Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/04/10

Foru Aldundia Gipuzkoako 89 herrietara iritsiko da aurten, herritarrak entzuteko eta proposamenak jasotzeko

Gaurtik hasita eta ekainaren 30era bitarte, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal izango dute Foru Aldundiaren 2019ko aurrekontuen osaketan eta Gipuzkoaren etorkizunaren diseinuan, Aurrekontu Irekiak ekimenaren bitartez. Atzo hasi zen aurrekontu irekien prozesua Aian; aurrez aurre zein internet bidez parte hartu ahal izango da
Imanol Lasa

Aurten ere, herritarren lehentasunak eta proposamenak, zein etorkizuneko kezkak jasotzea du helburu Aldundiak, aurrekontuetan isla eduki dezaten. Nabarmen indartuta hasi du bere ibilbidea prozesuak: iraupena luzatu da –hiru hilabete-, eta baita irismena ere. Izan ere, Diputatuen Kontseiluaren ondoren Imanol Lasa foru bozeramaileak argitu duenez, aurreneko aldiz Aldundia aurrez aurre iritsiko da lurraldeko 89 udalerrietara, herritarrek helarazi nahi dituzten behar eta iradokizun guztiak “pertsonalki eta bertatik bertara” jasotzeko asmoarekin.

gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean kontsulta daiteke bisiten egutegia, aurrekontu irekien atalean. Atzo hasi ziren, Aian, eta Alegin eta Andoainen jarraituko dute bihar eta etzi, eskualde guztietara iritsiz. Iaz bezala, karpa jarriko du Aldundiak. Arretarako teknikariak izango dira bertan, parte hartzeko interesa dutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, herritar guztiak parte hartzera animatzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko. Ordutegi jarraian egongo da karpa zabalik, 10:00etatik 19:00etara, 54 udalerritan. Gainerako herriekin, biztanle gutxien dituztenekin, aurrez aurreko topaketak egingo ditu Aldundiak.

16 urtetik gorako herritar guztiek, eta herritar kolektiboek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, esku orria bete eta karpan utziz. Tokian tokiko erregistroetan, eta Gipuzkoa Plazan –beheko solairua- kokatutako herritarren arretarako eta informaziorako gunean ere entregatu ahal izango dira. Guztira 310.000 esku orri inguru bidali dira Gipuzkoako etxeetara, herritarrei ahalik eta erraztasun gehien emateko. Doan bidal dezakete frankeo ordainduaz, banatu den gutunazala erabilita. Dokumentu horretan, Aldundiaren jardueraren kopuru, datu eta proiektu nagusien berri ematen da, eta baita Etorkizuna Eraikiz dinamikaren baitan, adinekoen arretari, elektromugikortasunari, edota zibersegurtasunari lotuta garatzen ari den etorkizuneko proiektu estrategikoei buruzko informazioa ere.

Arretarako eta partaidetzarako, aurrez aurreko kanalak eta birtualak uztartuko ditu prozesuak aurten ere, gipuzkoar biztanlegoaren estratu guztietara iritsi ahal izateko. Hala, hasieran aipatutako epe berean, internet bidez parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Plataforma berritu da partaidetza errazteko eta kanal horren erabilera sustatzeko. Proposamenak helarazteaz gain, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak zeintzuk diren zehaztu ahal izango da. “Etorkizuna Eraikiz gizarteratzeko apustuaren barruan, guztion kezkak eta ideiak jaso nahi ditugu, geroa elkarlanean eraiki ahal izateko, martxan dauden proiektuak aberastuz, eta berriak martxan jarriaz”, esan du bozeramaileak.

Gainera, topaketa agenda estua prestatu da aurten ere. Horren baitan, Lasak eta Joseba Muxikako Herritarren Partaidetzako zuzendariak, ikasleen, adinekoen, ekintzaileen, enpresen, eta hainbat arlotako eragile eta ordezkarien ekarpenak entzungo dituzte: kultura, kirola, boluntariotza edo gizarte politika. Partaidetza@gipuzkoa.eus posta elektronikoan, eta 943 113960 telefonoan, proposamenak bidaltzeko epea zabalik dagoen bitartean, interesa duten guztiek informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute horiek prestatzeko.

2017ko balantzea

Iazko prozesuaren datuen berri ere eman da gaurko agerraldian. Guztira, 2.859 lagunek parte hartu zuten, eta 4.448 proposamen bidali zituzten guztira, aurreko urteko kopuruak nabarmen gaindituz -2016an 1.547 parte-hartzaile izan ziren, eta 1.168 proposamen-. 4.448 eskaera horien % 61 2018ko aurrekontuetan islatu dira. Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentua izan zen eskaera gehien jaso zituena, 807; Gizarte Politiketakoak 795 jaso zituen, eta Mugikortasuna eta Lurralde Orekakoak, berriz, 622.

Kontu ematearen aldeko apustuari jarraituz, ekarpen horiek guztiak departamentu bakoitzeko teknikariek osatutako memoria batean jaso dira, arrazoitzen duena zeintzuk onartu ziren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Memoria hori aurretik aipatutako partaidetzako webgunean kontsulta daiteke. Gainera, parte hartu duten herritar guztiek erantzun pertsonalizatua jaso dute, eta onartuak izan diren eskaerak egin dituztenak, nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango dute. “Herritarrek ez digute eskatzen entzutea soilik. Erantzuna nahi dute, argudioekin eta baita beraien iradokizunak nola txertatzen diren ebaluatu ahal izatea ere. Konpromiso hori hartu dugu eta betetzen jarraitzea da gure asmoa”.

Perfilari dagokionez, parte hartu duten pertsonen erdia baino gehiago (% 58) emakumezkoak izan ziren, eta batez besteko adina, 48,6 urte. Parte hartzeko erabili zuten bitartekoari dagokionez, gehienek (% 83) aurrez aurre parte hartu zuten, Gipuzkoan herriz herri ibili zen karpetara joanda; % 8k webgunearen bidez parte hartu zuten; % 6k, elkarteekin izandako topaketetan; eta % 3k, lurraldeko etxebizitza guztietara bidali zen galdetegia osatu eta bidalita. Horrez gain, gizarte elkarte eta erakundeekin bilerak egin ziren (28), eta 527 pertsonak parte hartu zuten horietan.

Lasak azpimarratu duenez "identifikazio maila handia” dago herritarrek adierazitako lehentasun eta kezken, eta Foru Aldundiak legealdi honetarako ezarritako proiektu estrategiko nagusien eta aurrekontu sailen artean, batean zein bestean ekonomia eta etorkizuna aipatzen baitira.  Iazko aurrekontu irekietan parte hartu zuten pertsonek enpleguaren eta gizarte politiken aldeko apustua egin zuten nabarmen. Lehen arlo horretan, gehien errepikatutako eskakizuna izan zen, oro har, ekonomia sustatzera bideratutako politikak garatzea eta, bereziki, enplegu egonkorra, duina eta kalitatezkoa sortzea.

Bozeramailearen arabera, emaitza horiek berresten dute, ekonomiak susperraldi zantzuak eman arren, gizarteak etorkizunarekin kezkatuta jarraitzen duela, eta kezka horri gobernantza kolaboratiboan sakonduz eman nahi dio erantzuna foru erakundeak.  “Jendeak argi eta garbi esaten du kalitatezko enplegua ezinbestekoa dela bizitza proiektu duina garatzeko, desberdintasunak murrizten jarraitzeko, eta erakunde publikoentzako baliabideak lortzeko, gizarte laguntzako gure sistemari eusten jarrai dezaten, bereziki gizartearen zahartze prozesua ikusita, herritarrak gero eta sentsibilizatuago baitaude erronka horren aurrean". Hori dela-eta, gipuzkoar guztiei dei egin die 2019ko aurrekontuetarako beraien premiak eta nahiak adieraz ditzaten, balio publikoaren sorkuntzan ardura hartuz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube