena, beraz egoki jardun eta pausuak oinarri sendoen gainean emanda lan egitea eskatzen diogu EH Bilduren Udal Gobernuari, hor egongo baita Eusko Alderdi Jeltzalea herritarren alde lanean, eta kasu honetan bezala, proposamenak luzatu eta proiektuak argia ikus dezan guztion nahiak betez”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube