Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/11/19

Errenteriako EAJ-PNVk euskara batuaren 50. urteurrenaren harira Miren Azkarateren hitzaldia antolatu du

Hitzaldia, Euskaraldiko lehen egunaren bezperan izango da, azaroaren 22an, 19:00tan Reina Aretoan. Miren Azkaratek euskara batuaren 50 urteko ibilbidea errepasatuko du eta ibilbide horretako protagonistetako bat izango da, noski, Koldo Mitxelena errenteriarra.
Errenteriako EAJ-PNVk euskara batuaren 50. urteurrenaren harira Miren Azkarateren hitzaldia antolatu du

Errenteriako EAJ-PNVk aurkeztu du “Euskara batua – 50urte” Miren Azkarateren hitzaldia. “Aurten 50 urte betetzen dituen euskara batuaren sortzaileetako bat izan zen Koldo Mitxelena errenteriarra eta gure herriak euskara batuarekin duen lotura kontutan izanda, ezin genuen urteurren hau nolabaiteko ospakizunik gabe utzi” dio Elixabete Murua Errenteriako jeltzaleen lehendakariak. Aipatu hitzaldia azaroaren 22an egingo da, 19:00tan, Errenteriako Reina aretoan.

Hitzaldiaren aurkezpena, beraz, ez dute jeltzaleek kasualitatez Koldo Mitxelenaren omenezko eskulturaren aurrena egin, izan ere, “gai honi buruzko hitzaldi batek, ezinbestean du Koldo Mitxelenari omenaldi puntu bat” diote jeltzaleek. Miren Azkaratek 50 urteko ibilbide honi errepaso bat emango dio eta ibilbide honetako protagonistetako bat izango da Koldo Mitxelena zalantzarik gabe. Arantzazuko Santutegian 1968an Euskaltzaindiko hainbat kide euskara batuari forma ematen hasi zirenetik asko aldatu da gure herria, gure gizartea eta baita euskara eta euskararekiko gure harremana ere. Badago, beraz, honen inguruan zer esanik.

“Hizlariaren inguruan, berriz, zer esan” jarraitu du Elixabete Muruak, “Miren Azkarate aski ezaguna da euskararen munduan, Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta Euskal Filologian egin zuen doktoretza, Koldo Mitxelenak eta Ibon Sarasolak zuzenduta. Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia irakasle izan zen 1978-1988 bitartean eta geroztik EHUan Euskal Filologia irakaslea da, gaur egun, katedraduna. EHUren administrazioan hainbat kargu bete ditu, baita beste erakunde batzuetan ere, besteak beste, kultura sailburu izan da Eusko Jaurlaritzan. Euskaltzaindiko kide ere bada eta Euskaltzain oso izendatutako lehen emakumea. Euskararen inguruko ezagutza zabala dauka, euskal morfologian eta lexikologian berezitua dago eta euskara batuaren 50 urteko ibilbide honetako parte izan da zalantzarik gabe”. 

“Hitzaldia oso interesgarria izango dela uste dugu, izan ere, euskara batua oinarrizko tresna izan dugu gure herrian azken hamarkadetan. Horregatik, errenteriarrak animatu nahi ditugu hitzaldia entzutera eta, bide batez, Euskaraldirako motorrak berotzera” amaitu du Muruak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube