Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/11/26

Protokoloarekin, Gipuzkoak aurrera pausua eman du gaitzespenaren eta erreparazioaren kulturan

Indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko Protokoloaren lehen balantzea egin dute Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Miren Elgarresta, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak
Protokoloarekin, Gipuzkoak aurrera pausua eman du gaitzespenaren eta erreparazioaren kulturan

Iazko azaroan aurkeztu eta lehen aktibazioa otsailean egin zenetik, 27 aldiz jarri da protokoloa martxan eta 23 alditan eman da erantzun publiko instituzionala. Markel Olano diputatu nagusiak agerraldian berretsi egin du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko lana lehentasunezkoa dela foru gobernuarentzat, "Gipuzkoa desberdintasun gutxien duen Europako lurraldeetako bat bilakatzeko lanean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna giltzarri nagusietako bat da eta". Honela, diputatu nagusiak konpromiso horri irmoki eusten jarraitu diotela adierazi du "berdintasuna politiken lehen lerroan egoteko lan eginez".

Diputatu nagusiak nabarmendu nahi izan duenez, herritarren, mugimendu feministaren eta erakundeen arteko Indarren batuketarekin, gizartearen esparru guztietara zabaldu nahi du Aldundiak Gipuzkoan indarkeria matxista desagerrarazteko konpromisoa, "gizartearen erroetaraino sartuta dagoen desberdintasun baten ondoriorik mingarriena delako indarkeria matxista eta eraldaketa kultural oso bat eskatzen" duelako, Olanok agertu duenez. Gaia premiazko arazo sozialtzat hartzen du diputatu nagusiak, hala, "datuak tentuz hartu eta hausnarketa egokia egiteko beharra" azpimarratuz. Azaldu duenez, "duela gutxira arte esparru publikoan ikusezina zen errealitate batez jabetzen" gabiltza, gaiak "geroago eta presentzia eta sentsibilizazio publiko handiagoa" daukalako, hain zuzen. "Honek esan nahi du errealitatea azaleratzen dagoela eta hori politika on baten seinale" dela, izan ere, "zenbat eta berdintasunaren aldeko politika hobeak, orduan eta gehiago ikusaraziko baitira kasuak", Olanok baieztatu duenez.

Honenbestez, erantzun publiko instituzionalerako Protokoloak lehen urtea bete duen honetan "tresna baliagarria" dela ikusi da, diputatu nagusiaren iritziz, eta hasiera bateko helburuak bete direla esan du: "erasoen aurrean zero tolerantzia ahalbidetzeko gizarte sentsibilizazioan aurrera egitea, lurralde mailako erantzun homogeneoa emateko baliabideak eskaintzea eta indarkeria sexistaren biktimei aitorpena egin eta erreparaziorako mekanismoak garatzea". Diputatu nagusiak azken puntu horretan jarri nahi izan du azpimarra, errekonozimendu horren garrantzia balioan jarriz. Azaldu du "Gipuzkoak aurrera pausuak" eman dituela "gaitzespen eta erreparazio kultura baten eraikuntzan".           

Protokoloaren ibilbidea datutan

Aldundiaren Protokoloa Aldundiaren Berdintasunerako Organoan kasu baten berri jakiten den unean aktibatzen da eta informazioa jaso, biktimarekin udalerriko Udalarekin harremanetan jarri, foru arreta zerbitzuak eskaini eta gertaera baloratzen den unean, erantzun publiko instituzionala bideratzen da, hala jardutea egokia dela erabakitzen den kasuan. 

Udako hilabeteetan egon da erasoen pilaketarik handiena: ekainetik irailera bitartean, 16 erasoren berri jaso da (kasuen% 59,25a). Miren Elgarresta, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak azaldu du kontzentrazio honek lotura zuzena duela jai giroan gertatzen den indarkeria mota batekin, indarkeria sexualarekin, festa egunetan gertatutako ukitu, jazarpen eta bortxaketa kasuak izan baitira, hain zuzen. Datu honen irakurketari arreta eskaini nahi izan dio Miren Elgarrestak, azalduz, "erantzun publikorako protokoloarekin ikusi denez, orain arte ikusezinagoak ziren indarkeria motak presentzia publiko handiagoa" hartu dutela eta, "bereziki, esparru publikoan gertutako eraso-sexualak ikusarazten dituela". Errealitate honen aurrean, "jaien esparruari arreta berezia eskaini" behar zaiela esan du. Eraso sexualak, protokoloari dagokionez, guztira 11 izan dira (%42) eta eraso fisikoak 13 kasu (%50), protokoloari dagokionez 2018an.

Erasoetako biktimaren eta erasotzailearen arteko harremanari begiratuta, 7 kasutan (%23) erasotzailea bikotekide ohia izan da, beste 7 kasutan (%23) bikotekidea, eta kasu banatan bikotekide ohiaren ezaguna ala senidea izan dira. Adinari dagokionez, 3 kasutan adingabeko emakumeen kontrako erasoak izan dira. Erasotzaileei dagokienez, kasuen %80an erasotzaile bakarreko kasua izan da.

Balantzea eginez, Protokoloa indarrean egon den hilabete hauetan tresna bera baliagarria izan dela azpimarratu du Miren Elgarrestak, "kasu bakoitzarekin egoera desberdin baten aurrean kokatu" dituelako arduradunak, jarduteko era aldian-aldian baloratu behar izan dutelarik. Hala, "etengabeko hobekuntzara bideratutako prozedura" dela azpimarratu du foru zuzendariak, bi helburu argirekin: biktimari arreta eta gizarte-sentsibilizazioa. Erakunde barruan zein inplikatutako beste erakunde eta mugimendu feministarekin egin beharreko lanean sakondu egin beharra dagoela ere azpimarratu du Elgarrestak, "ahalik eta gehienetan erantzun bateratu bat elkarrekin emateko ahalegina eginez". Azkenik, erantzun publikorako protokoloa hobetzen jarraitzeko konpromisoarekin batera, arreta protokoloa landu eta sendotzeko urrats berriak emango direla iragarri du Elgarrestak, Lurraldean gizarte zerbitzuek emakumeen ahalduntzea xede duen genero perspektiba bermatzeko lana eginez.  

Kongresua otsailean

Foru arduradunek, halaber, otsailean egingo den kongresu berri bat iragarri dute. Miren Elgarrestak azaldu duenez, "azkenaldian berdintasunaren aldeko eskaera eta mugimenduek hartu duten indarraren inguruan" jardungo duena. Otsailaren 14ean eta 15ean egingo da nazioarteko kongresua eta esparru akademikoko, gizarte eragileak, mugimendu feminista, politikoa eta administrazio publikoko pertsonak batuko ditu. Ekonomia, zaintza eta indarkeria matxista, feminismoaren agenda globala eta politika publikoen erronka eta proposamenak landuko dira.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube