Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/08/30

Inauguratu da Gipuzkoako Larrialdiak Koordinatzeko Zentral Bateratua, Garberako suhiltzaileen parkean

Gunea handitzeko eta ekipatzeko egin diren lanak amaitu ondoren, abian da jada Gipuzkoako Larrialdiak Koordinatzeko Zentral Bateratua, zeina Garberako udal suhiltzaile etxean kokatzen baita. 2017ko abuztuan lankidetza hitzarmena sinatu zuten Donostiako Udalak eta Foru Aldundiak, eta hitzarmen horren ondorio dira gaur inauguratu diren instalazio berriak. Bai erakunde batek bai besteak hausnarketa eta lan prozesu partekatu bat abiarazi zuten legealdi hasieran, gizartearentzat funtsezkoa den zerbitzu publiko hau hobetu eta indartzeko helburuarekin, larrialdiei zentral bateratu baten bidez erantzun ahal izateko.
Inauguratu da Gipuzkoako Larrialdiak Koordinatzeko Zentral Bateratua, Garberako suhiltzaileen parkean

Instalazio berriak gaur inauguratu dituzte Markel Olano diputatu nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak.  Inaugurazio ekitaldian egon dira, halaber, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasa eta Babes Zibileko zinegotzi Martin Ibabe, bi erakundeetako departamentu eskumendunak ordezkatuz, eta baita bi zerbitzuetako arduradunak ere, suhiltzaileen foru zerbitzuko buru Arkaitz Orbegozo eta udal zerbitzuko zuzendari Imanol Andonegui.  

Proiektuak 579.107,26 euroko kostua izan du guztira, proiektu teknikoaren idazketa, zabaltze eta egokitze obren exekuzioa eta bitarteko materialen hornidura barne.  Obrak Foru Aldundiak ordaindu ditu, bera arduratu baita lanak lizitatu eta esleitzeaz, eta baita beharrezkoak izan diren hornidura, ekipamendu eta zerbitzuak jartzeaz. Udalari esker, bestalde, foru erakundea Garberako suhiltzaile etxeari dagokion espazio fisikoan jardun ahal izan da. Izan ere, bertan sortu dute Zentral berria hartuko duen espazioa, eta bertan arituko dira, baita ere, larrialdiak koordinatu eta kudeatzeko lanetan aritzen diren erakunde bateko zein besteko suhiltzaileak.

Goiak eta Olanok nabarmendu dutenez, bi erakundeek egin duten apustua, indarrak batu eta sinergiak sortzearen aldekoa, funtsezkoa da bikoizketa administratiboak ezabatu edo murrizteko. Horrela, egun dauden bitartekoak eta baliabideak hobeto erabiltzea eta arrazionalizatzea lortuko da, eta, aldi berean, aktibazio bateraturako denborak murriztuko dira. Izan ere, suhiltzaile zerbitzuen arteko koordinazio lanak erraztuko dira, eta, horrela, indartu eta hobetu egingo dira, larrialdietan, baliabide operatiboak koordinatzeko eta kudeatzeko lanak eta informazioa bildu, komunikatu eta erregistratzeko lanak.

Diputatu Nagusiaren arabera, Zentral berriak “aurrerapauso nabarmena” ekarriko du Gipuzkoa Babestu 20-30 plan estrategikoa garatzeko, eta lurraldeko bi suhiltzaile zerbitzuen etorkizuneko “bateratze operatiborantz”. Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko arduradun teknikoek osatu dute plana. Joan den ekainaren 13an aurkeztu zen Batzar Nagusietan, eta indar politiko guztien ekarpenak aintzat hartu ondoren, Aldundiaren hurrengo Diputatuen Kontseiluan onartuko da, aurreratu duenez. Bi eremu operatibo sortzea aurreikusten du, Ekialde eta Mendebalde, bakoitzak bere parke zentrala edukiko duelarik. Parke berriak irekitzea eta egun indarrean diren beste batzuk birkokatzea ekarriko du egitasmoak, lurraldeko garraio azpiegitura berria aprobetxatzeko. Modu horretan, suhiltzaileak 15 minutu baino gutxiagoko denboran iritsi ahal izango dira Gipuzkoako ia udalerri guztietara, eta baliabide gehiagorekin udalerri guztien kasuan.

 “Suhiltzaileen Foru Zerbitzua 80ko hamarkadan diseinatu zen, eta ordutik hona aldaketa ugari eta sakonak izan dira bai errepide sarean bai ezbehar ohikoenen tipologian. Egoera berrira egokitzeko, larrialdien arretaren etorkizuna bermatzen ari gara Gipuzkoan, herritarren segurtasunari, eta zerbitzuaren kalitateari eta eraginkortasunari lehentasuna emanez”, azaldu du.

 Donostiako alkateak, berriz, adierazi du egokitza berriarekin Gipuzkoan “koordinazioa eta bitarteko operatiboen optimizazioa” hobetuko direla, lurraldeko hainbat esku-hartzeri “elkarlanean” aurre egitea ahalbidetuko baitu, baliabide publikoak modu hobe eta eraginkorragoan erabiliz. Haren esanetan, guztik horrek ekarriko du “herritarrei zerbitzu hobea” eskaini ahal izatea, esku-hartze premiazkoenetan eta delikatuenetan batez ere. Alkateak azpimarratu duenez, bi suhiltzaile zerbitzuen koordinazioa ez oraingo kontua, aspaldikoa baizik, eta “modu eraginkorrean gauzatu da, azken aldian hainbat sutetan ikusi den bezala. Baina zentral berri honi esker, espazio fisiko berean egonda eta dispositiboak elkarrekin antolatuta, “beste aurrerapauso bat emango dugu, dudarik gabe iritsiko den bateratze  horrerantz”. Arduradun operatiboen jarrera eskertu du Goiak, Garberako udal zerbitzuaren egoitzan kokatzen den zentro berri hau “dagoeneko indarrean” egotea erraztu baitu. 

Sistema berritzaileak

Zentral bateratu berria oso garrantzitsua izango da lurraldeko larrialdi guztien kudeaketarako; horregatik, zentrala eraiki eta diseinatzeko garaian, kalitatearen eta berrikuntzaren aldeko apustu garbia egin da sistema guzti-guztietan, bai eraikuntzarekin lotutako alderdiei dagokienez, bai langileen konfortari dagokionez, bai eta informatikako, komunikazioko eta larrialdien kudeaketako aurrerapen teknologikoei dagokienez ere. Hori horrela, ekipo informatiko guztiak berritu dira, eta komunikazioak kudeatzeko CECOCO ekipo bat ere jarri da, komunikazioak integratzeko sistema batekin, eta VideoWall bat, zeinari esker operadoreek eta guardiako buruak Informazio Geografikoko Sistema (GIS) bistaratu baitezakete, eta esku-hartzeen eta baliabide operatiboen jarraipena egin.

Instalazio berriak nabarmen handitzen ditu bi administrazioek bakoitzak bere egoitzan zituzten zentralen azalera fisikoak eta gaitasun operatiboa. Larrialdien operadoreen 7 postu prestatu eta ekipatu dira, jarduketa asko aldi berean kudeatu ahal izateko, edo sor litezkeen larrialdi handiei edo katastrofeei aurre egin ahal izateko; izan ere, horrela hirukoiztu egiten da bi zerbitzuek lehen bakoitzak bere aldetik zuten gaitasuna. 

Garberako parkeko bulegoetarako eraikinaren behe solairuan kokatzen da zentrala, suhiltzaile etxeak berak duen krisi aretotik gertu, eta bi espazioak lotu eta indartuko ditu, larrialdi handiak askoz ere eraginkortasun handiagoaz kudeatzeko aukera emanez. Gainera, zentral berriaren ondoan atsedenerako eremu bat eta komunak jarri dira, eta bulego bat, suhiltzaileen guardiako buru operatiboarentzat. Figura hori ere bateratu egin nahi da etorkizunean, bi zerbitzuetako langileek egun duten laguntza teknikoa hobetuz eta sustatuz.

Integrazio operatiboa

Instalazio berri hau abian jartzea mugarria izan da bi zerbitzuetako abisu zentralen arteko integrazio operatiboan, zeina pixkanaka egingo den. Bi zerbitzuetako langileak Zentral berrian daude lanean jada, baina hasiera batean lan sistema paraleloari eutsiko diote. Hala ere, bitarteko eta espazio berak erabiliko dituztenez, laguntza eta errefortzu puntualak emango dizkiote elkarri, beharrezkoa denean.  Paraleloan lan egiten jardungo diren fase hau, zeina hilabete batzuk luzatzea aurreikusten den, behar-beharrezkoa da, baterako prozesu, prozedura eta tresna informatikoak egokitzen joan eta taldean lan egin ahal izateko, larrialdiak kudeatzeko sistema eta eredu bera erabiliz.

Horri dagokionez, Aldundiak larrialdiak kudeatzeko sistema berri batean inbertitu du. Sistema hau modernoagoa da, eta hobeto egokitzen zaio egungo egoerari. Une honetan egokitze eta ezarpen fasean dago, baina etorkizunean bi zerbitzuek erabiliko dute. Aurreikuspenen arabera, 2019an bi zerbitzuek batera eta era bateratuan erabili ahal izango dituzte abisuak eta komunikazioak jaso eta kudeatzeko zerbitzuak.

Behin zentrala % 100ean era bateratuan jarduten hasten denean, larrialdi guztiak batera jaso, ezagutu, kudeatu, informatu eta koordinatuko dira, ondoren larrialdiaz arduratuko den erakundea edozein dela ere. Prozedura horrek aurreikuspen eta aurrerapen gehiagorekin lan egiteko aukera emango du, batez ere larritasun handiko gertaeren kasuan; izan ere, bi zerbitzuen arteko koordinazio operatiboa eta elkarrekiko laguntza indartuko dira, eta, modu horretan, erantzun azkarrago eta eraginkorrago bat lortuko da. Gipuzkoan suhiltzaileek esku hartzea dakarten 5.000 larrialdi dei baino gehiago jasotzen dira urtero, eta dei horiek guztiak zentralean jasoko dira. Horrela, era bateratuan kudeatuko da zerbitzu bat edo bestea aktibatzea, edo, zenbait kasutan, larritasun bereziko gorabeheren aurrean, bi zerbitzuak batera aktibatzea.

Funtsezko elementua

Suhiltzaileen koordinazio eta komunikazio zentralak funtsezko elementuak dira, larrialdi abisu baten lehenengo katebegia baitira; zentral horiek, bestalde, zentro neurologikoak dira, non informazioa bildu eta kudeatzen baita, eta erabakiak hartzen baitira, gorabehera bakoitzari erantzuteko jardun behar diren baliabideak koordinatzeko.

Zentro horiek urtean 365 egunez eta 24 orduz lan egiten dute, eta askotariko funtzioak betetzen dituzte, besteak beste: SOS DEIAKen erregistratzen diren larrialdi abisuak jaso; larrialdiak tipologiaren eta larritasunaren arabera sailkatu; dagokion suhiltzaile etxeko baliabideak eta bitartekoak aktibatu; gorabehera geolokalizatu eta mapan kokatu; ibilbide eta sarbide egokienak erabaki; uneoro jardunean ari diren aginte eta baliabideekin komunikatu; eragindako beste agentzia batzuekin koordinatu; esku-hartzearen agintedunak eskatzen dituen baliabide eta bitarteko gehigarriak mobilizatu eta eskatu; gertuen dauden hidrante eta ur-hartuneak lokalizatu; eta, azken buruan, laguntza logistikoa eman jarduten ari diren baliabide operatibo guztiei.

Funtzio horiek guztiak ezinbestekoak dira suhiltzaileak lehenbailehen eta ahalik eta egoera onenean iritsi, gorabeherari eraginkortasunez aurre egin eta jarduten diren gainerako baliabideekin koordinatuta lan egin ahal izateko. Gainera, parkeen eta baliabideen eguneroko kudeaketan oso garrantzitsuak diren beste zeregin batzuk ere badituzte: mantentze eta konponketa lanen abisuak ematea, abisuak jasotzea, langileen agiriak kudeatzea (altak, bajak, aldaketak, eta abar), askotariko txostenak egitea, parkeko barne komunikazioak jasotzea, edo parkeko flota eta baliabide operatiboak kudeatzea.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube