Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/05/11

Euskal Herri mailan egingo den Euskaraldiarekin bat egin du Donostiak.

Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da ekimen honen helburua. Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman-sareetan euskaraz aritzeko gonbita egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.
Eneko Goia

Euskal Herri mailan egingo den ekimenarekin bat egin du Donostiak. Donostiako Euskaraldia eta Hamaikakoa aurkeztu dute gaur goizean Tabakaleran egin duten prentsaurrekoan. 

Bertan izan dira: Eneko Goia, Donostiako alkatea; Ane Loidi, Bagera euskaltzaleen elkarteko ordezkaria; Garazi Urrosolo, auzoetako batzordeetako kideen izenean eta Ander Aizpurua, Kutxa fundazioko zuzendaria, dagoeneko martxan dauden hainbat entitateren izenean. Hantxe izan dira Donostiako hamaikakoa osatzen duten kideak ere, erreferentziazko herritarrak, ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboak. 

Eurekin batera, Euskaraldiarekin bat egin eta dagoeneko martxan dabiltzan auzoetako batzordeetako kideak, ordezkari politikoak eta sustatzaile diren erakundeetako kideak izan dira aurkezpenean. 

Antolatzaileek azaldu duten modura, 2018ko azaroan abiatuko da euskararen lurralde osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimen handia, eta Donostia ere parte aktibo izango da. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz, Euskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da lehenengo Euskaraldia. 

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman-sareetan euskaraz aritzeko gonbita egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz. 

Gaur aurkeztutako ariketa sozialak, baina, epe luzeagorako ibilbidea izango duela azaldu dute Euskaraldia aurkeztu duten eragileek. 

Donostiako alkate Eneko Goiak euskararen erabilera errazteko erakundeetatik lan egin behar dela nabarmendu du: “ Donostian euskaraz bizi daiteke. Inertziak hautsi eta ohiturak aldatzeko aukera norbanakoon esku dago, baina ezinbestekoa da taldearen babesa, erakundeena. Gure funtzioa babeslea, legitimatzailea eta biderkatzailea izango da. Baina hori ez da nahikoa. Erakunde publikook herritarren eredu izan behar dugu. Gure betebeharra da hori. Eta gure konpromisoa”. 

Mariano Ferrer eta Barbara Goenaga izan dira Donostiako hamaikakoaren izenean hitz egin dutenak. Lehena belarriprest moduan arituko da eta bestea aldiz, ahobizi-en ordezkari. Bakoitzak ekimen sozial honetan parte hartzeko bere argudioak eman ditu. 

Zer da Euskaraldia?

Euskaraldia hizkuntza ohituren aldaketan eragitea helburu duen ariketa soziala da

  • 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da lehen Euskaraldia, 11 egun euskaraz lelopean.
  • Euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu Euskaraldiak, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.
  • Azken bi urteetan hainbat herritan martxan izan diren dinamikak euskararen lurralde osora zabaldu nahi dituzte antolatzaileek.
  • Euskal Herri mailan egin den proposamen honekin bat egin dute Donostiako hainbat erakunde eta gizarte eragilek, eta elkarlanean aurkeztu dute Donostiako euskal hiztunak aktibatzea helburu duen ekimena.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube