Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/11/13

6 milioi Irungo Hegoaldeko Ingurabidea egiteko

Foru Aldundiak Hegoaldeko Ingurabidea gauzatzeko 6 milioiko diru laguntza onetsi izana baikorra iruditzen zaio Xabier Iridoyri . Irungo EAJk Hegoaldeko Ingurabidearen lehen faseko obrak abian jartzeko presatu du Santano.
6 milioi Irungo Hegoaldeko Ingurabidea egiteko

Diputatu Kontseiluak onartu du Irungo Udalari 6 milioi euroko diru-laguntza ematea, Hegoaldeko Ingurabidearen lehen fasearen obrak finantzatzeko. hiriaren hegoaldetik Behobiara joateko aukera emango du Udal jabegokoa izango den saihesbide berriak. Horrela, foru bozeramaileak azpimarratu duenez, legealdi hasieran hartutako konpromisoa bete du Foru Aldundiak, Gipuzkoako bigarren hiriarentzat “oinarrizkoa” den azpiegitura babestuz: “Trafikoa arindu eta irundar guztien mugikortasuna hobetuko du, bizi-kalitatean ere aurrerapauso handia ekarriz”.

Hegoaldeko Ingurabidea Udalaren jabetzakoa izango da, eta berari dagokio orain  obrak lehenbailehen hasteko “eman beharreko pausoak ematea”; izan ere, Aldundiak diru-ekarpena formalizatu du jada, eta prest dauka ere erakundearen jabegokoak diren lur zatiak lagatzeko dokumentua. 16 hilabete iraungo dute lanek. Bi zatik osatzen dute proiektua:  Hegoaldeko Ingurabidearen lehen zatia, 7.048.544,04 euroko aurrekontuarekin, Aldundiak 6 milioi ordainduko dituelarik; eta, bestetik, Txenpereneako ekipamendurako lurzatian sartzeko biribilgunea egitea eta sarbidea handitzea, 1.167.151,77 euroko aurrekontuarekin, Udalaren kontura.

Bide azpiegitura berria 690 metro luze izango da, eta hiri hegoaldetik Behobiara joateko saihesbidearen lehen fasea izango da. AP-8 autopistaren lotunean egingo den biribilgune berriarekin konektatuko du, alde batetik. Eta, bestetik, behin-behineko lotura baten bitartez, Euskal Herria etorbidearekin, Egiluze komentutik gertu, hain zuzen. Plantako trazatuak autopistaren bidea jarraituko du, horren iparretik. Behobiako norabidean beheranzko aldapa edukiko du, gehienez %5eko maldarekin. Goranzko norabidean, Behobia-Oinaurrerantz, bi errei edukiko ditu, eta beherantz, berriz, bakarra, metro bateko erdibitzaileak banatuta.

Aktuazio horri, gehitu egin behar zaio AP-8 autopistako lotune-erdi berria, egunero 2.500 ibilgailuri zerbitzua emango diena. Abendu-urtarril inguruan aurreikusten da obrak hastea, eta horiek egiteko epea urtebetekoa izango da. Aldundiak epe motzean esleituko ditu lanak, eta osorik finantzatuko du proiektua, 9,3 milioi eurorekin, Bidegi foru sozietatearen bitartez. “Ikusten den bezala, guztira 15 milioi eurotik gorako diru ekarpena egungo dugu guztiz lotuta dauden bi proiektu hauek aurrera eramateko. Irungo erdiguneak konexio zuzenagoa edukitzea ahalbidetuko dute, eta horrek aurrerapauso nabarmena ekarriko du Gipuzkoako bigarren hiriaren mugikortasunean eta, nola ez, kalitatean”.

Hegoaldeko Ingurabidearen lehen faseak, AP-8ko lotune-erdiak duen potentziala aprobetxatzen hasteko aukera emango du, Irungo erdigunearen komunikazioa hobetuz, sarbide berria sortzen duen neurrian. Baina potentzialtasun guztiari, Udalak gainerako faseak gauzatzen dituenean aterako zaio etekina. Hirigunearen hegoaldetik sarbide horiek egitea Gipuzkoako errepide sarearen mesedetan izango da, bereziki GI-636 edo garai bateko N-1 errepidearen mesedetan, sarbide aukera gehiago izatean arindu egingo baita gaur egun kanpoko lotura bakar gisa eta auzo arteko joan-etorriak egituratzeko erabiltzen den errepide hori.

Hala, proiektu horiekin nabarmen arinduko da GI-636 errepideko trafikoa. Premia handiko kontua da; izan ere, bertan bat egiten dute 60.000 biztanletik gora dauzkan Irungo trafikoek, eta 20.000 biztanletik gora eta turista kopuru handia dauzkan Hondarribikoek. Horri, eskualdea muga ondoan egoteak duen eragina gehitu behar zaio. Aurretik, GI-636 zabaltzeko aukera aztertu zen, baina alde batera utzi zen ingurugiroari lotuta eta funtzionalki zeuzkan eragozpenak zirela-eta, Hegoaldeko Ingurubidearen alde eginez. “Irundarrek urte asko daramatzate auto-ilarak eta zailtasunak pairatzen hirira sartzerakoan eta irteterakoan. Gure betebeharra da denok elkarlanean jarraitzea Irungo zein Gipuzkoako herritarron arazoak konpontzeko, eta hori da egingo duguna”, ziurtatu du Lasak.

Bestalde, Aldundia lanean ari da dagoeneko beharrezko aldaketak ezartzen, etorkizunean AP-8an Irun-Bentak-Behobia zatiko ohiko erabiltzaileei deskontuak eskaintzeko. “Lehen joan-etorriko desplazamendutik % 50eko deskontua izango da, eta 20 desplazamenduko kopurua gainditzen denean, berriz, % 80koa. Hobari horiek eskuratu ahal izateko, beharrezkoa izango da Abiatu gailua edukitzea. Horrela, Aldundiak irizpide berria hartuko du autopistaren tratamenduan Irun guztian zehar, Bentasetik-Behobiara doan zatiari saihesbide izaera emanez”, zehaztu du.

Iridoy: “Ahalik eta lehen Hegoalde Ingurabidearen lehen fasearen obrak gauzatzeko eskatzen diogu Santanori”

Irungo EAJ-PNVk gaur goizean Foru Aldundiak jakitera eman duen berriaren inguruan bere poztasuna adierazi du. Honen harira Xabier Iridoy, Irungo EAJ-PNVko bozeramaileak, “gaurko egunean, Imanol Lasa foru bozeramaileak, jada Irungo Udalak Hegoaldeko Ingurabidearen lehen fasearen obrak martxan jarri ahal izateko beharrezko dituen 6 milioi euroko diru laguntza eskura duela komunikatu du. Hala trafikoa arinduko eta irundarron mugikortasuna hobetuko duen azpiegitura ahalbidetu du Foru Aldundiak” aipatu du.

Halaber, Iridoyk, Foru Aldundiak emandako aurrera pauso irmo honek erakundeak Irunekiko duen benetako konpromisoa adierazten duela eta orain Udal gobernuaren txanda eta ardura dela esan du, “onespen honek lehen fasearen lanen berehalako gauzatzearekin bat egin beharko luke. Irunen dugun trafiko arazoa birmoldatzen eta banatzen lagunduko du guzti honek”. Jeltzaleak gainera bere taldeak hiriko mugikortasunaren alde, eta hiriko arazoak konpontzeko helburuarekin, lanean jarraituko duela azpimarratu du. “Irunentzat hain onuragarria den proiektu hau modu egokian garatu ahal izateko erakunde desberdinen arteko elkarlanean sinesten dugu guk. Eta  Udalak hemen asko du egiteko noski. Orain Santano eta gobernu sozialistaren txanda da” esan du Iridoyk.

Bukatzeko, bozeramaile jeltzaleak hemendik aurrera modu koordinatuan eta bizian jardutea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi izan du, “Hegoaldeko Ingurabidearen lehen faseko obrak gauzatzeko 6 milioi euro hauen onespenak, eta Txenperenean AP-8ko erdi loturaren abiarazteak, beharrezko egiten du Santanok ere lehen faseko obrei hasiera ematea. Guztia era koordinatuan garatu dadin eta zortatu daitezkeen arazoei garaiz aurre egin ahal izateko. Azkenik, Hegoaldeko Ingurabidearen bigarren fasearen erredakzioa martxan jartzea garrantzitsua dela ere gogorarazi nahi diogu gobernu sozialistari”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube