Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/11/21

Foru Aldundiak bere gobernantza eredua kontrastatu du Gipuzkoako gizartearekin

‘Gobernu Ona, Foru Gobernantza Publikoaren esparruan‘ izeneko jardunaldi berezia egin da gaur Aldundian, parte-hartze zabalarekin. Bertan izan dira 100 lagunetik gora: udaletako, enpresetako, boluntariotza, kirol edo kultur elkarteetako, edota unibertsitate eta ikerketa zentroetako ordezkariak. “Politika publikoen sustapen, diseinu, garapen eta ebaluazioan etengabeko elkarlanean oinarrituta”, Gipuzkoa “administrazioaren eta herritarren arteko harreman eredu berri bat” finkatzeko egiten ari den apustu partekatua komunean jartzea izan da topaketaren helburu nagusia, adierazi du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.
Foru Aldundiak bere gobernantza eredua kontrastatu du Gipuzkoako gizartearekin

Zuzentasuna, kudeaketa eraginkorra, kontu ematea, gardentasuna eta herritarrek informazioa eskuratzeko duten eskubidearen aitorpena, edota politika publikoen eta etorkizuneko proiektuen sorkuntza kolaboratiboa bezalako alorrak jorratu dituzte parte-hartzaileek, aditu hauen eskutik: Juanjo Álvarez, Concepción Campos, Ascen Moro eta Rafael Jiménez Asensio. Orobat, Gipuzkoako gizarte zibileko ordezkariekin gobernantzari lotuta martxan jarri dituen ekimenak partekatu ditu Aldundiak. Hala, Xabier Barandiaran kabinete buruak Etorkizuna Eraikiz elkarlaneko gobernantzako eredua xehatu du, eta Imanol Lasak, berriz, Diputatuen Kontseiluak duela gutxi onartutako Gobernu Oneko Foru Araua aurkeztu du.

Arau horrek, lehen aldiz, isun erregimena finkatzen du goi karguentzat, publizitate aktiboarekin eta informazio publikorako sarbidearekin zerikusia duten betebeharren balizko urraketaren aurrean. Bestelako berritasunak ere dakartza: Aldundiaren datu irekiak eta datu horien berrerabilpena arautzen du, gizarte antolatuareb mesedetan; politika publikoen ebaluazioa bultzatzen du; interes talde edo lobbyen erregistroa sortzen du; eta esperimentazio aktiborako espazioen beharra finkatzen du, lurraldeak dauzkan erronka eta arazo konplexuei aurre egite aldera. Gainera, organu independientea eta funtzionalki autonomoa sortzen du, herritarrek publizitate aktiboarekin eta informazio publikorako eskubidearekin lotuta egiten dituzten erreklamazioak ebatziko dituena.  

Hala, legealdi hasieran emandako hitza bete du Aldundiak. “Kudeaketa Plan Estrategikoan, open datari buruzko Foru Araua onartzea aurreikusten genuen. Baina lanean hasi ginenean, ikusi genuen beharrezkoa zela Gobernantza Onari lotutako beste hainbat alor ere lantzea. Beraz, haratago joan gara, eta konpromiso ausartak hartu ditugu. Erakunde gutxi egongo dira Gobernu Oneko lege espezifikoa edukiko dutenak. Eta lege hau ez da papel bustia, konpromiso zehatzak eta neurgarriak ezartzen baititu Aldundiaren ardura dugunontzat. Eta izango dutenentzat”, azaldu du Lasak.

Azkenik, Aldundiaren Etika Batzordearen urteko memoria aurkeztu du Goizeder Manotas Modernizazio zuzendariak. Bertan jasotzen dira Batzordeak jaso dituen erreklamazio eta zalantzen aurrean hartu dituen erabakiak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube