Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/12/04

Foru Aldundiak 869 plaza sortuko ditu 2018-2021ko Gizarte Zerbitzuen Mapa berriaren barruan

Lurraldeko zazpi eskualdeetan banatuta, 75 milioi eurotik gorako inbertsio batekin. Horri esker, 1.886 enplegu berri sortuko dira arlo horretan.
Foru Aldundiak 869 plaza sortuko ditu 2018-2021ko Gizarte Zerbitzuen Mapa berriaren barruan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 869 plaza berri sortuko ditu bere eskumeneko lurraldeko zazpi eskualdeetako gizarte zentroetan, egoitzetan eta eguneko zentroetan. Horrek esan nahi du 217 plaza sortuko direla urtero hurrengo lau urtean. Honela banatzen dira: mendekotasunerako 446 plaza, 155 plaza desgaitasuna duten pertsonentzat, 118 plaza buruko gaixotasuna dutenentzat, 100 inklusiorako eta indarkeria matxistaren biktimentzat, eta 50 babesgabezian dauden adingabeentzat. Markel Olano diputatuak aurkeztu du gaur goizean, prentsaurreko batean, 2018-2021 aldirako Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuetako Mapa berria. Nabarmendu duenez, zentro eta beste zerbitzu batzuetako plaza berri horiek 75.461.079 euroko inbertsio bat eskatuko dute aldi horretarako, urteko gehikuntza honela banatuta egongo dela: 7.720.316 euro (2018), 12.403.676 euro (2019), 14.596.481 euro (2020) eta 10.972.325 (2021). Gaineratu du estimazioen arabera, inbertsio horrek eragin “ekonomiko positiboa” izango duela, izan ere “1.886 enplegu sortuko ditu gizarte zerbitzuetan”. Diputatu nagusiak adierazi duenez, mapa berri horren bitartez, foru erakundeak “bete egingo du” Gizarte Zerbitzuen Legea, “pertsonan zentratutako” planifikazioa eginda, “solidarioa” izatea ezaugarri duen  “gure lurraldean”.

Diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuaren batera egindako agerraldian, azpimarratu du mapa berriak “hobekuntza helburuak” badituela zenbait alorretan. Horrela, mendekotasunean helburuak dira Pasaiako Adinberri zentroa abiaraztea (zahartzearen eta mendekotasunaren erreferentziazko zentroa), zentro berri bat sortzea Irunen (Arbes), eta Lasarte-Oriako egoitza handitzea.  Eremu soziosanitarioan, foru arduradun gorenak jakinarazi du: «egoitza unitate berri bat sortuko dugu, eta 4 laguntza etxebizitza zabalduko ditugu eskualde defizitarioenetan. Desgaitasunean plaza kopurua handituko dugu, eta zahartzearen inpaktuari aurre egingo diogu. Gizarte inklusioan eguneko arreta zentro bat sortuko dugu Bidasoan, eta zerbitzu soziosanitario bat Donostian. Eta, azkenik, babesik gabeko haurtzaroan emantzipazioa programa indartuko dugu eta Egoitza Harreraren ordezkoak sustatuko ditugu».

 

Gizarte Politikako diputatuak gogorarazi du gizarte zerbitzuen mapa «planifikazio tresna bat» dela, ezartzen duena zein izango den gizarte zerbitzuen zabalkundea denbora tarte jakin batean aurreikusten den eskaerari erantzuteko. Halaber, gogorarazi du Mapa hau Gizarte Zerbitzuen Euskadiko Maparekin artikulatuta dagoela,  12/2008 Legeak aurreikusten duenarekin, hain zuzen. Zentzu horretan, azaldu du Mapa honen helburuak direla: 1) arretaren «estalduraren unibertsalizaziora gerturatzea» 2021. urterako; 2) sare publikoaren eskaintza egokitzea behar sozialetara, eta lurralde oreka bat lortzea; 3) zerbitzu eta prestazioen eskaintzaren kalitatea hobetzea eta arreta egoki bat eta «ahalik eta gertukoena» bermatzea; 4) sare publikoaren antolakuntza hobetzea «lurralde antolaketa baten bidez»; 5) eta proposatutako helburu eta neurrien «jarraipena, ebaluazioa eta kontrol publikoa» ahalbidetzea.

Aipatu aurreikuspenetan helburu horiek aintzat hartuta, SIIS dokumentazio eta azterketa zentroak diagnosi bat egin du, Gipuzkoako gizarte zerbitzuen sare osoak 2017aren amaieran zuen egoerari buruzkoa. Dokumentu hori 2018ko azaroaren 21eko bilkura mahaian onartu zen, Gizarte zerbitzuen erakunde arteko mahaian. Analisi hori abiapuntutzat hartu da sare osoaren estaldura premiak zehazteko, eta etorkizuneko eskaeren aurreikuspen bat egin da, hauxe: 

Lehenik, 80 urtetik gorako herritar kopuruaren egonkortze bat gertatuko da, 1936-1939 gerra urteetan eta hurrengoetan izandako jaiotza tasa txikiarengatik. Gero, igoera moderatu bat aurreikusten da, % 2,7, mendekotasuna duten pertsona kopuruan. Hirugarrenik, desgaitasuna duten pertsonak etxebizitzetatik egoitza zerbitzuetara mugituko dira, familia babesa murriztu egingo baita. Laugarrenik, epe motzera, baliteke bakarrik dauden adingabe atzerritarren kopurua handitzea. Arreta berezia beharko dute. Eta, azkenik, orobat aurreikusten da bazterketa egoeran dauden pertsonentzako baliabide eskaera asko handitzea, bereziki egoera kronifikatuan dauden pertsonen arretarengatik.

Bizitza itxaropenaren eta herritar kopuruaren igoera

Aipatu aurreikuspenen arabera, gipuzkoar herritarren eboluzioaren hipotesi batzuk egin dira, Eustatek 2031. urtera arte egindako proiekzio demografikoei jarraiki. Hala, Peñak esan du lehen hipotesia dela bizitza itxaropenaren gorako joerak horrela jarraituko duela. Gipuzkoaren kasuan, bizitza itxaropena, 2021ean, gizonentzat 81,8 urte eta emakumeentzat 87,52 urte izango dela kalkulatzen da, «Horrek esan nahi du 2017tik 2021era 1,2 handituko dela gizonen kasuan, eta 0,82 emakumeen kasuan».

«Bigarren hipotesiak -jarraitu du Peñak- dio emankortasuna ere pixka bat igoko dela, baina jaiotza kopurua jaitsi egingo da, adin emankorreko emakume kopurua murriztuko denez». Aztertutako aldirako, jaiotako pertsona kopurua jaitsi egingo da: 2017an 6.200 izango dira jaiotzak, eta 2021ean 5.800.

Hirugarren hipotesia da migrazio oreka aldekoa dela, eta horrek herritar kopuruaren igoera ekarriko du. «Eustatek aurreikusten du immigrazioak egungo mailan jarraituko duela 2017tik 2021erako aldi baterako (urtean, 14.100 pertsona etorriko dira), eta emigrazioak behera egingo du pixka bat», esan du diputatuak. Eta gehitu du ezen, laburbilduz, aldi horretarako migrazio saldo positibo aurreikusten dela, eta 2021ean irabazia 3.100 pertsona izango dela.

Laburbiltzeko, Olanok nabarmendu du Aldundiak «ahalegin handia» egin duela premien aurreikuspenari «aurre egiteko», adinekoentzako egoitzei, babesgabezian dauden adingabeentzako egoitzei, adingabeen larrialdiko zerbitzuei, indarkeria matxistaren emakume biktimen zerbitzuei eta baliabide soziosanitarioei dagokienez. Amaitzeko, diputatu nagusiak oroitarazi du Gipuzkoan gizarte «kohesionatua» dugula, gizarte-ehun «sendo» eta gizarte zerbitzu «aurreratu batzuei esker». Horren harira erantsi du mundu mailan «desberdinkeria aurrera egiten» ari delarik, “gure gizarte kohesiorako, ezinbestekoa da gizarte politiken eredu honi eutsi diezaiogun». «Gipuzkoan lanean ari gara kolektibo horiek guztiek bizi maila duina izan dezaten, beraien beharren araberako gizarte zerbitzuak eskainita, kolektibo jakin batzuk bazterkerian erori ez daitezen eta gizarteratu daitezen», amaitu du Olanok.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube