Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/05/22

Oriaburuko coworking espazioa enpresa ideia-emaria garatzeko gune

Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “helburua ez da soilik lanerako gune bat edo hemen dituzten zerbitzuak partekatzea, baizik eta lankidetzarako aukera berriak ematea inguru dinamiko, ireki eta malgu batean; autoenpleguko proiektuak garatzeko lankidetzako gune bat izan nahi du, gizarte-ekintzailetzara eta sarean lan egitera bideratua”
Olatz Peon

Zabalik da Tolosako Oriaburu eraikinean Udalak ireki duen coworking espazioan izena emateko epea: ekainaren 26a bitarte aurkez ditzakete interesatuek beren proposamenak www.emari.eus web orriaren bitartez edota fisikoki Udalean bertan. Espazioa aurkezteko baliatu dute deialdiraren xehetasunak eskaintzeko prentsa agerraldia. Bertan izan dira Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea, eta eskualdeko bi ekintzaile: Iñaki Gereñu eta Iker Alkorta. Biek Tolosaldea Garatzeneko hazitegietan hartu dute parte, eta ekintzailetza oinarri izan duten esperientzia izan dute hizpide.

Emari. Horrela izendatu du Udalak ekintzaileen erreferentziazko berrikuntza eta sormen zentroa izatea asmodun Oriaburuko coworking gunea. Emakumeek antzina arropak garbitzeko erabiltzen zuten moduan oinarritu da guneari nortasuna emateko unean. Garbitegiak edo harraskak erabiltzen zituzten, eta bertan elkartzen ziren emakume guztiak, beraien eguneroko zaintza eta garbiketa lanetatik irtenda. Sozializaziorako gunea zen beraientzat. Alkateak adierazi eran, Ur emari horretatik abiatuta, ideia sorta hori “elkarlanean landu eta irtenbidea ematea du oinarri. Finean, helburua ez da soilik lanerako gune bat edo hemen dituzten zerbitzuak partekatzea, baizik eta lankidetzarako aukera berriak ematea inguru dinamiko, ireki eta malgu batean. Hala, sormena, komunikazioa eta esperientzia- eta ezagutza-trukea sustatzea, elkarrekin ideia eta proiektu berriak sortze aldera, 'Emari'-ko kideek elkarlanean. Beraz, autoenpleguko proiektuak garatzeko lankidetzako gune bat izan nahi du, gizarte-ekintzailetzara eta sarean lan egitera bideratua. Eta aldi berean, enplegu sortzaile izatea, krisi ekonomikoari eta langabezi arazoari aurre eginez”.

7 egunez eta 24 orduz erabilgarri egongo da Emari. Enpresa batekin hasi nahi duen ororen, eratutako enpresa batekin jarraitu nahi, edota unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasle bazara, zure gunea da hau. Guztira 10 ekintzaile/enpresentzako lekua dago, bere bilera gela, sukaldea eta komunarekin. Lanerako postu atsegina, hainbat zerbitzurekin: formakuntza eta aholkularitza, interneta, inprimagailua, publizitatea eta beste hainbat. Baita eraikineko beste hainbat gune amankomun ere.

Baldintzei dagokienean, hilabeteko 50 euroko kostu bakarra izango du pertsonako. Eta gutxienezko 6 hilabeteko epean eta gehienezko 3 urtean egon daitezkeela hemen, proiektuak abiadura har dezan. Sarbidea librea izango da, identifikazio-txartel bidez.

Oriaburu, garapen ekonomikora bideratutako eraikina

2016an kokatu zen Tolosa&Co Merkatari Elkartea lehen solairuan eta hainbat ekitaldi antolatu ditu Udalak bertan alor honi lotuak: Tolosako I. Enpresa Eguna esaterako. Alkateak azpimarratu du ekonomiaren martxa onak bermatzen duela “kalitatezko eta unibertsalak” diren zerbitzuak eskaintzea. Langabezia tasa %10etik behera kokatu da 2018ko apirilean, eta beheranzko joera mantentzen du. “Jakin badakigu, jarduera ekonomikoa Tolosan, neurri handi batean, pyme eta enpresa txikiek eusten dutela. Bide horretan, Tolosaren lehiakortasuna bermatzea funtsezkoa da eta horretarako, hainbat proiekturi egin zaie bidea: enplegu eta ekonomia plana, Usabal industriagunea modernitzatzeko azterketa Sprilurrekin elkarlanean, Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoa, ekainean zabalduko den alojamendu eta ostalaritza proiektua Euskal Herria Plazan, Lanbide Heziketaren sustapena, azoka tarteko, eta beste hainbat. Orain, Oriaburuko lehen solairua hartuko du Coworking guneak”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube